Bide malkartsua aurrean

Paquita Bretos eta Pili Ganuza mendigoizale aitzindariei omenaldia egin diete Belaguan. Gizonez inguraturik egin zuten beren ibilbidea mendian. Oraindik ere gizonak dira nagusi mendiaren eremuan, are nabarmenago alor profesionalean. Berdintasunaren bidean pausoak emateko deia egin dute andre mendizaleek.

Pili Ganuza. Jose Mari Artetxe eta Pili Ganuza, Cho Oyu mendiko tontorrean, 1992. urtean. GREGORIO ARIZ.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Mendia ere gizonek hartutako eremua izan da luzaz. Oraindik ere, nagusi dira. Horregatik, garrantzi berezia izan zuen irailaren 12an Nafarroako Belaguan egindako omenaldiak. Angel Oloron aterpearen 50. urteurrena dela-eta, zenbait mendizale omendu zituzten; tartean, bi emakume aitzindari: Paquita Bretos eta Pili Ganuza. Bide malkartsua izan dute biek, baita mendira atera ziren beste emakumeek ere. Mendizaletasunean ikuspegi feminista bat txertatzeko beharra aipatu dute zenbait emakume mendizalek.

Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundearen datuen arabera, oinarrizko mendizale federatuen artean %36 dira emakumeak gaur-gaurkoz. Alor profesionalean, gainera, izugarri jaisten da ehuneko hori. Adibidez, mendi gidarien artean %3 dira emakumeak. Ana Diez de Ure federazioko genero berdintasuneko batzordekideak eman ditu datuok: «Mendi gidarien lanbideak agenda feminista behar du, eta beharrezkoa da alpinismoaren profesionalizazioan benetako apustua egitea berdintasunaren alde».

Diez de Urek uste du garrantzitsua izan zela Bretos eta Ganuzaren omenaldia, mendiaren mundua «androzentrikoa» izan delako, «esparru guzietan bezala». «Emakume gehienak beste-ak izan dira: Pili Ganuza, Gregorio Arizen emaztea, eta Paquita Bretos, Angel Oloronen emaztea. Hori baino askoz gehiago izan dira; horregatik aipatu behar da mendian izan zuten garrantzia».

Paquita Bretos Pasai Antxon (Gipuzkoa) sortu zen 1927an, eta 1940ko urteetan hasi zen mendira joaten. Nafarroako Kirol Elkarteko lehenbiziko federatuetako bat izan zen. Hasieran, lau gizonekin joaten zen mendira. Hark kontatua da emakumeak ezin zirela ostatuetan sartu, eta besteek kanpora atera behar izaten ziotela jan-edana. Ez hori bakarrik: «Hasi nintzenean, gogoan dut galtza-gonarekin joaten nintzela mendira. Behin, galtza-gona eta galtzerdiak jantzi nituen, baina mendian elur anitz zegoen, eta gorriak pasatu nituen», kontatu zion Nafarroako Hitza-ri.

Diez de Urek Bretos aldarrikatu du, «aitzindaria» eta «transgresorea» izan zela goraipatuz: «Erreferente bat da, eta oraingo gazteek ez dute ezagutzen. Orain emakume gazte asko joaten dira mendira, baina ez dute erreferenterik».

Beste belaunaldi batekoa da Pili Ganuza; Iruñean sortu zen, 1948an. Hura ere goraipatu beharreko aitzindaritzat du Diez de Urek. Omenaldia jasota, «ilusio handia» egin diola aitortu du Ganuzak. Aurretik Euskal Mendizale Federazioak egina zion omenaldi bat. «Nire belaunaldiak ez du batere erraza izan», kontatu du. Eskalada ikastaroa egin zuen bere senar Arizekin batera, baina orduan emakumeak eskaladan aritzea gaizki ikusia zegoela ohartarazi du.

«Ama txarra»

Ez hori bakarrik; ama mendigoizalea izateagatik sekulakoak aditu zituen: «Ama txartzat jo ninduten Nepalera edo Pakistanera joateagatik. Baina sekula ez dut aditu nire senarra aita txarra zenik. Sekula ez. Horrek min handia egiten zidan». Halako epaiak gizarteak egiten zizkiola esan du, ez bere kideek. Inguruan babes handia izan du; beharrezkoa zuen aurrera egiteko: «Familiak asko-asko lagundu dit, bestela, hau ezinezkoa litzateke: nire alabak beti ongi zaindu dituzte familiakoek». Babes horri esker igo zen Cho Oyura eta Mc Kinleyra. Aurretik egona zen hainbeste menditan ere: Ansabere, Mont Blanc, Cervino, Kilimanjaro, Tubkal, Peruko Andeetako Chopicalqui eta Himalaiako Dhaulagiri.

Eremu profesionalean ere egoera zaila aurkitu dute mendian aritu nahi zuten emakumeek. Hori aski ongi daki Sonia Casasek. Bilbon sortu zen, 1972an. Txikitatik kirolari amorratua izan zen, eta zenbait kiroletan aritu zen mendian hasi aurretik. Kristau talde batekin igotzen zen mendira, eta horrek eraman zuen gero eskaladara. Eskalada ikastaroko neska bakarra zen. «Katu oinak oparitu zizkidaten, irrikaz ikusi nindutelako», kontatu du. Beti gehiago nahi izaten zuen: «Taldeko neska nintzen, eta sineskorrena. Hori bai, ikusten nuen oilartxo asko nuela inguruan».

