Bi andinista gasteiztar

Iker eta Eneko Pou anaiek eta Micher Quitok Ya pe' cholo bidea zabaldu dute (1.200 m, 6b, 80º) Peruko Ranrapalca mendiaren (6.162 m) ipar-mendebaldeko horman, isuri horretako lehena. Andeetan egin duten «jarduerarik zailenetakoa» izan da. Harri-jausien ondorioz, larri ibili dira.

Iker Pou eskalatzailea, ahalegin betean, bigarren egunean. POU ANAIAK.
ramon olasagasti
2023ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Aspalditik dator poutarren Andeetarako jaidura. 2009an, esaterako, hainbat bide berri zabaldu zituzten Chañi mendigunean (Argentinako Andeak), eta geroztik, zerrenda oparoa osatu dute, zenbaitetan bi anaiek bakarrik, beste batzuetan Manu Ponce, Pedro Galan, Micher Quito eta beste hainbat lagunekin. Esaterako, 2017an, Yaku Mama bidea zabaldu zuten (7a+/185 m) Gocta ur jauzian (Peruko Amazonia), eta Zerain bidea (8 a/860 m) Chaupi Huanca Ekialdekoa mendian (5.200 m). 2019an, lau bide zabaldu zituzten: Burrito Chin de los Andes (6b/700 m) Cerro Tornillo mendian (4.900 m), Cabeza Clava (6c+/470 m), Huanka Punta orratzean (4.670 m), Andean Kingdom (7a+/800 m), Cashan Mendebaldekoan (5.685 m) eta Aupa Gasteiz! (7c+/160 m), Quebrada de Llacan. 2021ean beste lau bide ireki zituzten, horien artean, Viva Perú Carajo (M7/80º/600 m), Huamasraju mendian (5.350 m). Iaz, ez bat eta ez bi, lau bide berri zabaldu zituzten Andeetan, Peruko Mendilerro Zurian zehazki: Urus Mendebaldekoa orratzean (5.450 m), Hanan Pacha (90º/425 m) eta EMMOA (M6/75º/640m); Cashan mendian (5.716 m), Bizirik (980 m, M6/85º); eta Pumahuacanca mendian (5.563 m), One push (1.000 m, UIAAA V, M7, 85º). Azken jarduera hori dela eta, bosgarren aldiz Urrezko Pioleterako izendatu dituzte Pou anaiak. Aipatutakoez gain, beste hainbat bide ere ireki eta eskalatu dituzte bi anaiek Hego Amerikako bizkarrezur menditsuan.

Horregatik, Andeetako hainbat lekutan, eta batez ere Huaraz herrian (Peru), «etxean bezala» sentitzen dira Gasteizko bi anaiak. «Egia esan, lagun asko ditugu; mendi gidari asko, arriero, taxista eta herritar asko ezagutzen ditugu... eta haiekiko hartu-emana oso lagun artekoa da. Perurako bidaia luzea da, baina behin Huarazera iritsita, gauzak oso errazak dira guretzat, eta, horregatik, nahiz eta Trangoko espediziotik etxera jipoituta iritsi, animatu egin ginen Perura», dio Eneko Pouk. Izan ere, aurtengo udan, Apeninoetatik Andeetarakoa ez, Trangotik (Karakorum, Pakistan) Andeetarakoa izan da bi anaia gasteiztarren bidaia. Jipoituta iristearena ere ulergarria da, Trangon ere igoera gogorrak osatu baitzituzten.

Huarazen, zain zuten Micher Quito herriko semea. Iaz zabaldutako lau bideetan ere sokakide izan zuten eskalatzaile huaraztarra. Mendi gidaria da Quito, hango nevadoetan (gailur izoztua) ibiltzen da batez ere jendea gidatzen, «baina eskalatzaile-eskalatzailea da», poutarren hitzetan. «Hango gidariak ez dira hemengoak bezain teknikoak. Nevado asko igotzen dituzte, baina gehienetan bide normaletatik, eta, Aritza Monasterio eta beste dozena erdi bat kenduta, ez dira eskalatzaile teknikoak. Bada, Micher horietako bat da, eskalatzaile peto-petoa, gu baino 10 urte gazteagoa, oso mutil umila, eta asko ematen dio sokadari», nabarmendu du Enekok.


