Belarrek ‘Celedon’ bidea eskalatu du Lezen, beste 9a bat

Eskalatzaile bizkaitarrak esku artean zuen beste proiektuetako bat gauzatu du, Iker Pouk eta Jon Gurutz Lazkozek 2008an ekipatu eta Pouk berak lau urte geroago lehen aldiz eskalatutako «bide puska».

AINHIZE BELAR CELEDON (9a) BIDEAN
Ainhize Belar, 'Celedon' bidean (9a). EKAITZ ANDA
ramon olasagasti
2024ko irailaren 26a
12:00
Entzun

Ainhize Belar (Atxondo, Bizkaia, 2006) sasoiko dago, eta oporraldi amaiera ikusgarria osatzen ari da. Aurreko asteko asteartean Durangon eginiko elkarrizketan aipatu zuen hainbat proiektu lantzen ari zela, bideen izenak zehaztu gabe, eta hara non, biharamunean, irailak 18, proiektu horietako bat kateatzea lortu zuen: Celedon (9a) Lezeko ahotzarraren ondoan (Araba). Beraz, bederatzigarren graduko beste bide bat lortu du eskalatzaile bizkaitarrak, Iker Pouk eta Jon Gurutz Lazkozek 2008an ekipatu eta Iker Pouk berak 2012an eskalatutako «bide puska», haren hitzetan.

«A zer nolako hilabetea!», adierazi du Belarrek berak bere Instagram kontuan. «Abuztuaren amaieran, oporraldiko azken astea Lezen igaro genuen, eta han nire lehen 8b+ bidea eskalatu ahal izan nuen bistaz [Txirrin Txarran]. Egun batzuk geroago, Activos tóxicos (8c) eskalatu nuen. Bide horren amaiera eta Celedon bidearena berdinak dira, eta orduan erabaki nuen hurrengo batean behetik probatzea, mugimenduak begiratzeko eta etxetik gertu beste proiektu bat izateko».

Une horretan, ordea, Iñi Ameriketan (9a+) zen «gehien motibatzen zuen bidea», eta, udako etenaren ostean, Baltzolara itzuli zen bide horretan saiatzera. «[Iñi Ameriketan] lortu nuenean, jada hurrengoan pentsatzen hasi nintzen; Celedon bidera itzultzeko garaia zen». Hasiera-hasieratik «nahiko eroso» sentitu zela adierazi du Belarrek. «Sei saialdiren ondoren —azken urratsean nahastuta ere ibili nintzen, kar-kar-kar—, lortu nuen 45 metroko bide puska hau kateatzea. Lerroak horma osoa zeharkatzen du, eta erregeleta perfektuak ditu. Azken saialdian zentratuta joan nintzen, mugimendu bakoitzaz gozatzen, eta dena berez etorri zen. Plazer bat da etxeko txokoetan estutzea eta saialdiak bertako jendearekin partekatzea; ez dago ezer hoberik».

AINHIZE BELAR CELEDON BIDEAN (9a)
Bidearen ezaugarriak, luzera eta helduleku txikiak agerian uzten dituen argazkia. EKAITZ ANDA

Bederatzigarren graduko bide oso estimatua da Celedon. Iker Pouren eta Jon Gurutz Lazkozen proiektuak errepikatzaile dezente ditu, izen handiak guztiak (David Gambus, Gorka Karapeto, Patxi Usobiaga, Ruben Diaz, Mathieu Bouyoud, Pablo Barbero, Dani Andrada, Ander Lasagabaster...), baina orain arte mutilak ziren denak. Ainhize Belar izan da, beraz, harribitxi hau eskalatu duen lehen neska.

Pou anaiek ere zoriondu dute Belar: «Iñi Ameriketan eta Celedon eskalatuta, 18 urterekin, etorkizun ikusgarria du. Zorionak!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.