Une batean gizon haiek baino hobeki eskalatzen zuen arren, taldean gutxiago zen hala ere. «Deseroso sentitzen hasi nintzen». Ez horregatik bakarrik: «19-20 urterekin, denek nahi zuten ligatu, eta nik eskalatu egin nahi nuen». Emakume gutxi ziren eskaladan, eta ez zituen ezagutzen. Bere bidean jarraitu zuen, eta Himalaiara egindako espedizioan jakin zuen mendi gidarien lana bazela. Kataluniako eta Aragoiko eskoletan aritu zen, baina dena ez zen gozoa izan: «Alpinista batek ohartarazi zidan: 'Jakin dudanez, galdezka ari dira, ea zertan ari den emakume bat hemen. Prestatu zaitez, zaila jarriko baitizute'. Eta hala izan zen».

Atzera begira, Casasek gogor hitz egiten du jasan zuen diskriminazioari buruz. «Harriturik nago egoera hau ez delako aldatu, eta ez da deus egiten aldatzeko», kritikatu du. «Urte luzez pentsatu nuen gizonekin parekatzea zela neure buruari balioa onartzeko manera. Erabat oker nintzen. Esaten dute mendiak ez duela sexua kontuan hartzen; bain rolak gizakiari dagozkio». Gizonei eta emakumeei kiroletan maila bera eskatzea diskriminatzailea dela salatu du Casasek. «Ez da batere bidezkoa; horrelakoekin emakumeak gutxietsi, diskriminatu eta oztopoak jartzen zaizkie».

Ez hori bakarrik: denei baldintza berak eskatuta, emakume askok bidea uztea erabakitzen dute. «Ni ausarta naiz, eta buruberoa; baina emakume guziek ez dute zertan horrelakoak izan. Nik gehiegizko esfortzua egin dut». Kontzientzia hartu eta gizonak nagusi diren lanetan benetako neurriak hartzeko beharra aipatu du Casasek. Esaterako: «Probak sexuaren eta adinaren arabera egin beharko lirateke».

Diez de Urek ere esan du berehala heldu beharreko gaia dela sexu berdintasunarena: «Plangintza bat behar da, ikerketa bat egin egoera aztertzeko, eta, horretarako, emakume mendizaleak aintzat hartu behar dira. Zergatik doaz hainbeste emakume autobusean mendira eta zergatik dute hain gutxik ogibide?». Mendizale elkarteetan ere emakumeak sartzen hasi diren arren azpiegiturak ez direla aldatu ohartarazi du Diez de Urek. «Caridad Velez izan zen Nafarroako federazioko lehenbiziko lehendakaria, baina erabakiak gizonek hartzen zituzten». Oraingo batzordean emakumeek zeresan handiagoa dutela uste du.

Beste urrats bat egiteko deia ere egin du Diaz de Urek: «Ikuspegi feminista txertatu behar da; horrela aldatuko dira gauzak». Egoera aldatzen ari dela onartu dute denek, nahiz eta bide luzea duten aurrean, oraindik ere. «Nik ama izateari muzin egin nion lanbidearengatik. Gaur egun, badira ama diren mendiko gidariak», kontatu du Casasek. Hala ere, gutxi dira gizonekin alderatuz gero. Eskaladan ere, beste egoera bat ikusi du mendi gidariak: «Etxaurin mutil adina neska daude eskalatzen; kontua da goi mendiaren eremuan oraindik oso gutxi garela andreak». Horregatik, normalki emakumeak gizonez inguraturik joaten dira. «Taldeko azkena izatea dakar horrek», esan du Casasek. «Azkenerako, nazkatu egiten zara».

Emakumeen ahalduntzea

Horregatik, begi onez ikusi ditu azkenaldian sortu diren emakumezkoen taldeak. Horrela «lasaiago» joaten direla uste du, eta errazago animatzen direla; beraz, ahalduntzeko modu bat ere bada. Izan ere, oinarrizko kontuetatik hasita ikus daitezke gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak: «Pixa egitea, adibidez. Taldean goazenean, gizonek itzulia eman, zakila atera, eta pixa egiten dute. Emakumeek, normalki, bi kilometrora joan behar dugu, eta pixa egiteko ezkutatu, gaizki ikusia dagoelako». Hori ez da gertatzen emakumeen taldeetan: «Berdinen artean lasaiago zaude, eta erosoago».

Ganuzak itxaropentsu begiratu dio etorkizunari. «Orain ikusten dut neska kuadrillak mendira joaten direla». Ez zen horrela bera hasi zenean. «Espero dut nahi duenak aukera izan dezala mendira joateko, ez dezatela guk bezain zaila izan». Gailurra non den argi dute; orain, aldapan gora igotzen segitzea falta da. Gogoa badute, eta, aitzindariek irekitako bideari esker, gorago iritsi dira. Baina bide malkartsua dute oraindik aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.