jon eskudero

Bi mendizale zendu dira istripuz Aneton eta Aizkorrin

2013ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herriko bi mendizale zendu ziren atzo Aneto eta Aizkorri mendietan. Benantxio Irureta mendizale aizarnarra (Gipuzkoa) da hildakoetako bat. Aneto menditik jaisten ari zela, erori egin zen, eta bertan hil zen, 59 urte zituela. Aizkorrin, berriz, emakumezko bat zendu zen, 30 metrotik erorita. Egun iluna izan zen atzokoa euskal mendizaleentzat.

Ostiral iluntzean abiatu zen Irureta Azpeititik (Gipuzkoa) Pirinioetara, mendi buelta egiteko asmoz. Hainbat kide zituen bidelagun. Mendia arazorik gabe igo zuten, eta jaisten ari zirela gertatu zen ezbeharra: 3.404 metroan. Arratsaldeko ordubietan gutxi gorabehera. Antza denez, istripuaren tokian ez zegoen aparteko arriskurik —Mahoma pasealekura sartu baino lehenago zendu zen—, baina amildegitik behera jauzi zen.

Irureta 1953ko irailaren 10ean jaio zen, Aizarnan. Egun Azpeitian bizi zen. Ibilbide oparoko mendizalea izan da; besteak beste, Himalaiako, Alpeetako, Andeetako eta Pirinioetako bazterrak ezagutzen zituen. Esperientzia handiko mendizalea zen, beraz. Esate batera, Yalung Kant (Himalaya, 8.505) mendia igo zuen 1988an, Azpeitiko lagunekin osatutako espedizioan, eta Josu Bereziartuarekin batera lehen euskalduna izan zen mendi hura igotzen.

Hitz gutxiko gizona zen, baina mendiaren alde lan asko egindakoa. Hain zuzen ere, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkideko batzordeko kidea zen. 59 urte eduki arren, gazteen artean ibiltzea zuen gustuko. Hitz batean, mendizale gazteen maisua zen. Erreferentea. Mendi irteerak egiteko laguntza behar zenean, prest izaten zen beti, eta oraindik ere hainbat eta hainbat lan egiten zuen elkartearentzat. Horregatik, oso maitatua zen Azpeitian zein Euskal Herrian, eta haren hutsunea nabarmena izango da.

2001eko urriaren 17a markatuta geratu zitzaion betirako Iruretari, Urola bailarako herritar askori bezala. Iñaki Aiertza aizarnazabaldarrak eta Beñat Arrue azpeitiarrak, hiru nafarrekin batera, istripua izan eta bizia galdu zuten Himalaiako Pumori mendian. Irureta espedizio hartan izan zen, eta une latzak bizitzea egokitu zitzaion. Gertakari hartaz ondorengo adierazpenak egin zituen Urola Kostako Hitzan, 2011ko azaroan: «Bizitzako gertakaririk gogorrenetakoa izan zen hura. Arruek eta Aiertzak errespetu handia zioten mendiari, eta kontu handiz ibiltzen ziren beti. Zenbaitetan, ordea, aurreikusi eta kontrolatu ezin diren kolpeak ematen ditu mendiak».

Kolpe hura barru-barrutik bizi arren, mendira joaten jarraituko zuela adierazi zuen Iruretak: «Maite dut mendia, eta mendira joaten segituko dut. Dena dela, halako gertakariek mendiari errespetu handia izan behar zaiola irakasten dute. Kontuz ibili behar da beti: ez bakarrik mendi garaietan, baita goiz-pasa Pagoetara edo inguruko mendiren batera joatean ere. Atzera egin behar denean, atzera egin behar da, mendia beti egongo baita bere tokian». Mendia maite zuen Iruretak, eta mendiak eraman du.

Aizkorrin, emakume bat

Iruretari gertatutakoa ez zen mendiak atzo utzitako ezbehar bakarra izan. Aizkorrin emakumezko bat zendu zen, 30 metrotik erori ostean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, Ertzaintzaren erreskate taldea berehala agertu zen ezbeharraren tokian, baina emakumea hilda zegoen ordurako.

Segurtasun Sailak arratsaldean jaso zuen istripuaren abisua, 16:30 inguruan. Abisuaren arabera, biktima lagun batekin joan zen Aizkorrira, Zalduondon (Araba) barrena. Helikoptero bat bidali zuten istripua gertatu zen tokira, eta gorpua Arkautira eraman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.