Betiko zaporearen gordailua

Mendian egiten den gaztak ez du onespen handirik izan teknikari, aditu eta administrazioko jendearen artean, orain dela urte gutxi batzuk arte. Artzain ugari dira, baina, mendian gazta egiten dutenak. Azken hiru urteetan, mendiko hainbat txabola egokitu dituzte, eta gazta «legezko» moduan saltzen hasi dira hainbat artzain, Euskal Herriko Mendiko Gazta etiketaren babesean.

Joseba Insausti artzaina, Aralarren ardiekin. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Nagore Etxeberria.
2016ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Mendiko gazta batekin irabazi zuen Joseba Insausti artzainak (Ordizia, Gipuzkoa, 1977) aurtengo Ordiziako Euskal Jaietako gazta lehiaketako sari gorena. Poza ezkutatu ezinik igo zen saria jasotzera, eta laster aitortu zuen «erabat hunkituta» zegoela, bereziki, mendiko gazta batekin irabazi zuelako. Mendiko gazta baita artzainaren «gazta kutuna».

Bi gazta mota egiten ditu ordiziarrak: udaberrian eta udan mendian egiten duena eta neguan beheko larreetan bazkatzen duten ardiek emandako esnearekin egiten duena, haranekoa. Biak ditu gogoko, baina kutuna mendikoa du. «Kutuna dut, egon den egoeran egon delako. Bezeroek betidanik maite izan dute gazta hori, baina administrazio aldetik eta teknikoen aldetik gaizki ikusitako gazta izan da, gutxietsitako gazta. Legez kanpo egon den gazta zen, gaur egun arte oso zaila izan delako ezartzen zituzten osasun baldintza zorrotzak betetzea mendiko txaboletan. Berez, beraz, artzainek ezin zuten saldumendian egiten zen gazta», zehaztu du Insaustik.

Ordizian lortutako aitortza horrek izena eta izana ematen dio mendiko gaztari, eta komunikabideak hasi dira gaztaren gainean hitz egiten. «Josebak [Insausti] mendiko gazta batekin lehiaketa irabaztea ona da, jendeak gazta horretan arreta jartzeko balio duelako. Azken batean, produktu on bat dagoela erakusteko balio du, eta ikusarazteko, jende askok uste dutenaren kontrara, mendiko artzaintza egokituz eta pixkanaka aldatuz doala, ez dela betikoa», aitortu du Elixabete Arrillaga artzainak (Zarautz, Gipuzkoa, 1960).

Insaustik zein Arrillagak urteak daramatzate mendiko gazta egiten. Aralar mendikatean du txabola Insaustik: Esnaurreta. Arrillagak eta haren senar Mikel Etxezarretak, berriz, Urbian dute Ttonttor txabola.

Haiekin batera, oso artzain gutxik egiten dute mendiko gazta «legezko» modu batean: Aralarren, lau artzainek dute baimena, eta Urbian, Arrillagak eta Etxezarretak bakarrik. Hurrengo urterako, baina, txabola egokitzen ari zaizkio beste artzain bati.

Txabolek arau eta ezaugarri jakin batzuk betetzen ez dituzten bitartean, artzainek mendian egiten duten gaztak ez du «legezko» izendapenik. Txabola horiek, baina, ez dira artzainenak, mendi publikoetan daude eta mendiaren jabearenak dira: Aralarren kasuan, Enirio-Aralarreko Mankomunitatearenak, eta Urbiako Partzuergoarenak dira Urbiakoak. Egin beharreko aldaketa, egokitzapen eta txukunketa guztiak, beraz, administrazioak egin behar ditu.

Mendikoaren alde

Baldintza jakin batzuk bete beharrak, beraz, zaildu egiten die artzain askori jarduna, eta «mendi askotan galdu egin da gazta egiteko ohitura, tamalez», dio Insaustik, penaz. «Orain arte, gaztak kopuru handian produzitzen zituen gaztandegiei eta etxeko esnearekin gazta egiten zuten artzainei arau berberak ezartzen zitzaizkien. Betebehar jakin batzuk betetzeak zorpetze bat ekartzen digu artzainoi, eta, maiz, estu ibiltzen gara ekonomikoki», aitortu du ordiziarrak.

Oztopoak oztopo, baina, mendiko gaztaren aldeko apustua egin dute artzain batzuek; Insaustik, Arrillagak eta Etxezarretak kasurako. «Betiko zapore bat delako berreskuratu behar da gazta hori. Euskal Herriko mendiko gazta betidanik artzainek mendietan egin izan duten gazta da, lehen egiten zen moduan egiten dena. Askok horrelakorik entzun nahi ez badute ere, Idiazabalgo berezko gazta mendietako gazta da», dio Insaustik, uste osoz.

