Mendia

Bi belaunaldi, ilusio berbera

Espainiako Mendi Federazioak urtero ematen dituen sarietako bat irabazi dute Adolfo Madinabeitiak eta Julen Berruekok. Patagonian dagoen Cerro Torre mendiko (3.128 metro) 'Ferrari' bidetik egindako igoeragatik saritu dituzte. Belaunaldi nahasketa ez da oztopo izan buruan zuten erronka lortzeko.

Adolfo Madinabeitia eta Julen Berrueko Patagonian. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Bakoitzaren adina kontuan hartuta, oso zaila litzateke hain urruneko bi belaunaldi horren ondo konpontzea. Baina biek hain maitea duten mendizaletasuna izan daiteke horren erruduna. Julen Berrueko (Gasteiz, 1996) jaio zenerako, Adolfo Madinabeitiak bide luzea egina zuen mendian. Sona handia izan zuten Jesus Galvez madrildarrarekin egin zituen bideak. Besteak beste, hamabi bide ezberdinetatik igota dauka Yosemiteko (Kalifornia, AEB) Capitan hormatzarra. Berruekok, berriz, azken urteetan Euskal Mendi Federazioak martxan daukan teknifikazio taldearen bidez eman zuen jauzia alpinismora. Belaunaldi berrien ikurretako bat da, Mikel Inoriza eta Iker Madozekin batera, besteak beste. «Etxean ez dut zaletasunik izan, eta ni ere 17 urte bete nituen arte ez nintzen hasi mendiaren inguruko diziplinetan. Rokodromora joaten hasi nintzen eskalatzera, eta lehiatzen ere ibili nintzen. Alpinismorako jauzia geroago egin nuen», azaldu du Berruekok hastapenez galdetzean. Teknifikazioan ibilitako urteak bereziki gogoratzen ditu. Oso urte «garrantzitsuak» izan zirela aitortu du.

Madinabeitia, berriz, eskola zaharreko eskalatzailea da. Horma handietako eskaladan aditua da, eta askorentzat, mota horietako hormetan Euskal Herriak izan duen eskalatzailerik onena da. Eskalatzeaz gain, Everesten (Nepal, 8.849 metro) ere bi saiakera egin zituen, 1990ean eta 1993an. Azken aldi hartan, Juanito Oiarzabalekin, Atxo Apellanizekin, Jon Armentiarekin, Jose Martinezekin, Antonio Mirandarekin, Luis Angel Rojorekin eta Benjamin Ruiz de Infanterekin osatu zuen espedizioa. Jaitsieran, Miranda laguna galdu zuen. «Oso gaizki pasatu nuen orduan. Oso gogorra izan zen niretzat». Hantxe amaitu ziren zortzimilakoak Madinabeitiarentzat. Baina eskalatzeari ez zion utzi. Urte askotan, beste hainbat espediziotan parte hartu zuen. Garai bikainak izan ziren haiek Madinabeitiarentzat, eta gerora lortutako igoerek zeresana eman zuten eskalatzaileen artean. Berrueko oraindik ere jaiotzeko zegoen artean.

Baina bizitzaren patuak bi belaunaldiak batu zituen orain dela urte batzuk. Honela gogoratu du Berruekok: «Duela zazpi urte inguru ezagutu genuen elkar, Gasteizen dagoen K2 rokodromoan. Ni orduan hasi nintzen bertan eskalatzen, eta hantxe topatu nuen Adolfo. Bera ere bertara joaten zen noizean behin lagunekin eskalatzera. Adinean alde handia dugun arren, harreman bikaina egin dugu». Madinabeitiak berretsi egin du Berruekok esandakoa. «Nire semearen adin berekoa da Julen; beraz, pentsa... Rokodromoan egin genuen lehen harremana. Gero, Mikel Inorizarekin batera eraman nuen Ordesara eta beste leku batzuetara. Erlazioari eutsi genion geroztik».

Euskal Mendi Federazioko teknifikazio taldean egindako urteetan, Berrueko bidaiatzen hasi zen, eskaladaren aitzakian. «Lehen bidaia Taghliara [Maroko, Afrika], egin nuen. Ondoren, Alpeetara joan nintzen, eta atzetik etorri ziren Peruko eta Indiako bidaiak. Estatu Batuetan ere ibili nintzen eskalatzen». Egindakoarekin ez zen asebete; gehiago nahi zuen.

