Izar mantu baten azpian proiekzioa eman izan du han eta hemen Julen Berrueko alpinistak (Gasteiz, 1996). Izarpean, «zeru zabalari begira» izandako eskalada eta bizipen onenak islatu izan ditu eskalatzaile gasteiztarrak emanaldi horretan. Adibidez, duela bost urte Adoldo Madinabeitiak, Babsi Vigl-ek eta hirurek Cerro Torreko Ferrari bidean eginiko eskalada; duela hiru urte Adolfo Madinabeitia eta Asier Perez lagunekin batera Pakistaneko Amin Brakk mendian eginikoa —Madinabeitiak berak, Jon Lazkanok eta Jose Carlos Tamayok 1996an hasitako bidea burutu zuten—, eta 2021ean Amaia Agirre bikotekidearekin batera Izenik Gabeko Dorre itzelean eskalatuko Eternal Flame bide entzutetsukoa.
Izan ere, azken sei urteotan Berrueko izar guztien azpitik eta glaziar guztien gainetik alderrai dabil, batera eta bestera bidaiatzen eta eskalada harrigarriak egiten. «Azken sei urte hauetatik aurreneko lauretan, furgonetan bizi izan nintzen, Amaiarekin. Etengabe eskalatzen eta bidaiatzen ibili ginen lau urte horietan, eta aldian behin etxera ere itzultzen ginen bisitan», jakinarazi du Berruekok. 2023ko urtarrilean, ordea, dena eten zen: Amaia Agirre bikotekidea eta Iker Bilbao laguna hil egin ziren, Patagoniako Fitz Roy mendian elur jausi batek azpian harrapatuta. Beste gar eternal bat piztu zen orduan. Gerozko bi urteotan, furgoneta utzita, beste era batera dabil bidaiatzen Julen Berrueko, Ameriketan barna batez ere.

Iazko udan Karakorum mendigunean (Pakistan) ibili zen eskalatzen, Mendebaldeko K7 mendian zehazki, eta handik bueltan hainbat hilabetez aritu zen lanean, sos batzuk biltzeko. Abenduan, berriz, Patagoniara itzuli zen, eta han dabil oraindik ere. «Bakarrik etorri nintzen, leku honek duen magiak erakarrita eta eskalatzeko beharrezko aldagai guztiak lerrokatuko zirela sinetsita». Iritsi berritan, bide bat irekitzen saiatu zen Fortaleza mendian, frantses batekin eta txiletar batekin, baina denboraleak atzera eginarazi zien. Alferrik egin zituzten pare bat egun erlaitz batean zain; eguraldiak ez zuen bekozkoa argitu.
Aurreko eskaladak
Barometroa erotu beharrean ibiltzen da Patagonian. Puerto Natalesera itzuli zen egun berean eguraldi ona zetorrela jakin zuen Berruekok, eta biharamunean berriro ere mendira jo zuen, bakarrik, Valle del Silencio ibarrera. «Han Peineta horman, Puro filete bidea (500m 6b+ A1) eskalatu nuen, duela gutxi txiletar batzuek zabaldu duten bide bat, eta Ipar Dorrean, El usar de la muerte, bide zailxeago bat». Bi egunean 2.000 metro eskalatuta eta bapo aseta jaitsi zen berriro Natalesera, eta handik egun batzuetara, Nicole Belmar txiletarrarekin batera, Cuerno Este eskalatu zuen, Vacaciones metamórficas bidetik. «Cuerno Este horma horrek hiru igoera baino ez ditu, eta oker ez banaiz, lagun txiletarrarena izan zen emakumezko batek eginiko lehen eskalada».
Eskalada horretatik Natalesera bueltan zela, Ruben Perez Ino errioxarrarekin egin zuen topo Berruekok. Ez bat eta ez bi, «zer, ba hator Riders on the Storm eskalatzera?», bota zion Inok. «Asmoa ero samarra iruditu zitzaidan hasieran, baina aurrera egitea erabaki nuen». Riders on the Storm. Gutxi izango dira mitoaren aintza hori duten alpinismoko bideak. Eternal Flame izan daiteke beste bat. Eta ez da kasualitatea bi bide horiek Kurt Albert eta Wolfgang Guellich handiek ireki izana, beste eskalatzaile batzuekin batera.
«Psikologikoki koska bat gorago igo izanak asebete nau gehien, halako baldintzetan neure baitatik hainbeste eman izanak»
JULEN BERRUEKOEskalatzailea
Kurt Albert, Wolfgang Guellich, Bernd Arnold, Norbert Baetz eta Peter Dittrich alemaniarrek zabaldu zuten Riders on the Storm (Zaldunak ekaitzean), 1991. urtean, eta jasan behar izan zituzten baldintza patagonikoen eraginez, The Doors taldearen abesti ezagunaren izena eman zioten lerroari. Bi urte lehenago zabaldu zuten Albertek eta Güllichek berak Eternal Flame bidea, Izenik Gabeko Dorrean, Christof Stiegler eta Milan Sykora lagunekin batera. Bi harribitxi horiekin erakutsi zuten zailtasuneko eskalada eraman zitekeela horma handietara eta altuerara ere. Albert, Guellich eta konpainiak ezin izan zituzten bi bideak era askean kateatu, baina garra piztuta utzi zuten, eta hurrengo belaunaldientzat laga zituzten erronkak. Iazko otsailean —33 urteren buruan—, hainbat sokaldik huts egin ondoren, lortu zuten Nico Favresse, Sean Villanueva, Siebe Vanhee eta Drew Smith eskalatzaileek bidea osorik era askean eskalatzea. Elkarrizketa honetan azaldu zituzten Favresek eta Villanuevak nondik norakoak.
Horregatik, Inok proposamena egin zionean, Berruekok ez zuen duda izpirik egin. «Iaz, Erdiko Dorrean bertan, ekialdeko aurpegian, Hegoafrikarra bidea eskalatu genuen, eta ikusten genuen Riders aldamenean, eta hara joaten zitzaigun begirada. Hormari behetik erreparatzen diozunean, begiek lerro horretan gora eramaten zaituzte. Erdi-erditik, ingurune bertikal eta gogorrenetik. Egunen batean bide hori egitea amesten nuen. Aldi berean, errespetua ere banion, bai bainekien konpromiso handiko bidea zela».

Berruekori eta Perezi ia urtarril osoa joan zitzaien materiala garraiatzeko eta hormaren beheko zatian sokak finkatzeko lanean. Lehen aste horietan denetarik izan zuten, eguraldi on samarreko tarteak ere bai. «Beheko partea, zokaloa, bustia egon arren, lan egin zitekeen, eta ez genuen izan gero hormara sartu ginenean adinako hotzik. Beraz, egun gehienetan katu oinekin eskalatu ahal izan genuen, artifizialeko luzeak izan ezik», azaldu du Berruekok. Lehen kanpalekua 13. luzean ezarri zuten, lurretik 600 metrora.
Otsailaren lehenean sartu ziren hormara bizitzera. Lan kontuak tarteko, Inok ez zuen aukerarik egonaldia nahi beste luzatzeko, eta, beraz, eguraldi iragarpenei askorik erreparatu gabe egin zuten behin betiko ekinaldia. Kale edo bale. Eta hormaren erdi paretik gorako eskaladan bai, Patagoniako eguraldi makurrak gogotik zafratu zituen. «Hamahiru egun egon ginen lehen kanpalekuan, eta katu oinekin tarte gutxi batzuetan baino ezin izan genuen eskalatu. Hotz handia egin zuen egun haietan. Sentsazio termikoa -10 gradukoa zen egun askotan; igo genituen ur bidoi guztiak izoztu egin zitzaizkigun».