 

Iaztik zuten kaskezurrean sartua Ranrapalcaren ipar-mendebaldean bide bat zabaltzeko asmoa. Ishincako Quebrada ezagunean dago Ranrapalca, Huaraztik gertu samar. Joan den urtean, mendi hartan bertan, beste bide bat ireki zuten poutarrek, orduko hartan ipar aurpegian. «Ipar isuri hori klasiko bat da, Pirinioetan Tailloneko iparra izan daitekeenaren parekoa, baina 6.000 metrotik gorako mendi batean, eta 1.000 metro inguruko horman. Oso bide ederra da. Ipar hormako eskalada hartan jakin genuen eskuinaldean dagoen isuria edo horma, ipar-mendebaldea, igo gabe zegoela. Oso pareta handia da. Saiatu ginen iaz ere horma horretan, baina ez genuen lortu; ez zegoen baldintza onetan». Eta hasitako lanak bukatzera itzuli dira aurten.

Altuerara girotzeko, beste bi mendi dotore eta tentetara igo ziren aurrez. Hala ohi dute andinista zailduek. Lehenbizi, Yanapaccha lerdenaren gaina jo zuten (5460 m). Llanganuco quebrada edo haitzartean dago gailur hori, Huascaran, Pisco, Chopicalqu, Huandoy eta beste hainbat mendi ezagunen aldamenean. «Mendi tentea eta dotorea da Yanapaccha», poutarren hitzetan. Ondoren, Rurec haitzartera jo zuten, eta han, Shacsha gailurra jo zuten (5.703 m). «Rurec quebrada horretan hainbat mendi dauzkagu igota, baina Shacsha igo gabe geneukan, eta oso-oso ederra iruditu zaigu». Bai Yanapaccha eta bai Shacsha, biak, Alma Roblin lagun frantziarrarekin batera eskalatu zituzten.

Gorputza, arnasa eta burua Andeetako altuerara egokituta, atseden handirik hartu gabe, Ranrapalcara jo zuten poutarrek eta Quitok. Iragarpenen arabera, eguraldiak txartzera egin behar zuen ondoko egunetan, eta ez zegoen galtzeko denborarik. Longoni aterpean lo kuluxka egin, 03:00etan esnatu, gosari legea egin, eta 04:00etan abiatu ziren ipar-mendebaldeko hormarantz. 08:00etan ekin zioten 900 metroko paretatzarrari. «Ez genuen oso argi zer lerrotatik jo. Goiz hartan bertan erabaki genuen. Lehen egunean, nahiko ondo asmatu genuen. Harkaitzean, 6b-rainoko zailtasunak atera zitzaizkigun, baina jakina, altueran, motxila astunekin, seguru finkorik gabe eta halako esposizioarekin, gradua asko aldatzen da».

Ranrapalca mendiaren ipar-mendebaldeko aurpegia eta bidearen lerroa. Pou anaiak

Lehen egun hartan, hamar luze zabaldu zituzten, baina egun osoa eman zuten atezuan, goitik zetozkien harri-jausiei itzuri eginez. «Gure seigarren denboraldia izan da Andeetan, eta aurten adinako berorik ez dugu inoiz izan. Oso elur eta izotz gutxi zegoen horman; izotzaren edo elurraren soldatze hori falta zen, eta, ondorioz, harri-jausi handiak zeuden». Arriskuak arrisku, egun osoko eskaladaren ondoren, hormaren erdi paretik gora ikusitako erlaitz batera iritsi ziren, eta hantxe egin zuten bibaka, harkaitz baten azpian. Ez zen bibak gozoa izan, Enekoren esanetan: «Beldur handia pasatu genuen. Gauez, normalean, hoztu egiten du, eta ez da harririk jausten, baina gau hartan jausi handiak izan genituen. Lo gutxi egin genuen».

Biharamunean, harri-jausien arriskua zela eta, hasieran aurreikusi baino ezkerragotik jarraitu zuten gorantz. Harkaitzeko tarterik zailenak hor aurkitu zituzten. Bezperan, Enekok gidatu zuen hirukoa sokaren buruan, eta, bigarren egun hartan, Ikerrek hartu zuen txanda. Quitok, berriz, ipar-mendebaldeko hormaren azken bi luzeetan hartu zuen lekukoa. Hormaren teilatu elurtura iritsi zirenean, ordea, ez ziren bukatu zailtasunak: gailurrera bitarteko goiko elur maldetan, mendia erabat pitzatua aurkitu zuten, arraila izugarriz josia. «Elurretan, Micher joan zen buruan. Oso ohituta dago nevado-etan, eta espezialista da arrakaletan». Mendiaren aho zulo goseti horiei itzuri eginez, 16:00ak aldera heldu ziren tontorrera. Hogei luze izan ziren guztira, goi-goikoak ensanblean.

Istripua beherakoan

Denborarik galdu gabe, ilunbistan jada, jaitsierari ekin zioten. Beherantz hasi orduko gertatu zen istripua. Hirugarren rapelean, motxila handi baten tamainako harri bloke bat gainera etorri zitzaion Enekori. «Nik neuk mugitu nuen harria sokarekin. Ikerrek abisatu zidan, baina hiru txaketen txanoak eta kaskoa neramatzan jarrita, eta ez nuen entzun. Bizpahiru metrotik erori zitzaidan blokea, baina ez ninduen bete-betean jo. Horri eskerrak; bestela, gaur ez nintzatekeen hemen egongo. Konortea galdu nuen une batez, shock egoeran geratu nintzen, eta, hortik aurrera, txistu bat entzuten nuen etengabe, baina nire kabuz jaitsi ahal izan nintzen».

Istripuaren ondorioz, zertxobait moteldu zuten erritmoa, rapel bat bestearen ondotik, gau betean glaziarrera iritsi arte. «Glaziar handia da Ranrapalcakoa, eta oso-oso hautsita zegoen, arraila ikaragarriekin. Haietako bat ezin izan genuen zuzenean igaro, eta, beraz, 25 metro zuloraino rapelatu, arrakalaren hondoan zeharka beste 15 metro egin, eta gero berriro beste aldetik 25 metro eskalatu behar izan genituen. Inoiz ez zitzaigun halakorik gertatu. Azkenik, 01:30ak inguruan heldu ziren Longoni aterpera.

Andinistak izaki, oraingoan hango esapide baten izena jarri diote bideari: Ya pe' cholo (Bai noski, mutil). Ranrapalcakoa Andeetan egin duten «jarduerarik zailenetarikoa» izan da, bi anaien arabera. «Mendia oso altua da. Orain artean ez genuen halako biderik ireki seimilako batean. Alde horretatik, igoera gogorra izan da. Teknikoki, zailagoa, agian, iazkoa izan zen: One push Pumahuacanca mendian [5.563 m]. Bata zein bestea alpinismoan egin ditugun jarduerarik onenak izan direla esango nuke».


 

Peruko azken egunetan, mendi garaiak alde batera utzi eta kirol eskalada egitera jo zuten Inqawaqanqa mendigunera, eta han ere uzta oparoa bildu zuten, lau bide berri zabalduta: Solo, Viejo, Pelón y Panzón (7b+), Mas Pajuelo que Vicuña (8a+/b), Mejor Solo que Mal Acompañado (8?) eta Singel (8?) Ikerrek, gainera, Melissa Le Neve eskalatzaile frantziarrak (Acción Directe bide entzutetsua eskalatu zuen lehen emakumea) duela bi urte ekipatutako proiektua ere eskalatu zuen lehen aldiz, eta haren omenez, Made In France izena jarri zion bideari. Poutarretan gazteenak 8c zailtasuna proposatu du bide horrentzat. Hauxe izango da, iaz kateatu zuen Tres Leches (8c+) bidearekin batera, Peruko kirol eskaladako lerrorik gogorrenetakoa, gogorrena ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.