Bete-beteko eski asteburua Erronkarin

Mendiko eskiko Bandres-Karolo Oroimenezkoa eta iraupen eskiko Euskal Herriko Txapelketak jokatu dira asteburuan Larra-Belaguako mendietan eta eski estazioan. Izaba elurraren hiriburu izan da, eta giroa paregabea izan da larunbatean eta igandean.

2025eko Bandres-Karolo Memoriala
Eskiatzaile bat, Lakhurako ertzean, Bandres-Karolo proban. AITOR PEREZ / BANDRES-KAROLO OROIMENEZKOA
ramon olasagasti
Izaba
2025eko otsailaren 19a
05:00
Entzun

Izaba, Erronkariko hiriburua, elurraren hiriburu izan da joan den asteburuan. Edo eskiaren hiriburua. Mendiko eskia eta iraupen eskia, biak Euskal Herriko Pirinioetan oso errotutako jarduerak, taup-taup ibili dira larunbatean eta igandean Erronkaribarreko zainetan. Ehunka autokarabana eta furgoneta Izaban bertan, Burgin, Erronkarin, Belaguako aterpeko edo Ferial nahiz Contienda guneetako aparkalekuetan; hainbat eskiatzaile hango eta hemengo, eta beste hainbat euskalki nahas-mahasean, Erronkarira onki xinak. Batetik, mendiko eskiko Bandres-Karolo Oroimenezkoa egin da Lakhura mendiaren hegaletan, eta, bestetik, iraupen eskiko Euskal Herriko Txapelketak jokatu dira Larra-Belaguako eski estazioan, larunbatean esprint distantzian eta igandean distantzia luzean.

Larunbatean egin zen Bandres-Karolo Oroimenezkoa, mendi-mendiko elur baldintzetan, eta azkenik, Marta Riba kataluniarra eta Daniel Izquierdo soriarra gailendu ziren Belaguako aterpean jarritako helmugan. Ez da erraza izan aurtengoa: bazirudien nahikoa izango zela otsailaren 7 eta 8 arteko elurtearekin, baina probaren aurreko egunetan argaltzen joan zen geruza, eta Lakhuraren hegoa ia soilduta geratu zen. Eskerrak ipar aurpegiko ospelean gehiago iraun zuen mantu zuriak. Ibilbidea Lakhura mendiaren ingurumarietara mugatzearena ez da antolakuntzaren kontua, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak bere baimenean ezarritako nahitaezko baldintza baizik, eta horrek nabarmen murrizten du ibilbidea prestatu ahal izateko joko eremua.

Probaren laburpen bat. LIBE BALTZATEGI

Ostiral gaueko izotzak, berriz, izugarri gogortu zuen elur geruza, eta, ondorioz, nahiko baldintza zailak izan ziren mendian, batez ere probaren hasieran. Lehen jaitsieran, Igone Campos zumarragarra, faborito nagusietako bat, erori egin zen eskia askatu ondoren, eta, erorikoaren ondorioz, sorbalda atera eta besahezurra apurtu zuen. Nafarroako suhiltzaileen erreskate taldeko helikopteroak Iruñeko Unibertsitate Ospitalera eraman zuen eskiatzailea. Camposek mezu hunkigarri hau bidali zuen bere sare sozialen bidez larunbatean bertan: «Datozen egunetan ebakuntza gelatik pasatu beharko dudala dirudi. Orain mina handia da, bai besokoa, bai bihotzekoa, baina denborarekin pasako da! Ezin duzue imajinatu zein esker oneko sentitzen naizen hasiera-hasieratik sentitu dudan babes guztiagatik. Benetan hunkituta nago jasotako animo eta maitasun mezu guztiengatik».

«Oso esker oneko sentitzen naiz. Benetan hunkituta nago jasotako maitasun mezu guztiengatik»

IGONE CAMPOSMendiko eskiatzailea

Aterpearen inguruetan ere nahigabea sortu zuen istripuak. Aurreneko hiru neskak —Marta Riba, Nahia Quincoces eta Uxue Fraile— helmugaratu berritan elkarrekin solasean ari zirela, Igone zen hiruren kezka. «Lasterketa guztia horrekin arduratuta pasatu dut. Haren ondotik pasa naiz, zer moduz zegoen galdetzera, eta 'ondo' erantzun dit, baina aurrera jarrai nezan, seguruenik. Mendian horrelakoak pasatzen dira; ea orain azkar osatzen den», adierazi zuen Quincocesek. Ribak ere Quincocesen hitzak entzunda, agur bero bat bidali nahi izan zion Camposi: «Hemen egon behar zuen, gure artean».

Ibilbideko jaitsieretako batean, oinarriko elur plaka bat ere askatu zen, eta, zuhurtziagatik, handik berriro ez pasatzeko eta lasterketa eteteko erabaki zuhurra hartu zuten antolatzaileek. Nolanahi ere, zailtasunak zailtasun, partaideek ibilbidearen edertasuna eta gogortasuna nabarmendu zuten. «Ibilbide mota hauek, mendikoak, niri ikaragarri gustatzen zaizkit. Hauxe da mendiko eskia», nabarmendu zuen Marta Riba irabazleak. Asier Labairu nafarrak, «basatia» izan zela adierazi zuen, eta segidan gaineratu: «Baina horixe gustatzen zaigu, eta gozatu dugu».

Proba eteteak zaildu egin zuen sailkapenak erregistratzea, helmugan zaila baitzen bereiztea nork pasa zuen mozketa eta nork ez, baina, EMFko epaileek hartutako denborak berrikusita, probaren webguneko esteka honetan daude sailkapenak.

2025eko Bandres-Karolo Memoriala
Irudian, askatu zen plakaren goiko aldea, eta hiru eskiatzaile Lakhura hegotik behera. JOSEBA ARLEGI

Mendikoak bukatuta, arratsaldean Izabako zineman eta kaleetan jarraitu zuen Antxon Bandresen eta Carlos Imirizaldu Karolo-ren oroimenezko probak, eta une benetan ederrak eta hunkigarriak bizi izan ziren. Aitor Sarriegi eta Imanol Uria bertsolariek egin zituzten agurrekoak, goizean proban parte hartu eta gero.

Bertsolarien ondoren, Fermin Illarregi eskiatzaileak, probaren arimetako batek, Izaskun Zubizarreta bikotekideak utzitako enkargua bete zuen, eta hunkidura sakona sortu zuen zineman bildutako mendiko eskiatzaileen artean. Zubizarretak 2013an irabazi zuen Bandres-Karolo Oroimenezkoa, eta 2018an, berriz, Bandres-Karolo Saria jaso zuen, mendiko eskian egindako ibilbidearen aitortza gisa, baina, zoritxarrez, iazko abuztuan utzi gintuen. «Izaskunek 2023ko abendutik bazekien bere gaixotasunak pronostiko txarra zuela, eta 2024an ilusio handia zuen Bandres-Karolo Memorialera etortzeko, mendiko eskiatzaile komunitateari agur esateko; izan ere, hemen urtero-urtero elkartzen zareten askok bizipen pila bat konpartitu zenituzten Izaskunekin. Zoritxarrez, elur faltagatik bertan behera geratu zen iazkoa, eta orduan enkargua eman zidan zuei guztioi eskerrak emateko, konpartitutako guztiagatik, eta esateko jarrai dezazuela disfrutatzen, berak esaten zuen bezala, munduko kirolik politenaz».

Eta horixe egin zuten Izaban bildutakoek, goizean mendian eta arratsaldean zineman. Hori gozatua hartu zutena, adibidez, Belen Eguskizaren eta Poto Gorrotxategiren Alpeetako zeharkaldiari buruzko emanaldiarekin. 1990. urtean, hiru hilabetean, mendiko eskiaren egiazko aitzindari horiek alderik alde zeharkatu zituzten Alpeak eskian, hasi Austriako Badgastein herritik eta Nizara, mendigunez mendigune. Izabako zinema lepo bete zuten eskiatzaileek mira eginda ikusi eta entzun zituzten Gorrotxategiren eta Eguskizaren irudiak eta zuzeneko azalpenak, jakinduriaz eta gatz eta piperrez onduak.

«[Izaskunek] enkargua eman zidan zuei guztioi eskerrak emateko, konpartitutako guztiagatik, eta esateko jarrai dezazuela disfrutatzen, berak esaten zuen bezala, munduko kirolik politenaz»

FERMIN ILLARREGIMendiko eskiatzailea eta antolakuntzako kidea

Bandres-Karolo Sariaren aitortza Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak jaso zuen, Andoni Areizaga zenak —kirol horren beste bultzatzaile handi batek— Altitoy proba antolatzeari ekin zionetik proba bultzatzen eta mendiko eskiaren alde egindako lanagatik. Elkartearen izenean Maddi Arrazola eta Periko Juanikorena eskiatzaileek jaso zuten saria. Hala adierazi zuen Juanikorenak: «Andoni ezagutzen zenutenok badakizue borrokalaria zela, eta zerbait kaskezurrean sartzen zitzaionean, lortu arte ez zela gelditzen. Azkenean, lortu zuen bere ametsa: lasterketa on bat egitea, munduko eskiatzaile onenak etxera ekartzea, Pirinioetara, baina aldi berean, proba hori herrikoia ere izatea, eta urtero 600 lagun elkartzea Pirinioetan», azpimarratu zuen Juanikorenak. Bandres-Karolo Sariaren aitortza jasotzea «ohore handia» zela gehitu zuen.

Zinemakoak bukatuta, Aitor Sarriegi eta Imanol Uria bertsolarien atzetik segizioan, bertso poteoak eta festak Izabako taberna eta kaleetan jarraitu zuen.

Iraupen eskiko Euskal Herriko Txapelketak

Larra-Belaguan bertan, iraupen eskiko Euskal Herriko Txapelketak jokatu ziren larunbatean eta igandean: larunbatean esprint distantziako probak, eta igandean, distantzia luzekoak. Guztira 65 eskiatzaile elkartu ziren Larra-Belagua eski estazioko Contienda eremuan, haien artean kataluniar eta aragoiar batzuk ere bai. Euskal Herriko taldeen artean, Irrintzi, Erronkari, Uharte eta Alpino Uzturre taldeetako eskiatzaileak aritu ziren lehian.

Iruñeko Irrintzi taldeko iraupen eskiatzaileak
Iruñeko Irrintzi taldeko eskiatzaileak, asteburuan, Larra-Belaguan. Ezkerretik hirugarrena, Irati Cuadrado, Euskal Herriko txapelduna. ASIER REQUEJO

Azken urteotan, Euskadiko eta Nafarroako federazioek elkarrekin antolatzen dituzte iraupen eskiko Euskal Herriko txapelketak, eta «giro eta harreman oso ona» dute elkarren artean, halaxe nabarmendu du Igor Aranburuk, Negu Kiroletako Euskal Federazioko (NKEF) teknikariak. Larra-Belaguako estazioaren laguntza ere azpimarratu du Aranburuk. «Euskal Herriko eski estazio nagusia izanik, beti daude laguntzeko prest, eta azken urteotan bertako arduradunak eta langileak lan izugarria egiten ari dira txapelketa horiek aurrera ateratzeko, eta, beraz, eskerrak eman beharrean gara federazioen aldetik».

Eguraldia lagun izan zuten bi egunetan; aukeran, bero handi samarra, baina oro har, pistetan baldintza onak izan zituzten eskiatzeko.

Larunbatean, esprint distantziako probak jokatu ziren. 12 eta 10 urtez azpikoek kilometro erdiko distantzia osatu behar zuten, eta hortik gorakoek (U14, U16 eta nagusiek), kilometro bateko distantzia. Maila nagusian, nesketan, Irati Cuadrado Irrintzi taldeko burlatarra izan zen txapeldun, Cynthia Martinez taldekidea izan zen bigarren, eta, Magali Lekue Uzturre taldeko kidea, hirugarren. Mutiletan, berriz, Peio Añarbe gasteiztarra gailendu zen Hodei Juaristi Uzturreko eskiatzailearen eta Luka Garcia-Fresca Uharteko kidearen aurretik.

Gazteen artean, 16 urtez azpikoetan, June Aranburu Uzturreko eskiatzailea izan zen Euskal Herriko txapeldun, eta bigarren, Inge Arin. Mutiletan, berriz, nafarrak nagusitu ziren: Izei Irigoien Erronkari taldekoa izan zen irabazle; Adur Redrado taldekidea, bigarren; eta Irrintzi taldeko Jon Bea, hirugarren.

Hamalau urtez azpikoen artean, nesketan, Libe Curras (Uzturre), Iradi Elvira (Irrintzi) eta Itzel Redrado (Erronkari) izan ziren hiru aurrenekoak. Eta mutiletan, berriz, Oihan Capel (Irrintzi), Iker Aranburu (Uzturre) eta Beñat Irigoien (Erronkari).

Beteranoetan, azkenik, Master 1 kategorian (40-49 urte) nesketan, Cynthia Martinez bera izan zen txapeldun, eta mutiletan, Harkaitz Labeaga txapeldun eta Alejandro Razquin bigarren. Master 2 kategorian (50 urtetik gora), berriz, Iñigo Aldaz nagusitu zen.

Tolosako Alpino Uzturre taldeko iraupen eskiatzaileak
Tolosako Alpino Uzturre taldeko eskiatzaileak. Libe Curras, June Aranburu eta Iker Aranburu txapeldun izan ziren gazte mailetan. ASIER REQUEJO

Igandean, berriz, distantzia luzeko txapelketak jokatu ziren. Goizean erdi lainotuta egon zen, eta elurrak hobeto iraun zuen. Txikienek 2,5 kilometroko distantzia osatu behar zuten; 14 eta 16 urtez azpikoek, 5 kilometroko distantzia; eta nagusiek, 10 kilometrokoa.

Nagusietan, esprint distantziako podium bera izan zen nesketan: Irati Cuadrado irabazle, Cynthia Martinez bigarren eta Magali Lekue hirugarren. Mutiletan, berriz, Ibai Letona (Irrintzi) izan zen Euskal Herriko txapeldun, Irular Eskisabel (Elur Giro) bigarren eta Hodei Juaristi (Uzturre) hirugarren.

Gazteen artean, 16 urtez azpikoetan, June Aranburu (Uzturre) eta Izei Irigoien (Erronkari) izan ziren txapeldun, eta 14 urtez azpikoetan, Libe Curras eta Iker Aranburu, biak Uzturre taldekoak. 

Beteranoetan, azkenik, Master 1 kategorian, igandean ere Cynthia Martinez eta Harkaitz Labeaga izan ziren Euskal Herriko txapeldun. Mutiletan, bigarren, Igor Aranburu izan zen. Master 2 kategorian, berriz, Iñigo Aldaz bera nagusitu zen 10 kilometroko distantzia horretan ere. Nabarmentzekoa Aldazek egindako proba, adin guztiak kontuan hartuta, zazpigarren izan baitzen sailkapenean.

Emaitza guztiak, esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.