Felipe Uriarte
FUJI SAN-ETIK GOSAIKUND-ERA

Bidea

2024ko azaroaren 5a
05:00
Entzun

Mendizaleak gailurrera jotzen du, han du bere helburua. Baina hainbat gailurretara heldu ondoren, ulertzen du mendira joateko arrazoi nagusia bidean dagoela. Ertz eder horretatik gora, mendiz inguraturik, elur printza distiratsuak linternaren argipean. Lurrak bere bidaia siderala egiten duen bitartean, espazioan hegan eginez, mendizalea, planetaren azalean pausoz pauso, barne bidaia ari da egiten: bere neke, beldur eta itxaropenen berri jakiten. Eta soka-taldeko denek, isiltasunean, sentimendu oro partekatzen dute. Gelditu dira. Te beroa eskaini diote elkarri; pikuak, txokolatea, begirada bat. Hemen dago egunsentia, hotzak bere haginak zorroztu ditu.

Xerpak, ilunpean, bide okerra hartu, eta mendebaleko lepora eramaten duen korridorean daude, neke handiz gora egiten.

Eguna argitu orduko Yara Ri mendiaren mendebaleko lepoxkan daude, elurrez gainezka dagoen gailurrera daraman ertza begira.

—Biderik ez —Pembak—. Ezin da.

Ngimarekin sokara lotu eta hurbildu dira. Eski makilak baino ez dituzte. Elur biguna zapaltzen doaz, pauso bakoitzak denbora asko eskatzen du.

Mendizale taldea Yara Ri mendiaren atariko gailurrean.
Mendizale taldea Yara Ri mendiaren atariko gailurrean. FELIPE URIARTE

Harkaitzezko dorre txiki bat da oztopoa: V. mailako pausoa. Ezker-eskuma elurra. Ezin. Atzera egin behar.

Gailurraren aurreko gailur ahantzian daude, gailurreko otoitz-ikurrinak begi-bistan. Bertan da gailurra, eta hain urrun! Toki ederrean, baina ez gailurrean. Egindako bidearengatik pozik, tristuraz gailurrera helduko ez direlako. Azkenean, beheranzko lehen pausoa eman dute, beheko kanpalekurantz, hura baita egiazko gailurra. Eta kanpalekura iristeko emango duten azken pausoa hurrengo gailurrerako abiatzeko lehendabiziko pausoaren aurrekoa izango dute.

Hotza, izotza,
izartutako bideen
jaun-andereak

Lama Hotel (2.500 m), Langtang
2024 urriaren 27a

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.