Mendi lasterketako korrikalari gehienek ez dute korrika egingo berriro euskal selekzioaren elastikoarekin. Hala zioen 2021eko mendi lasterketetako euskal selekzioko korrikalari guztiek sinatutako oharrak. Zuzendaritza batzordearekin izandako desadostasunek eta ika-mikek piztu zuten metxa, eta zuzendaritza taldeak 2022ko denboraldian egungo hautatzaileei ez eusteak lehertu zuen dena. Zuzendaritza berria 2021eko martxoan hasi zen lanean, hauteskundeak egin ondoren. Mendi federazioak handik astebetera kaleratutako oharrean jakinarazi zuen «gardentasuna» nahi duela korrikalarien hautaketan. Bi korrikalariren eta hautatzaile baten testigantzak bildu ditu BERRIA-k.
GAIZKA BARAÑANO Hautatzailea
«Benetan mindu gaituena moduakizan dira»
Ez da urte samurra izan Gaizka Barañanorentzat, ezta gutxiagorik ere. Zuzendaritza berriarekin urte osoan izandako liskarrek kamustu diote denboraldia, eta amaiera ezin garratzagoa izan du: sasoi amaierako bileran jakinarazi zioten ez zuela karguan segituko. Azaldu duenez, datorren urteari heltzeko hitzartu zuten bilera, ea nola enfokatu sasoia. Bilera hasitakoan, baina, komunikatu zioten bi hautatzaileek ez zutela segituko, arrazoi argirik eman gabe. Esan zieten bi aldeen arteko harremana ez zela ona, zuzendaritza batzorde berria zirela, eta jende desberdina nahi zutela. Hauek izan ziren haien hitzak: «Oso ondo egin duzue, baina ez dugu zuekin kontatzen».
Ez dator bat federazioak kaleratutako oharrarekin, non argudiatzen duten karguak aldatzea erabaki dutela «desadostasunak» daudelako eta ez dutelako proiektuaren ikuspegi bera; korrikalariak hautatzeko irizpide batzuk ezarri ditu federazioak, eta ustez ez zituzten horiek betetzen hautatzaileek. Ez dago ados Barañano: «Horiek, funtsean, guk erabiltzen genituen berak dira». Adibide batzuk jarri ditu: «Aurrenekoa da Euskadiko txapelduna selekzioarekin joango dela. Hori beti betetzen dugu. Euskadiko Kopa eta halakoak ere beti hartu ditugu aintzat: Xabier Lete eta Mayi Mujika irabazi zutelako daude selekzioan. Nazioarteko probetako emaitzak ere kontuan ditugu: Unai Dorronsorok Espainiako Txapelketako ultra korritu du aurten, eta deitu genuen Frantzian lasterketa garrantzitsu bat irabazi zuelako. Orain arte erabili ditugun irizpideak dira». Beste kontu batek ere eman dio arreta: oraindik proiektua kudeatzeko hautatzailerik aurkeztu ez izanak.
Selekzioa «irekiagoa eta indartsuagoa» izatea nahi duela ere esan du federazioak, sarbide eta kudeaketa irizpide «gardenagoekin». Barañanok ez du uste talde itxia zirenik: «Azken bost urteetan 62 korrikalari pasatu dira euskal selekziotik».
Denboraldi osoan talka egin dute zuzendaritzakoek eta hautatzaileek. Sasoia nola joan den azaldu du Barañanosek, eta kritikatu du zuzendaritzakoak korrikalariekin aurrez adostuta zituzten baldintzak aldatzen saiatu zirela. Hortik sortu ziren desadostasunak. «Baldintza horiek beti txarrera joan dira». Gehiago sakondu du: «Korrikalari batzuk Munduko Kopara joaten dira. Abenduan komunikatu genien lasterkariei nortzuk izango ziren, eta zuzendaritza batzorde hau martxo-apiriletan hasi zen funtzionatzen. Izan genituen aurreneko elkarrizketetan, esan ziguten agian aurten Munduko Kopara ezingo ginela joan. Guztiz kontra posizionatu ginen; konpromisoa hartuta geneukan dagoeneko korrikalariekin, eta ordurako prest zeuden berehala hasiko ziren lasterketak korritzeko. Aurrekontu hori onartua zuen aurreko zuzendaritza taldeak». Erabakiarekin irmo mantendu ziren hautatzaileak, eta azkenean lortu zuten adostutakoarekin aurrera jarraitzea.
