Berreskuratu du txapela

Kilian Jornetek bederatzigarren garaipena lortu du Zegama-Aizkorrin, lasterketa hasieratik kontrolatu eta gero. Eli Anne Dvergsdalek bere lehen parte hartzean irabazi du. Bero sargoriak baldintzatu egin du proba.

Przedwojewski, Jornet eta Baronian, Zegamako helmugan. GORKA RUBIO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Zegama
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Azken bi urteetako hutsunearen ondoren, zaharrak berri Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren hemezortzigarren ekitaldian: Kilian Jornet kataluniarrak bederatzigarrenez jantzi zuen txapela Zegamako plazan (Gipuzkoa). Hasi aurretik, aurreko egunetan, argi utzi zuen bere onena ematera irtengo zela, eta, horrelakoetan, oso gutxitan huts egiten du historiako mendi korrikalaririk onenak. Beste muturrean, Eli Anne Dvergsdal emakumezkoa. Bere lehen Zegama-Aizkorri zuen, eta, estreinakoan, markatik minutu eskasera gelditu zen.

Irteeran elkartu ziren ia 530 korrikalariek eguraldi sargoria izan zuten. Lasterketa hasterako beroa nagusi zen irteeran, eta, eguna aurrera joan ahala, areagotuz joan zen.

Oier Ariznabarreta durangarrak jarri zizkion gatza eta piperra lasterketari, ohi bezala. Irteera eman orduko, mila metroko lasterketa balitz bezala, ziztu bizian ekin zion lasterketari. Atzetik, abantaila askorik gabe, Kilian Jornet eta gainerako guztiak. Aratzera iritsi baino lehen (16. kilometroa), Andy Wacker estatubatuarra izan zen lehen postuan, kataluniarrak lasterketaren lidergoa kendu zion arte. Jornetekin batera lasterketa irabazteko faborito ziren gehienak ez ziren ageri lehen postuetan, ez Remmi Bonnet —Urbian lasterketa bertan behera utzi zuen—, ezta Stian Angermund Vik ere.

Aratzetik aurrera, Jornet izan zen jaun eta jabe, lasterketa goitik behera menderatu zuen arte. Helmugan, abantaila handiarekin jaso zituen besoak Jornetek (3.52.47). Txapela zegokion buruan zen berriro ere. Atzekoen artean, lehia estua izan zen. Iaz podiuma zapaldu zuen Bartlomiej Przedwojewiski poloniarrak, atzetik aurrera egindako lasterketa eta gero, bigarren postua eskuratu zuen, haren taldekide Thibaut Baronian frantziarraren kaltetan. Zegama-Aizkorri lasterketaren mailaren eta zailtasunaren neurria ematen duen datu bat: azken bi urteetako irabazleak podiumetik kanpo gelditu ziren. Lehen euskal herritarra Ander Iñarra lezoarra izan zen, hamargarren postu bikainarekin (4.12.01).

Dvergsdalen nagusi

Inor gutxik ezagutzen zuen haren izena, eta ez zen azaltzen lasterketa irabazteko faboritoen artean. Baina, lasterketa hasi zenean, Eli Anne Dvergsdal norvegiarrak argi utzi zuen aurkariek korrika asko egin beharko zutela hari irabazteko. Lehen kilometroetan Oihana Kortazarrek egindako ahalegina alferrikakoa izanzen garaipen lortzeko. Denbora kontrol guztietan Dvergsdal izan zen onena, eta, bigarren zatitik aurrera, erraz nagusitu zen. Ez Yngvild Kaspersen (2017an garaile), eta ez Megan Kimmel (Munduko Kopako liderra), ez ziren hari jarraitzeko gai izan. Helmugan, Maite Maiorak 2017an ezarritako markatik minutu eta erdira gelditu zen (4.36.06). Hustuta iritsi zen helmugara. Inoiz egindako lasterketarik luzeena zuen herenegungoa. Bigarren eta hirugarren posturako lehia oso estua izan zen Elisa Desco italiarraren eta Amandine Ferrato frantziarraren artean. Helmugan, zortzi segundo besterik ez ziren izan bien artean, italiarraren pozerako.

Euskal herritarren artean, Oihana Kortazar izan zen onena (4.52.16). Bi urteko hutsunearen ondoren, 2011 eta 2012ko irabazleak agerian utzi zuen berriro ere onenekin lehiatu nahi dela. Beste bi euskal herritar ere izan ziren lehen hamarretan: Oihana Azkorbebeitia zortzigarren, eta Maite Maiora hamargarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.