Berriro ere mendi ederren bila

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza Gasherbrum mendietara joango dira, ezohiko bideak egiteko asmoz, Wopeak proiektua ixteko. Mendikateko baldintzen arabera zehaztuko dute helburua

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistak eta Jon Herranz kameraria, atzoko aurkezpenean. Gasherbrumera eramango duten materiala erakutsi zuten. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
2016ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Badoaz berriro ere erronka berrien bila. Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak osatzen duten soka taldeak badu beste erronka berri bat: Gasherbrum mendilerroa —mendi ederra, baltieraz—. Walk On Project fundazioak babestutako proiektuaren azken urratsa egin nahi dute.

Gorbeiako tontorra (1.481 metro) izan zuten lehen mugarria proiektua martxan jarri zutenek, 2010eko uztailean. Gerora, Hiru Erregeen Mahaia (2.428 m), Taillon (3.144 m), Txileko Copacollo sumendia (4.835 m), Nido de Condores (5.570 m) eta Aconcagua (6.960 m). Azken erronka hasi aurretik, Paiju Peak (6.610 m) eta Chamlang ere (7.319 m) igo zituzten. Tontor bakarra gelditzen zaie horretarako.

Gaur abiatuko dira hiru alpinistak Pakistan aldera. Baltoro glaziarraren ipar-ekialdean kokatutako mendi multzo bat da, Karakorum mendikatean, Himalaian. Denen artean, G-I (8.068 metro) eta G-II (8.035 metro) dira ezagunenak, baina Gasherbrumek sei mendi kateatzen ditu. Bertatik bertara izango dituzte beste bi zortzimilako ere. Ez nolanahikoak, gainera: K2 (8.608 m) eta Broad Peak (8.047 m).

Argitzeko dute oraindik zer eta nola egingo duten. Aukera guztiak zabalik dituztela abiatuko dira. Hala ere, ez doaz itsu-itsu.«Baldintzen arabera, han bertan hartuko dugu erabakia», argitu zuen Vallejok atzoko aurkezpenean.

Zentzuz jokatu nahi dute, beste behin. Azken urteetan hautatutako filosofiari eutsi nahi diote, eta mendiaren eta erronkaren neurrira egokitu nahi dute. Eguraldiak hainbeste baldintzatzen duen jardueran, beren aukeren eta indarren arabera, estilo alpinoan saiatuko dira. Bide berriak bilatzea eta ohiko ibilbideetatik aldentzea da azken finean zailtasuna, konpromisoa eta jardueraren interesa areagotzeko bidea.

Denboraldi honetarako argi zuten gauza bakarra zera zen: erronka zortzimilako mendi bat izango zela. Sei urte igaro dira azken zortzimilakoa igo zutenetik. Aukera ezberdinak izango dituzte, hala ere, Karakorumeko mendilerroan. Alde batetik, G-II (8.035 metro) eta G-I (8.068 metro) gailurrak kateatzea, behe kanpalekura jaitsi gabe. Hori izan daiteke aukera guztien artean erronkarik handiena. Bi zortzimilako, egun gutxitan. Inork ez du horrelakorik egin 1984. urteaz geroztik: orduan, Reinhold Messnerrek eta Hans Kammerlanderrek lortu zuten G-II eta G-I mendien zeharkaldi osoa.

Beste aukera berritzaileetariko bat G-I igotzea izan daiteke, baina bi bide konbinatuta: 1985eko bide italiarra —6.100 metrotik 7.000 metrora, ipar-mendebaldeko aurpegitik— eta 1977ko bide esloveniarra —azken zatia, 7.400 metrotik gailurrerakoa, hego-mendebaldeko aurpegitik eginda—.

Hirugarren aukera, berriz, G-II ezohiko bide batetik igotzea da: 1975eko bide frantsesetik. Bide horretatik bi igoera baino ez dira egin historia osoan. Alberto Iñurrategiren hitzetan, Gasherbrum mendiak «apartak» dira himalaismoa «bere mailarik politenean» bizi nahi dutenentzat: «Bide berriak eta gutxi zapaldutakoak egiteko aukera, Gasherbrumeko zeharkaldi ezaguna, G-Iera italiarren eta esloveniarren bideen lotura, frantziarrek G-IIra zabaldu zutena, Kukuczkak eta Kurtykak G-IIra egindakoa... aukerak hamaika dira, zein baino zein ederragoak, desiragarriagoak».

Arropa eta janaria

Gailurrak egiteko modua berritzeaz gain, baliabideak ere berrituko ditu Wopeak espedizioak. Alde batetik, Ternuak espediziorako propio egindako buzoak eramango dituzte. Bestetik, elikadurari dagokionez, Eneko Atxa sukaldariaren laguntza jaso dute—hiru Michelin izar dauzka bizkaitarrak—. Altuerak arnasketa zailtzen du, gaitasunak mugatzen ditu, eta gosea galtzea ere eragiten du. Otorduak erakargarriagoak eta atseginagoak izan daitezen, Atxak gazta, tomate, pesto eta oliba liofilizatuak prestatu dizkie, ohiko elikagaiei gehitzeko —pasta, kuskusa, patata purea...— eta bizigarriren bat eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.