Baina hori hasiera baino ez zen izan. Beasaingo (Gipuzkoa) kirol denda batekin akordioa zuten mendi lasterkariek, eta, modu horretara, material guztia erdi prezioan eskuratu ahal zuten: «Laguntza handia zen korrikalarientzat». Denboraldi erdian, ordea, laguntza hori eten egin zieten. «Akordioa apurtu zen. Tentsio handiko bilera batzuen ostean, lortu genuen hiru zapatila pare erdi prezioan ematea, baina baldintzak aldatzen ziren».
Irailean, berriz, diru laguntza batzuk tarteko, zuzendaritzakoek hautatzaileei eskatu zieten Munduko Kopan geratzen ziren hiru probetara ahalik eta korrikalari gehien eramateko. Hiru lasterketak urrian ziren, eta Espainiako Kopako azken proba ere tartean zen. Munduko Kopako aurrenekoa, Madeiran (Portugal) jokatuko zena, gainera, ohi baino luzeagoa zen. «Esan genien ezinezkoa zela korrikalarien osasunaren ikuspegitik. Ezin genituen Madeirara eraman, eta gutxiago hamar egun lehenago abisatuta». Azkenean, ultrakoei proposatu zieten, baina haiek ere ezezkoa eman zieten, denbora tarte txikia zela eta. Zuzendaritzakoei jakinarazi zieten ezinezkoa zela. «Kontua da hurrengo egunetan korrikalari batzuek deitu zigutela, esanez euskal selekzioarekin beste hiru korrikalari joan zirela Madeirara. Zuzendaritzak, gure onespenik eta baimenik gabe, eta informatu gabe, hiru korrikalari deitu zituen lasterketa horretara joateko». Eta azpimarratu du: «Errespetu falta da hautatzailearekiko eta haren lanarekiko, baina baita korrikalariekiko ere». Azaldu du saiatu zirela zuzendaritzakoekin harremanak leuntzen, baina ez zela posible izan, haien gestioa tarteko. Adibide zerrenda luzea ematen segitu du.
Barañanok dio gertatutakoak «pena» eta «inpotentzia» ematen diola. Tristura ere sentitu du korrikalariengatik, eta eskertu egin die haiek emandako babesa. «Beti jarraitu nahi izan dugu proiektu honekin; oinordetzan jaso dugun proiektu bat delako, oso ondo lan egin duen jendearengandik». Eta gaineratu du: «Hautatzaile moduan, ulertu dezakegu gu alboratu nahi izatea. Baina molestatzen diguna da zer jarrera izan duten bederatzi hilabete hauetan, nola saiatu diren korrikalariekin abendutik adostutako baldintzak aldatzen. Hori izan da benetan mindu gaituena. Moduak izan dira».
MAYI MUJIKA Korrikalaria
«Zerbait egin behar genuen; horrelaez goaz inora»
2021eko mendi lasterketetako euskal selekzioko korrikalariek «onartezintzat» jo dituzte Euskal Mendizale Federazioko zuzendaritzak hartutako erabakiak, eta euskal selekzioaren elastikoarekin berriro korri ez egitea deliberatu dute. Tartean da Mayi Mujika korrikalaria. Zer gertatu den azaldu du: «Zuzendaritza berria sartu zenetik aldaketa asko egin nahi izan zituzten, jakin gabe bertako funtzionamendua zein zen».
Aurreneko gauza, diru kontuak zirela medio, Munduko Kopako parte hartzea zalantzan jartzea izan zen. Hautatzaileak borrokan ibili ziren, eta azkenean lortu zuten korritzea: «Konpromisoak hartuta zituzten gurekin». Hurrengoa, komunikazioko lan taldea kaleratzea izan zen: «Gure ustez, lana oso ondo egiten zuten». Eta, jarraian, Beasaingo kirol dendarekin zuten babes akordioa moztu zieten. «Hartutako erabakiak sortu ahala izan dira, eta gauzak ondo egin gabe».
Mujikak aitortu du hautatzaileak «zoro moduan» ibili direla urte osoan. Hala, sasoiari ekin zioten bik uztea erabaki zuten. «Eta geratzen ziren biak, baldintza batzuk betetzen baziren, behintzat, jarraitzeko indarrarekin sumatzen ziren». Federazioak eman zien kolpea, ordea, kargutik botata. «Urte osoan federazioak izan duen funtzionamendua eta hautatzaileek egin behar izan duten lana ikusita, kaleratuak izan direla jakitean erabaki genuen zerbait egin behar genuela. Horrela ez goaz inora». «Triste, amorratuta eta haserre» sentitu da Mujika.
