Lesioek ez diote arnasa hartzen utzi Patxi Usobiagari. Duela urte eta erdi izan zuen auto istripuak utzitako arrastoetatik ez da erabat osatu, eta ezinbestean kirol eskaladako lehiaketak uzteko erabakia hartu du. Atzo iragarri zuen agurra, Eibar jaioterrian, lagunen aurrean —bere webgunean ere agur eskutitz hunkigarri bat idatzi zuen—. Hernia diskoa ukitua du, eta sorbaldan eragiten dion minak maila gorenean eskalatzea eragozten dio.
«Azken urtebetean gauza askoren aurka borrokatu behar izan dut, eta gogorra izan da. Erabakia oso serioa izan da». Tristura puntu batekin, baina, lesioaren aurka ezer ezin zuela egin jakitun, hamar urteotan egindakoarekin harro esan zuen agur atzo Usobiagak. «Orain bi urte hemen izan nintzen, Munduko Txapelketa ospatzeko, eta orduan jada pentsatu nuen agian txapelketan parte hartzen nuen azken aldia izango zela». Eutsi dio beste bi urtez. «Eta ez nuen uste 2011 erretiroaren urtea izango zenik, beste urtebetez edo bi urtez jarraitu nezakeela uste nuelako». Baina auto istripuaren ondoren, ia entrenatu ezinik zebilen eibartarra. Azken bi urteotan sufritu egin du gehien gustatzen zaion kirolarekin. «Baina orain jada ezin dut parte hartu lehiaketetan, eta kirolari profesional gisa erretiratzea erabaki dut».
Eskaladak oihartzun eta laguntza gutxi izaten du sarritan, baina Usobiagak ondoan izan zituen atzo hainbat erakundetako ordezkariak. Besteren artean, agurreko ekitaldian izan ziren Miguel de Los Toyos Eibarko alkatea, Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol, Kultura eta Gazteria diputatua, eta Patxi Mutiloa Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria.
31 urterekin esan du agur Usobiagak. Eibartarrak ia hamar urte egin ditu goi mailan lehiatzen, eta tarte horretan kirol eskaladan irabazi daitezkeen txapelketa garrantzitsu guztiak irabazi ditu: Munduko Kopa 2006an eta 2007an, Munduko Txapelketa 2009an —bigarren sailkatu zen 2003an, 2004an eta 2007an—, Europako Txapelketa 2008an, nazioarteko izaera duten masterrak... Eta sariak ere ugari jaso ditu. 2006ko urte magikoan jaso zituen gehienak: Euskal Kirolari onenaren saria, Climbing aldizkari amerikarrak izendatzen duen eskalatzailerik onenaren saria, Gipuzkoako kirolari onenaren saria...
Lehiaketatik kanpo ere mugarriak jarri ditu harkaitzean; 8c+ zailtasuna bistaz gainditzen aurreneko eskalatzailea izan zen, Etxaurin (Nafarroa) Bizi euskaraz bidea eskalatuta. Landuta 9a+ maila kateatzera iritsi zen, La Rambla eta Biographie bideak gaindituta, eta muturreko beste bide uzta handia poltsikoratu du. Hitz handiak dira horiek; kirol eskaladan arrastoa utzi du Usobiagak. Akaso, 9b mailara jauzi egin ez izana du arantza bakarretakoa: «9b egin nahi nuen, eta une batzuetan neure burua horretarako gai ikusi nuen. Baina garai horiek pasa dira, eta zaila da orain maila horretarako sasoia hartzea».
Lehiatzen 1994an hasi zen Patxilin txikia, jubenila zela, Espainiako Txapelketan. «Hura izan zen nire sarrera. Ordutik eboluzio bat egon da, eta eboluzio horretan nire motibaziok eta erronkak jarri ditut. Horri esker, txapelketetan nituen helburu guztiak lortu ditut», esan zuen atzo eskalatzaileak —2004an eta 2005ean Espainiako txapeldun izan zen—. Baina lehiaketa eta txapelketa guztiak izan ditu garrantzitsuak: «Guztietatik ikasi dut zerbait, irabazle izanda edo azken postuan sailkatuta».
Kirol eskaladatik surfera
Bi hilabete daramatza katuoinak jantzi gabe, baina baditu ordezkoak: eskarpinak eta surfeko ohola. Kirol eskaladatik surferako urratsa egin du, eta olatu artean berritu du motibazioa. «Hainbeste dut ikasteko eta egiteko, hain gauza berria da niretzat, 10 urte nituenean eskaladarekiko sentitu nuena ari naiz orain surfarekiko sentitzen». Bihar bertan Costa Ricara abiatuko da hilabeterako. Burua lasaituz, uretan gozatu eta atseden hartzeko.
Azken urteotan erreferenteetako bat izan den kirolaria galdu du eskaladak. Baina bere buruari erronkak jarri zalea izan da beti Usobiaga, eta aurrerantzean ere saiatuko da batean ez bada, bestean, helburuak lortzen.
Behartutako agurra
Lehiatzeari utzi egin diola iragarri du Patxi Usobiagak, lesioak tarteko; kirol eskaladan erreferente izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu