Mendia

Bi euskal herritar, nagusi Espainiako Lera Txapelketan

Txakur krosean, Leire Fernandezek irabazi du, eta zortzi txakurrek tiratutako lera saioan, Iker Ozkoidik

Iker Ozkoidi, zortzi txakurrekin lehian, joan den asteburuan. I. OZKOIDI.
Ainhoa Lendinez
2014ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Leire Fernandez errenteriar gazteak eta Iker Ozkoidi nafarrak lortu zituzten emaitzarik onenak iragan asteburuan jokatu zen elur gaineko Espainiako Lera Txapelketan. Biek irabazi zuten Espainiako txapelketa: Fernandezek, txakur krosean, eta Ozkoidik, zortzi txakurrek tiratutako lera saioan.

Vaqueira-Bereten (Kataluniako Pirinioak) jokatu zen lehia, eta 90 korrikalari aritu ziren hainbat modalitatetan; euskal korrikalari askok parte hartu zuten. Vaqueira-Bereteko estazioa elurretako lera gidari eta txakur onenen topagune izan zen joan den larunbat eta igandean: txakur lera, txakur kros eta skijoring (iraupen eskia txakurrekin) modalitateetako Espainiako txapelketa jokatu zen, 4,8 eta 10,7 kilometro arteko hiru zirkuitutan.

Elurrak eta behe lainoak bereziki zaildu zuten lera gidarien eta txakurren lana, eta, azkenean, antolatzaileek aldatu eta laburtu egin zuten hainbat modalitatetarako hasieran prestatutako ibilbidea. Hala ere, ibilbide teknikoetan aritu behar izan zuten, eta ikuskizun handia eman zuten.

Zortzi txakurrek tiratutako leren modalitatean, berriz ere, Iker Ozkoidi nafarra izan zen azkarrena larunbatean eta igandean. Igandeko saioan, gainera, bigarren sailkatuari, Itoitz Armendarizi, sei minuturen aldea atera zion Ozkoidik. «Elur txarra egokitu zitzaigun, eta eguraldia ere ez zen ona izan, baina, hala ere, lasterketa ona egin nuen, eta oso pozik nago Espainiako txapelketa irabazita», azaldu du Ozkoidik. Iragan asteburuko garaipenari esker, aurki Alemanian jokatuko den munduko txapelketarako sailkatu da nafarra, oraingoz esprint modalitatean.

Lau txakur nordikorekin aritu ziren lera gidarien artean ere, nafar batek irabazi zuen Espainiako txapelketa: Joserra Levronek. Txakur krosean ere, euskal korrikalariak nagusi izan ziren. Egungo munduko txapeldunak, Leire Fernandez errenteriarrak, erakustaldia eman zuen, eta aise gailendu zitzaien gainerako korrikalariei. Bigarren sailkatuari sei minuturen tartea atera zion Fernandezek, eta hark irabazi zuen bi egunetan lasterketa. «Ibilbide osoa elurretan egin genuen, eta zail xamarra zen korrika egiteko, baina oso dibertigarria izan zen. Lagunaren lanak agintzen du halako probetan, txakurrarenak, alegia, eta Bolt ikaragarri ondo aritu zen; oso denbora onak egin zituen bi saioetan», azaldu du Fernandezek. Dioenez, orain beste pare bat txakur kros egingo ditu, eta, ondoren, mendiko lasterketetan sartuko da buru-belarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.