«Mendiko gazta oso maitea dugu, eta horren aldeko apustua egiten dugu. Merezi duelako eta ezaugarri jakin batzuk dituelako mantendu behar den gazta da», gaineratu du zarauztarrak.

Gazta egiteko modu horrekin, gainera, «artzainen betiko bizimodua eta lanbidea berreskuratu eta babestu nahi ditugu: negua haran baten babesean eta udaberria eta uda mendi gailurrean igarotzen zuteneko garaia», zehaztu du ordiziarrak.

Eta berezia delako ere eutsi nahi diote mendikoari. Arrillagaren zein Insaustiren hitzetan, «ezberdina» da mendiko gazta: zaporez, usainez, testuraz. Ardien elikadurak eta larreek esnea ezberdina izatea eragiten dute, eta, beraz, gazta bestelakoa izatea. «Haranean daudenean, larreko belarraz gain, bestelako gauzak ere jaten dituzte ardiek; mendian mendiko belarra jaten dute soilik. Gainera, mendiko lurra eta haranekoa ez dira berdinak, ezta belarra ere, ez dituzte propietate berdinak. Horrek beste koipe mota batzuk eta beste esentzia batzuk eransten dizkio esneari eta gaztari», zehaztu du Insaustik.

«Esnearen zaporea eta esneak duen koipea bestelakoa da. Koipe horregatik gaztak denbora gehiago behar izaten du heltzeko», zehaztu du zarauztarrak. Esnea honda ez dadin gazta azkarrago egin beharrak ere eragina izan dezakeela uste du Insaustik.

Haranekoa edo mendikoa, zein den hobea? Jendearen gustuaren araberakoa izan ohi da, bi artzainen ustez: «Hobea zein den ezin da esan; ezberdinak dira».

Begirunea lortu nahian

Gustuak gustu, mendi inguruetako herrietan betidanik bereizi izan dira bailaran eta mendian egindako gaztak. Jendearen artean begirune berezia izan du betidanik mendialdekoak, administrazio arloan ez bezala.

«Edozein hitzaldi eta tailerretara joandakoan beti gauza bera entzun behar izaten genuen: mendietan ez daude beharrezko baldintzak gazta on bat egiteko, mendiko gazta ez da gazta on bat, garai batean ez zen gazta ona egiten», dio Insaustik, kexu.

«Lehen ez zen hain ona artzainaren irudia. Betidanik lotu izan da mendiko gazta artzaintza tradizionalarekin, jendearen ustez hain profesionala ez den artzaintza motarekin. Horregatik dago halako mesfidantza mendiko gaztarekin», uste du Arrillagak.

Garaiak aldatuz doaz, ordea, baita bizimoduak eta lan egiteko moduak ere. «1980 eta 1985. urte artean, aldaketa handia egon zen artzaintzan; lanbidea profesionalizatzen hasi zen. Garai haietan artzaintzan eman ziren pausoak ematen ari dira orain mendian. Denborarekin onartua eta errekonozitua izango da, baina, une honetan, 1980. urtean geunden egoeran dago orain mendiko artzaintza», zehaztu du Arrillagak.

«Egia da artzain bizimodua ohikoa dela, baina garai berrietara egokitzen joan gara», azpimarratu nahi izan du Arrillagak.

Administrazioak ezarritako arauak eta osasun baldintzak betetzeko mendietako txabolak txukuntzen eta egokitzen hasi zirenean ekin zion aldaketa horri mendiko artzaintzak. Behin arauak betetzen zituzten txabolak eskuratuta, «legezko» modu batean hasi ziren gazta egiten. Duela hiru urtetik, Idiazabalgo gaztaren barruan mendialdean egiten den gaztak etiketa berezia du: Euskal Herriko Mendiko Gazta izenekoa. «Proiektu hori sortu zenean, etiketa horrekin eta erregistroaren baimenarekin, behar eta aldarrikatzen genuen legalitatea eskuratu genuen», nabarmendu du zarauztarrak.

Mendiko gaztagintza hasia da haranekoak ezagutu zuen prozesua eta bidea egiten, Arrillagaren ustez. Aldaketa orok, baina, bere denbora behar du. Denborarekin, mendiko gaztak haranekoak lortu duen ospea eta kategoria lortzea espero dute, hori baita betiko artzaintzari egin diezaioketen aitortzarik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.