Patagoniarako jauzia

Horrek batu zituen. Izan ere, bizitza guztia eskalatzen pasatu arren, 2015ean joan zen lehenbizikoz Patagoniara Madinabeitia. Fitz Royn orratz batzuk igo zituen hurrengo urteetan, baina Cerro Torreren arantzarekin itzultzen zen aldiro. Baina duela bi urteko maiatzean, eta gutxien espero zuenean, hara joateko aukera sortu zen. «Gasteizko taberna batean geunden, eta, garagardo pare baten ostean, Adolfori galdetu nion ea etorkizunerako erronkarik-edo ba ote zuen. Patagoniako aukera aipatu zidan bezain pronto, berarekin joateko prest nengoela esan nion. Une hartan bertan esan zidan hegazkin txartelak hartu eta Patagoniara joango ginela. Ez dugu askorik behar martxan jartzeko!», gogoratu du Berruekok. Maiatzean erabakia hartu ostean, hegazkin txartelak erosi, eta iazko urtarrileko lehen egunetan abiatu ziren Patagoniara. «Banekien zer izango zen Cerro Torreko igoera, baina ez nuen asko itsutu nahi. Gailurrik ez eginda ere bidaiak berak mereziko zuela pentsatu nuen. Niretzat jauzi handia izango zen, eta gauza asko ikasteko balio izango zidala imajinatzen nuen. Adolforekin joateak segurtasun handia eman zidan hasiera-hasieratik. Banekien nire bizitzako bidaietako bat izango zela, zalantzarik gabe».

Lehen asmoa argia zen: hego-ekialdetik ekingo zioten gailurrari, bere garaian Cesare Maestri italiarrak erabili zuen bidetik, alegia. Baina eguraldi ona izatea ezinbestekoa da Patagoniako eremu hotzetan; eta, urtarrilean behintzat, ez zuten bi egun baino gehiagoko eguraldi ona izan. Gainera, Madinabeitiak ezusteko lesio bat izan zuen orkatilan. Baina eguna iritsi zen. Otsailaren lehen egunekin batera, dena prestatu, eta igoerari ekin zioten. Pentsatuta bezala, martxan jarri ziren, baina eguraldiak ez zien bermerik ematen pentsatutako bideari ekiteko. «Hara gindoazela, Jorge Akerman argentinarrarekin eta Korra Pesce italiarrarekin topo egin genuen, eta handik ez joateko gomendatu ziguten. Gutxik bezala ezagutzen dute ingurua, eta haien gomendioei kasu egitea erabaki genuen», ekarri du gogora Madinabeitiak.

Asmoak aldatzea tokatu zitzaien. Berruekok honela azaldu du: «Lehenik, arrokako bide batetik joan behar genuen. Baina, azken unean, izotzezko beste bide batetik joan ginen. Ezustean harrapatu ninduen egoerak, eta aldaketa hura egitea izan zen, agian, espedizio guztiko gogorrena».

Aldaketa onerako izan zen. Bide berrirantz joateko hautua eginda, eta Akermanek eta Pescek utzitako material berriarekin, bidean beste ezusteko bat izan zuten. «Gauza bitxi bat gertatu zitzaigun. Bertan zegoen Austriako mendizale batekin topo egin genuen, Babsi Viglekin. Beste mendizale batekin joana zen, baina, behin bideari ekin ziotenean, ikusi zuen soka lagunak ez ziola inolako bermerik eskaintzen. Akermanek gomendatuta, azken unean, gurekin batzeko gonbita egin genion», nabarmendu du Berruekok. Segituan konturatu ziren alpinista indartsu bat zela hura. Igoera hura burutzeko material guztia zeukan, eta hirurek taldea osatzea erabaki zuten.

Igoerari ekin bezain laster, erritmo bizian abiatu ziren gailurrerantz. Hiruren artean joan ziren bideak irekiz, eta lan handia egin zuten ahaleginean. Hiru egunetan gailurrean ziren. Halere, gailurrera abiatu aurreko azken gaua oso gogorra izan zen. Baina indartsu zeuden hirurak. «Fisikoki, bikain sentitu nintzen. Gorputzak eskatzen nion guztia ematen zidan. Ordura arte sentitu ez nituen sentsazioak izan nituen igoera hartan. Harrituta gelditu nintzen gorputzaren erantzunarekin», azaldu du Berruekok. Madinabeitiak, aurretik, 2018an egina zuen ahalegina. Baina beste bide batetik ekin zion igoerari. «Izotza oso gogor eta arriskutsu zegoen. Espediziokide batek lanera itzuli behar zuen, eta denboraz larri ibili ginen. Pena handiz etxeratu nintzen».

Geroztik, begiz jota zuen Cerro Torre mendia. Arantza atera zuen otsailaren 7an. Gailurra zapaltzea lortu zuten. Berruekoren esanetan, «izugarria» izan zen gailurreko eguna. «Unean bertan ez nintzen konturatu egindakoaz. Astebete kostatu zitzaidan hura dena asimilatzea». Espedizio horrengatik, Espainiako Federazioaren saria jaso dute Madinabeitiak eta Berruekok.

Amesten jarraitu nahi dute

Baina ez dira Cerro Torren amaitu haien espedizioak. Sariagatik jasotako 4.500 euroko diru laguntzarekin, etorkizunean egitasmo berriak prestatu nahi dituzte. Berruekok argi dauka: «Etorkizunean berriro ere batera joatearekin amesten dut. Berdin zait nora, Adolforekin bada. Niri Capitanera [Yosemite, AEB] joatea gustatuko litzaidake. Altuerari begira, Pakistanen oraindik ere gauza asko egin daitezkeela iruditzen zait, eta berdin Indian ere».

Madinabeitiak berretsi du, halaber, etorkizunean ez duela baztertzen berriro ere Viglekin zerbait egitea. «Bi edo hiru astetik behin hitz egiten dugu, eta gauza batzuk baditugu buruan. Ez dugu baztertzen Pakistanera bidaiatzea, hormaren batekin ahalegintzeko. Bidaia aspaldiko lagunak bisitatzeko aprobetxatu nahiko nuke». Azkeneko aldian, Izenik Gabeko Dorrean sartu zen bakarrik, baina ez zuen gailurrera iristea lortu. Eguraldiagatik, atzera egin behar izan zuen. Ez du baztertzen arantza hura ateratzea. Baina urteak aurrera doaz, eta jakitun dago bere belaunaldiko gehienak erretiroa hartuak direla. «Ahal dudan bitartean jarraituko dut. Hori litzateke seinalerik onena niretzat, bide luze honetan lagun asko galdu ditudan arren mendian».

Harremana sendotuz

Azken espedizioa tarteko, Berruekoren eta Madinabeitiaren arteko harremana asko sendotu da. Hitz onak baino ez ditu batak bestearentzat. «Mendiaz dakidan guztia Adolfok erakutsi dit. Pertsona gisa ere aparta da, eta edozein lekutara joan zaitezke harekin. Mila aldiz eskertu diot erakutsitako guztia», aitortu du Berruekok.

Motibazioa da oraindik ere Madinabeitiaren akuilu nagusia. Urtebete geroago, Patagonian izandako lesio hartatik osatzen bukatzen ari da, baina gogoz segitzen du. «Oraindik ere handitan zer izan nahi dudan ez dakidalako daukat halako motibazioa [barrezka]. Jende gaztearekin ibiltzeak gogoa berpizten du, eta niri ere hori pasatu zaidala esango nuke. Horrela izan ez balitz, ziur nago aspaldi utzia izango nuela mendia».

Batak besteari zer ematen dion galdetzerakoan, Madinabeitiak argi du: «Juleni lasaitasuna ematen diodala iruditzen zait, gehienbat oraindik ere oso gaztea delako. Oso prestatuta dago, serioa da, eta fisikoki oso indartsua, gainera. Ikusi besterik ez dago guk 25 urterekin zer genekien eta hauek zer dakiten! Ez dauka zerikusirik. Oso alpinista osoak dira: eskalatzaile onak, teknikoki bikainak....». Eta Madinabeitiari ematen dionaren inguruan mintzatu da Berrueko: «Nik gaztetasuna besterik ezin diot eman. Askotan, esaten diot bera zahar-gazte bat dela [barrezka]. Beti dago oso motibatuta. Urte hauetan guztietan erakutsi duen maila ikusi besterik ez dago egin dituen lorpenez konturatzeko».

Zortzimilakoen inguruan ere gogoeta egin du Berruekok: «Ez naute batere motibatzen. Talde handia eta diru asko izatea eskatzen dute, eta, gaur egun, oso zaila da niretzat horrelako erronketan pentsatzea». Patagoniakoa sokaldi polit baten hasiera besterik ez da izan bientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.