Gasteizko emakume bat eta Durangoko (Bizkaia) gizon bat—Abadiñon (Bizkaia) bizi da— desagertu dira Patagonian, mendi istripu batean. Amaia Agirre eta Iker Bilbao dira. Herenegun Fitz Roy mendia eskalatu ostean, jaitsieran, ezbehar bat izan zuten mendiaren glaziarrean. Elur jausi batek harrapatu zituen mendizaleak. Berez, hiru zihoazen soka batean —denak ere halako igoeretan arituak—, eta haietako bat onik irten da ezbeharretik. Hori dela eta, El Chaltenera (Santa Cruz, Argentina) jaitsi ahal izan da abisua ematera. Azken mendizale hori Josu Linaza da, Igorrekoa (Bizkaia). FEDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak argitaratutako oharraren arabera, El Chaltengo Sorospen Batzordeak ez du bi mendizaleak «bizirik aurkitzeko esperantzarik», ezta eremura erreskate talde bat bidaltzeko modurik ere.
Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioak esan du gertaeraren berri baduela, eta Buenos Airesko enbaxadako eta Bahia Blancako kontsulatuko ordezkariak gestioak egiten ari direla ezbehar horren inguruan. Argentinako autoritateekin harremanetan dago Eusko Jaurlaritzak herrialde hartan duen ordezkaritza ere.
Oraingoz jakin den informazioaren arabera, erreskaterako baldintza meteorologiko txarrak daude mendi inguru horretan. Hala baieztatu dute Euskal Mendizale Federaziokoek ere. Haiek ezbeharrari erreparatzen ari zaizkio, FEDMErekin batera. Erakunde hark krisi kabinete bat ere jarri du martxan egoeraren bilakaera kontrolatzeko, eta harremanetan dago erreskate lanen ardura hartu duten eremuko autoritateekin. Autoritate horiek atzo arratsaldean —Euskal Herriko ordua— FEDMEri jakinarazi zioten ez zeudela baldintza egokiak erreskate lanei modu seguruan ekiteko.
Mendi arriskutsua
Fitz Roy, Chalten izenez ere ezaguna (3.405 metro), Argentinako Patagoniako mendi ezagunenetako bat da. Patagoniako izotz zelaiaren ekialdean dago, Bernardo O'Higgins (Txile) eta Los Glaciares (Argentina) parke nazionalek muga egiten duten eremutik gertu. Mendizaleen ohiko jomuga izaten dira haren hormak, baina zailtasun teknikorik ez du falta. Besteak beste, Iker eta Eneko Pou eskalatzaileek igo zuten mendia, 2015ean.
Uda da hego hemisferioan, eta garai honetan joaten dira mendizale gehien tontorrera heltzen saiatzera. Halere, eguraldia oso azkar aldatzen da han, haizearen norabide aldaketen ondorioz, eta istripu larriak izaten dira askotan. Iazko otsailean, mendizale bat hil zen tontorrera bidean, eta beste bi zauritu ziren.
Bi mendizale desagertu dira Argentinako Patagonian
Fitz Roy menditik jaistean elur jausi batek harrapatu ditu. Baldintza meteorologikoek zaildu egin dute erreskate lanak abiatzea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu