Mendi korrikalaria

Iñigo Alzola: «Bertikaletan, indarrak kontrolatzen jakitea da gakoa»

Euskal Herrian irailean eta urrian izaten dira bereziki igoera bertikalak, eta lasterketa mota horietan espezialista da Iñigo Alzola. Haren ibilbidean esanguratsuak izan dira Txindokin, Anboton eta Euskal Herriko txapelkeetetan egindako erakustaldiak.

(ID_17276992873435) Iñigo Alzola mendiko korrikalaria
Iñigo Alzola bizikleta eta korrika uztartuko dituen erronka bat prestatzen ari da urriaren 12 edo 13rako. UNAI UGARTEMENDIA
Unai Ugartemendia.
Beasain
2024ko urriaren 2a
05:05
Entzun

Ikastolako zereginak amaituta azaldu da Iñigo Alzola mendiko korrikalaria hitzordura (Arrasate, Gipuzkoa, 1990). Hitz egiten hasi orduko, antzematen zaio mendi lasterketekin gozatzen duela. Patxadaz hitz egiten duten horietakoa da.

Denboraldiaren bigarren zatiko lehen lasterketa jokatu zenuen Beriaingo kilometro bertikalean. Zer moduz?

Oso pozik amaitu nuen. Helmugan, Guillermo Ramosek bakarrik hartu zidan aurre. Aldea hiru segundorena izan zen soilik. Hura mundiala prestatzetik zetorren, eta banekien oso sasoi onean zegoela. Ez nuen uste hain gertu ibiliko nintzenik. Lokatz handia izan genuen, gainera, eta denborak ez ziren esperotakoak izan. Hasi eta buka, oso indartsu aritu nintzen.

Nolako lasterketa da? 

Bertikal arraroa da, bi zatitan jokatzen dena. Hasiera oso azkarra du. Herritik hasten da, errepidetik, eta, gero, korrika egiteko zati dezente dauka. Aipatutako hasiera horren ondoren, nahiko zati gogorra dator, bertikal-bertikala. Horren ostean, bukaeran, Beriaingo tontorra baino pixka bat beherago hasten da berriz ere zati bertikala. Beraz, indar nahikoarekin iritsi behar da hara, korrika pixka bat egiteko. 

Bertikalen egutegi osoa egiteko asmoa al zenuen? 

Aurtengo nire asmoa bertikalen Euskal Kopan lehiatzea zen. Baina Euskal Mendi Federazioak aldaketa batzuk egin zituen planteamenduan, eta ez nintzen ohartu aurretik izena eman behar zela Kopako proba guztietan parte hartzeko. Horren ondoren, nire asmoa Txindokiko eta Zegamako bertikalak korritzea zen, eta, uda ondoren, Beriaingoa eta Anbotokoa. Ezustean, Txindokikora ondo iritsi nintzen, eta irabaztea lortu nuen. Nahiz epez kanpo egon, ea sartzeko aukerarik nuen galdetu nien federaziokoei, baina ez zuten nire eskaria onartu. Horrenbestez, sailkapen orokorretik kanpo nago. 

Posible al da bertikalen Euskal Kopako hiru probetan podiumean egon, sailkapen orokorrean lehen postuan amaitu eta Kopako txapeldun ez izatea?  

Txindokikoa irabazi ondoren, Zegamakoa korritu nuen, eta Aritz Unamunok eta biok denbora berarekin amaitu genuen. Orain, Beriainen bigarren amaitu ondoren, nirea behar zuen Euskal Kopak. Euskal selekzioko hautatzaileekin eta komisioko lagunekin hitz egiteko aukera izan dut, eta haiek ere saiatu onartu nazaten, baina badirudi erabakia goitik datorrela, alegia, zuzendaritzatik. Ezin izan dut ezer egin.

Zein dira lasterketa bertikalen sekretuak?

Hasi nintzenean, pentsatzen nuen hasieran dena emanda irten eta gainerakoa irautea zela. Denborarekin ohartu naiz, lasterketa erregularra egiteko, indarra kontrolatzen jakitea dela gakoa. Ordutik, azken urteetan, Ander Garmendiarekin entrenatzen aritu naiz, indarra gordetzen ikasteko. Anbotoko bertikalean, adibidez, indarra kontrolatzea zen sekretua, erraz ari nintzela sentitzea, ondoren indar guztia atera eta aurrera egiteko. Fresko-fresko zoazela ematen du, eta, nahiz eta ez zoazen hain lasai, amaieran indarra daukazu. Azkenaldian, asko lantzen dut teoria hori, eta nik uste asmatu dudala. Beriaingo lasterketarako ere hori zen ideia.

Bereziki prestatzen al dituzu lasterketa bertikalak?

Orain bai, eta nik uste hori ere sekulako gakoa dela. Horrez gain, iruditzen zait korrika bakarrik egiten jakitea ere oso garrantzitsua dela. Azken batean, bakarrik joanda, denborari erreparatzen diozu, leku bakoitzean zein minututan egon behar duzun. Guztiak batera joatean, gaizki zoazela pentsatzen duzu. Nire kasuan, behintzat, nahiago dut bakarka eta bakarrik posible bada. 

Nolatan hasi zinen lasterketa bertikaletan? 

Nire gorpuzkeragatik, betidanik arina izan naiz, eta hobeto joan naiz gora, behera baino. Nire indargunea gora joan eta distantzia motzak egitea izan denez, lasterketa hauetarako prestatzen hasi nintzen, alegia, bertikaletan espezializatzen. Ondoren landutako hori guztia fruituak ematen ari da orain. Jende askok, bertikalak probatu, eta ez ditu berriz ere egiten. Motzak diren arren, berrogei minutuko sufrimendua dakarte gutxienez. Entrenamenduak ere oso gogorrak izaten dira. 

Egun, Euskal Herrian, mendi lasterketa bertikalen espezialista bihurtu zara. 

Bai. Egia da azken urteetan neurtu egin behar izan ditudala lasterketak, bai familiarengatik, bai lanarengatik. Urteetan, maila handiko korrikalariak izan ditugu; esaterako, Iban Murua eta Iñigo Lariz. Aurten, berriz ere gogor hasi naiz, eta Anboton 40 minutu eta 3 segundotik jaistea dut helburu. 

Distantzia luzeetako lasterketak ere jokatu izan dituzu, eta haietakoren batzuk irabazi ere bai. 

Bai, zortea izan dut, geroz eta garestiagoa baitago irabaztea! Duela bi urte, selekzioan nengoenean, beste distantzia batzuk korritu behar genituen. Garai hartan, Espainiako Kopa eta beste hainbat lehiaketa jokatu genituen. Egia da, orain, distantzia motzetan espezializatzean garaipen batzuk izan ditudala. Ordu eta erditik aurrera luze egiten zaizkit lasterketak.

«Distantzia motzetan espezializatu naiz, eta ordu erditik aurrerako lasterketak luze egiten zaizkit orain»

Urte pare bat eman zenituen euskal selekzioan. Nola gogoratzen dituzu garai haiek? 

Egia esan, sekulako oparia izan ziren. Selekziotik deitzeak izugarrizko ilusioa egin zidan. Oso garrantzitsua izan zen Iñaki Uribe-Etxeberria hautatzailearen dei hura niretzat. Egia da, agian, distantzia haiek oso luzeak zirela niretzat, baina ezin nuen aukera hori galdu. Jende asko ezagutu nuen, eta korrikalari onenekin egin nuen korrika, esaterako Ander Iñarrarekin, Jokin Lizeagarekin eta Hassan Ait Xaurekin. Izugarrizko taldea zen hura! Ez korrikalari gisara bakarrik, pertsona gisara ere apartekoak dira. 2019an sartu nintzen selekzioan, eta 2020an COVID-19a iritsi zen. Ondoren, 2021 etorri zen, eta, selekzioan nengoen oraindik. Baina oso urte arraroa izan zen. Denbora asko pasatu nuen korrika egin gabe, bizikletan soilik ibiltzen. Gogoan dut azken lasterketa Karakaten izan zela. 2021eko abenduan dena lehertu eta amaitu zen.

Nola hartu zenuen Euskal Mendi Federazioko arduradunen erabakia?  

Hasieran amorruz, haserre. Oso gogorra izan zen. Nire atzean hainbeste jende lanean arituta, hainbeste boluntario eta laguntzaile izanda, ez nuen ulertzen zergatik eman zuen federazioak erantzun hori. Normala da federazioak hautatzaileekin hitz egitea, nork jarraitu erabakitzeko. Baina ez zitzaizkidan gustatu horretarako erabili zituzten moduak. Gaur egun, selekzioan izan ginen gehienok irabazten jarraitzen dugu, eta gehienekin harremanetan jarraitzen dut.

«Gaur egun, selekzioan izan ginen gehienok irabazten jarraitzen dugu, eta gehienekin harremanetan jarraitzen dut»

Zu talde hartan zinen, baina jada selekzioan ez jarraitzea erabaki zenuen. Gogorra izan al zen erabaki hura hartzea? 

Ez, oso argi nuen. Gainera, nik talde hartan sinesten nuen. Jende berria sartzean, talde hark jada ez zuen zentzurik. Ondorioz, ez zuen zentzurik han jarraitzeak.

Garai hartako korrikalari batzuen maila ere zalantzan jarri zuten. Seinalatua sentitu al zinen? 

Seinalatua ez nuke esango, baina pentsatu nuen nitaz hitz egingo zutela, ez bainuen nire onena erakutsi. Halere, ez nuen gaizki hartu, iritsi baitzen puntu bat nigatik baino gehiago taldeagatik sentitzen nintzela gaizki. Nire asmoa ez zen taldea uztea, baina, gure taldekideak ez ezik, boluntarioak eta laguntzaileak ere nola tratatu zituzten ikusteak erabakia hartzen lagundu zigun. Gainera, urte gogorra izan zen, pandemiatik gentozen… Geroztik, deitu izan didate bertikaleko txapelketetara joateko, eta aurten Munduko Kopako proba batera joateko. Pentsa nola aldatzen diren gauzak! Pena handia sentitu nuen hasieran, baina nahiko argi nuen erabakia. Iruditzen zait nire momentua pasatua zela euskal selekzioan. Federazioaren agintean daudenak hor jarraitzen duten bitartean ez daukat itzultzeko asmorik.

Selekzioan aritu zinen urteetan aparteko presioa sentitu al zenuen? 

Bai, baina batez ere neure buruarekin. Inoiz ez zidaten ezer exijitu, aurkakoa esango nuke. Beti izan nuen haien babesa. Halere, ez nituen oso urte onak izan selekzioan. Helburua Espainiako Kopan aurrean ibiltzea zen, eta nik ez nuen lortu. Egia da selekzioan nengoenean lasterketa batzuk ere irabazten nituela, nahiz eta beste maila batekoak ziren.

Ander Iñarra, Asier Larruzea, Beñat Katarain edo zu zeu kontuan hartuta, uste duzu euskal selekzioak belaunaldi bat galdu duela? 

Lehenik eta behin, uste dut belaunaldi hau ez dela aurretik egon zenaren mailara heldu: esaterako, Jokin Lizeagaren, Aritz Egearen edo Iban Letamendiren mailara. Munduko Kopari erreparatuta, agian bai, baina bestela ez nuke galdu denik esango. Azkenean, beste garai batzuk ziren, eta beste bizimodu bat genuen. Gainera, askok seme-alabak izan zituzten. Horrek ere eragin zien, nahiz eta ziurrenik gogor entrenatzen garen guztiok oraindik. Beraz, galdu, agian, selekzioak galdu duela esango nuke; besteok berdin-berdin jarraitzen dugu.  

Aurten egin zenuen esfortzu proba batean susto txikiren bat izan zenuen.

Aspaldi izan nituen takikardia batzuk, baina sekula ez naute esfortzu proba batean harrapatu. Ekografiak egiteko garaian, beti guztiak ondo eman izan du. Horrelakoetan, beti jarraitu izan dut korri egiten. Baina, aurten, takikardia izan nuen esfortzu proba batean, eta kezkatu egin nintzen. Ander Garmendia entrenatzailearen bidez ezagutu nuen Haritz Esnal medikua eta haren taldea. Haiekin aritu nintzen apur bat lanean, begiratzen, eta ikusten zer egin. Jarraitzeko baimena eman zidaten, eta dena ondo zegoela.  

Geldirik egotea tokatu zaizu? 

Ez dakit zer egingo nukeen kirola kenduko balidate! Lasai hartzeko esan zidaten, baina ez ninduten geldiarazi. Gainera, Aste Santua tartean zegoen, eta bi aste horiek lasai hartzea erabaki nuen. Haritz Esnal oso ondo portatu zen nirekin, proba edo esfortzu proba batzuk egin ondoren, alta eman zidaten Txindokiko bertikalaren astean. Hori guztia pasatu  eta gero, Txindokiko lasterketa irabaztea sekulakoa izan zen niretzat. Esnalekin, gainera, mediku-paziente harreman horrez gain, lagun egitea ere lortu dut. Hark proposatu zidan urrian egin nahi dudan erronka.

Zein izango da erronka?

Eguraldiaren arabera, asmoa urriaren 12an edo 13an egitea da. Zumaiatik Zegamara bizikletan joan [Gipuzkoa], ondoren oinetakoak jantzi eta Zegamako kilometro bertikaletik tontorrera igotzea da asmoa; ondoren, berriz, handik jaitsi, berriro ere bizikleta hartu, eta Zumaiara itzultzea. Asmoa ahalik eta azkarren egitea da. Bost ordutik jaistea dut helburu; lau eta erdian egitea, ahal bada [barrezka].

Erronka horren ostean, non lehiatuko zara? 

Egia esan, pentsatua nuen atseden pixka bat hartzea, eta, ondoren, errepidean hastea, eta eskiatzea. Azkenean, bertikalen antzeko lasterketak dira. Halere, oraindik, larunbatean Anbotoko bertikala daukat egiteko.

Motzean

Zein da mendi lasterketetan egin duzun lagunik onena?
Egia esan, asko egin ditut: besteak beste, Jokin Lizeaga eta Axier Alonso.

Lasterketa bat?
Anbotoko Kilometro Bertikala.

Jokatzeko duzun edo errepikatuko zenukeen bat?
Dolomyths Run [Canazei, Italia].

Mendi korrikalari bat?
Jokin Lizeaga.

Mendi lasterketetako talde bat osatzeko beste lau korrikalari?
Asier Larruzea, Axier Alonso, Beñat Katarain eta Xabi Macias.
Entrenatzeko toki bat?
Udalatx [Arrasate, Gipuzkoa].

Beste kirol bat?
Txirrindularitza.

Kirolari bat?
Haimar Zubeldia.

Sareetan jarraitzen duzun kirolari bat?
Tadej Pogacar.
Jaki bat?
Patata erreak.

Edateko?
Garagardoa.

Musika talde bat?
Añube.

Abesti bat?
Añube taldearen Kanpazar 1975.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.