Errusiar mendi bat
Hotza zela eta, gehien-gehiena botekin eta artifizialeko teknikak baliatuz eskalatu zuten. «Tarteren batean katuak jarriz gero, akabo, gero jada egun osoan ez genituen oinak sentitzen». Artifizialean joan behar izateak neketsuagoa eta motelagoa egin zuen eskalada. «Zenbaitetan, luze bat eskalatzeko hiruzpalau ordu behar genituen, eta gehienez bi egiten genituen segidan. Halako hotza zenez, ezin zen askorik iraun. Izoztuta jaisten ginen hamakara, ura berotzera eta berotan egotera». Halakoetan, hamakaren metro pare ziztrin horretan irautea, egonarria, ez etsitzea bihurtzen dira gakoa. «Horman irauteko tenple hori Adolfo Madinabeitiak irakatsi dit. Zortekoa naiz, hainbat espedizio egin baititut harekin, eta patxada hori izaten erakutsi dit, indarrak dena eman behar denerako gordetzen, energia ez alferrik xahutzen...», nabarmendu du Berruekok.

Hormari pixkanaka metroak harramazkatuz, beste 300-400 metro soka finkatu zituzten, bidearen ikurretako bat den sabaiaren azpiraino. Beheko hamaka desmuntatu eta gora jaso zuten kanpalekua, 26. luzearen pareraino. Egun horietan, eguraldiak gogor zigortu zituen, eta, astinaldi bakoitzeko, gailurreko aukerak ihesi zihoazkiela sumatzen zuten. «Halako batean, ordea, Oñatiko lagun batek, Iñaki Mendizabalek, Garmin gailuaren bidez iragarri zigun haizea baretu egingo zela zenbait orduz. Beraz, eguerdi aldera kanpalekutik mugitu, finkatutako 400 metro horiek jumarrarekin igo, beste 300 metro eskalatu, eta 19:00 aldera heldu ginen gailurrera. Asmatu zuen iragarpenak. Hura gozamena!».
«Momentu biziak, gogorrak izaten dira horman. Halakoetan, nork bere burua jasaten ere izaten da nahikoa lan, eta, une gogor horietan, ondo moldatu gara Ino eta biok»
JULEN BERRUEKOEskalatzailea
Egun berean jaitsi ziren hamakara, gauerdian, hebain-hebain eginda. Riders zamalkatzea lortu zuten bi zaldun haientzat, ordea, orduan hasi zen okerrena. «Haize aldagoi bortitza sartu zen horman, eta bi egun egon ginen mugitu ezinik. Hamaka errusiar mendi bihurtu zen egun haietan. Dezenteko beldurra pasatu genuen», oroitu du Berruekok. Ekaitzaren zurrunbiloan hainbeste egun egiten direnean, bertikalean eta baldintza zailetan, funtsezkoa da sokalagunarekin hartu-eman ona izatea, Berruekoren esanetan. «Ino ezagutu nuenetik, konexio ona nabaritu nuen. Pozik dago beti, oso motibatuta, eta gauzak alde onetik ikusten ditu beti. Momentu biziak, gogorrak izaten dira horman, eskaladaren beraren konpromisoagatik, eguraldiagatik... Halakoetan, nork bere burua jasaten ere izaten da nahikoa lan, eta, une gogor horietan, ondo moldatu gara Ino eta biok».
Hamakan, denboralearen begian bi egun egin eta gero, hirugarrenean haizea baretuz joan zen azkenik, baina goiz erdira arte ezin izan ziren zakuetatik atera, hotz ikaragarria baitzen. Beste pare bat egun behar izan zituzten glaziarreraino rappel egiteko. Eta beste hiru petate astunak glaziarretik ateratzeko. Gorputza leher eginda eta gogoa aseta, ametsa egi bihurtu izanaren lehen bristadak etorri zitzaizkien orduan. Pixkanaka barneratuz joan ziren zer lortua zuten. «Psikologikoki koska bat gorago igo izanak asebete nau gehien, halako baldintzetan neure baitatik hainbeste eman izanak. Bidea eskalatze hutsak ez, baizik eta baldintza zailetan aurrera egin izanak eta nire mugak gainditu izanak sortu dit satisfazio handiena».