Hartutako erabakiaren atzean ez dago oraingo hautatzaileen gaineko babesa soilik: «Urte hauetan guztietan jende asko egon da lanean proiektu hau sortzeko, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen etorri den zuzendaritza talde honek bederatzi hilabetetan dena pikutara bidaltzea».
Mujikari ez diote balio izan federazioak emandako arrazoiek. Uste du, gainera, lortutako emaitzak ez dituztela behar bezala baloratu: «Uste dugu haiek eskatzen dituzten irizpideak betetzen ditugula jada».
Gainera, datorren sasoiko Euskadiko Txapelketako ultra modalitaterako Domusa Azpeitiko lasterketa aukeratu du federazioak, eta, Mujikaren arabera, berez, lehen urtea izanda, ezingo zen sartu ez kopan ezta txapelketan ere. «Esperientziagatik eta beste. Guri edo selekzioari irizpide batzuk betetzeko eskatzen digute, eta haiek dira aurrenekoak ez dituztenak betetzen. Gainera, ultra txapelketako izen emateak beteta daude». Eta salatu du: «Horrek ez du inolako zentzurik; txapelketaren datak oraintxe argitaratzea dortsalik ez dagoen lasterketa baterako».
ASIER LARRUZEA Korrikalaria
«Hautatzaileak kaleratzea izan zen urak gainezka egiteko falta zen tanta»
Auziak eztanda egin zuen bileran egon zen Asier Larruzea korrikalaria: federazioak batzarrean jakinarazi zien gelditzen ziren bi hautatzaileek ez zutela karguan segituko: «Urak gainezka egiteko falta zen tanta izan zen hori». Azaldu du zuzendaritza batzordekoek hasieratik izan zituztela tentsio uneak hautatzaileekin: «Hautatzaileek gurekin adostuta zuten aurtengo egutegia, eta ez zuten nahi akordioa haustea». Horregatik hasi ziren tirabirak, eta etengabe jarraitu zuten: Agirre kirolak dendarekin akordioa amaitu zuten, hautatzaileei abisatu gabe beste hiru korrikalari deitu zituzten Madeirako Munduko Kopako lasterketara, azken probetara korrikalari guztiak joatea nahi zuten... «Azkenerako, nazkatuta geunden gauza horiengatik, eta nahiko nekatuta».
«Erreta» daudela ere esan du Larruzeak. «Dena konpontzea nahi dugu, baina badakigu oso zaila izango dela hauek [zuzendaritzakoek] jarraitzen badute». Euskal selekzioarekin berriro ez korritzeko erabakia hartzea zaila izan zela dio: «Hori ez da guk nahi duguna, baina uste dugu gelditzen zitzaigun aukera bakarra zela. Gauzak ez dira horrela egiten». Larruzearen arabera, badakite zuzendaritza talde berri bat sartzen denean gauzak beste modu batera egin edo zertxobait aldatu ahal dutela, baina iritzi dio egin nahi izan dutena «oso erradikala» izan dela. «Ez gaude prest orain arte lortu dena bertan behera uzteko».
Federazioak oharra kaleratu zuen handik astebetera, gertatutakoa argitu eta aldaketaren arrazoiak emateko. Ez du bat egiten Larruzeak: «Argudio horrekin ez gaude ados. Esaten dute selekzioa itxia zela, talde itxia, eta azken bost urteetan 60 korrikalari inguru pasatu dira; uste dugu hori ez dela horrela». Gainera, esan du federazioak zerrendatutako irizpideak «betidanik» egon direla selekzioan, eta hautaketa egiteko orduan horiek betetzen zirela.
Korrikalariek ofizialtasunaren kontua ere aipatu zuten oharrean, esanez berau lortzeko bidean aurrerapausoak eman nahi dituztela. Azalpenak eman ditu Larruzeak: «Orain arte Euskal Herrian Euskal Herriko Txapelketa eta Euskal Herriko Kopa egon dira, eta, justu oraintxe bertan, batzorde hau sartu zenetik, aldatu egin dute: Euskadiko Kopa eta Euskadiko Txapelketa izan dira. Hori ofizialtasuna aldarrikatzeko edo lortzeko atzerapauso handia izan dela uste dut. Horregatik esan genuen ofizialtasunerantz joan nahi badugu hori berreskuratu behar dugula, eta horrekin jarraitu». Konponbide bat lortu nahi dute, baina ez da lan makala izango.
Bide berriari, ezezkoa
Mendi lasterkariek euskal selekzioarekin berriz ez lehiatzea erabaki izanak hautsak harrotu zituen. Egun batzuk igarota, arrazoietan sakondu dute prestatzaileek eta korrikalariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu