Bidaia intimoa erroetara

Mendizaleek gailurrerako bidean lagun izaniko idazmakina, mapa, jakiontzi, arropa eta ikurrinak dira Donostiako San Telmon topa daitezkeen perletako batzuk. Euskal mendizaletasunaren mende bateko bilakaerari begiratu mardula eman dio museoak, Club Vasco de Camping elkartearekin. Maiatzaren 18ra arte egongo da erakusketa.

2 JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
Donostia
2015eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Euskal mendizaletasunari buruzko historia eta istorio franko. Afizioaren sustraiak eta hastapenetako bitxikeria esanguratsuak. Horiek eta askoz altxor gehiago daude Donostiako San Telmo museoan ondu duten erakusketan. Antxon Iturriza Aizpel historialariaren Historia testimonial del montañismo vasco osatzen duten hiru aleetan oinarrituta prestatu dute Mendia erakusketa, Club Vasco de Camping elkartearekin. Iragan astetik dago martxan, eta maiatzaren 18ra arte egongo da ikusgai. Bide urratzaile izan diren horien eginahalak azaleratu dituzte.

Euskal mendizaletasuna kirol, giza eta kultur ikuspegietatik aztertzen du. Alabaina, ez da mugatzen mendizaletasunaren istant historikoak azaltzera. Jatorrira jotzen du, erakusketako koordinatzaile Xabi Kerexetaren esanetan: «Ospea, balioekin sortzen duen identifikazioa, irrika kolektiboa, alderdi kultural, sozial eta erlijiosoak ere kontuan hartzen ditu».

Lau ataletan egituratu dute, afizioaren hariak mimoz eta tentuz josteko. Honela izendatu dituzte: Mendiaren aurkikuntza, Mendiaren liturgia, Konkistaren espiritua eta Mendia gure ispilu da. Urtez urte gizarteak mendiarekiko izaniko jarrera eta Euskal Herrian nola errotu den jorratu dute. «Kirol jarduera gisa duen loturaz harago jo dugu», dio Kerexetak.

Ustekaberen bat edo beste hartuko du bisitariak erakusketan: Edurne Pasabanek Everestera igotako ikurrina, Tximist espedizioko 16 mendizaleek 1974an bidelagun izandako jakiontziak, Alberto eta Felix Iñurrategi anaiek Himalaiara joateko erabilitako materiala... Perlaz josita dago erakusketa, oro har Euskal Herrian praktikatu den mendizaletasunak beti eduki baitu proiekzio sozial bat. «Hasiera-hasieratik, gainera», Kerexetaren aburuz. «Adarran ekin, Txindoki eta Aizkorritik segitu, Pirinioetatik jarraitu, eta Himalaiaraino heldu dira asko eta asko», zehaztu du.

Zientziaren eskutik egin zituen aurreneko urratsak mendizaletasunak. «Tontorrak hor egon dira beti, jakina. Hala ere, XVIII. mende bukaerara arte ez zen aisialdia ekintzatzat hartua izan». Begirada berri bat sortu zen orduan, baina XIX. mendeko bigarren erdialdera arte ez zen hasi prozesu hori garatzen. Paradoxikoa iduri lezakeen arren, Euskal Herriko bainuetxeetan ostatu hartzen zuten dirudunek hartu zuten irteerak atontzeko lema. «Arrasateko Santa Ageda auzoko bainuetxera etortzen ziren askok, kasurako, txangoak egiten zituzten Udalatx mendira», kontatu du Kerexetak. Zaletasunak, dena den, beste bide bat hartu zuen gero. Aparteko asmorik gabeko ekintza herrikoia kirol huts bihurtu zen. «Helburua orduan ez zen hain zientifikoa. Gailurrera iristea zen asmoa, lehena ailegatzea, muga geroz eta zailagoak ipintzea norbere buruari». Lehia eta erronka kontzeptuak hedatzea ekarri zuen horrek, eta bizi-bizi jarraitzen dute oraindik ere. Kerexetaren aburuz, haatik, uztargarriak dira bi modalitateak.

Mendia ere, gizartearen isla

Hazkundea bizkor samarra izan zen XX. mendeko lehenbiziko hamarkadetan. Gerrak eten bat ekarri zuen, ordea. Jasotako kolpetik berreskuratu, eta berealdiko indarra erdietsi zuen jarraian —«sekulakoa»—, eliteko mendizaletasunari toki garrantzitsua egiteraino. «Ordura arte gehienbat mendizaletasun herrikoia nagusitzen zen. Gerra ondotik, asko hedatu zen eliteko modalitatea».

Mendizaletasunak, justuki, XX. mende hasieran egin zuen jauzia herritar aberatsetatik apaletara, Bilbon. Bizkaiko hiriburua izugarri handitzen ari zen orduan: industrializazioa, kutsadura... Egoerak horrek zaletasuna hiriguneetan barreiatzea ahalbidetu zuen, Kerexetak dioenez: «Kale giroan deseroso eta itota sentitzen ziren asko, eta mendira joaten ziren. Ez soilik egunerokotasunetik irteteko eta esparru zikinetatik aldentzeko; baita arnasteko ere, haize garbi eta espazio libreen bila. Miguel Unamuno izan zen horietako bat». Federazioei, mendizaletasun herrikoiari eta irteera masiboak prestatzeari bide eman zion horrek. «Ohikoak iruditzen zaizkigu orain, baina orduan, nekeza zen herritarrak mendira joateko mobilizatzea. Ez zegoen autorik; bizikletan eta trenean joatea beste biderik ez zen mendi magaletara heltzeko. Hori gutxi balitz, igandero ere lan egiten zuten».

Zaletasunaren muinera jo nahi izan du erakusketaren koordinatzaileak: «Tontor txikiak dituen herrialde batean zergatik da hain handia zaletasuna? Oinarria oso errotuta dagoelako». Datu argigarriak eman ditu Kerexetak hori ulertzeko: Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako mila biztanletik hamalau daude federatuta mendian aritzeko —40.000 inguru dira, orotara—. Antzekoa da kopurua Katalunian. Espainian, berriz, nabarmen apalagoa da datua: mendi elkarteren batean izena emanda dutenen batez bestekoa lau lagunera ere ez da ailegatzen (3,6) mila biztanleko. Haren iritziz, tradizioa da zaletasunaren isla: «Ohiturak ez dira inprobisatzen, nonbaitetik datoz, sustraitu egiten dira, badute iragana. Beste toki batzuetan ez gehiegi». Uste du garai bakoitzak mendira joateko modu propioa izan duela, «beren kezka eta balioekin».

Urtebetetik gora hartu die San Telmo museoko arduradunei eta Club Vasco de Camping elkarteko kideei erakusketa osatzea. Horrez gainera, adituek gidatutako solasaldiak, film emankizunak eta familientzako tailerrak antolatu dituzte datozen asteetarako, euskal mendizaletasuna ardatz hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.