Gasteizen da hitzordua, Irati Andaren bulegoan. Bulegoko mahaia paperez beteta dauka. Ez dira egun arruntak Euskal Mendi Federazioan, hauteskunde garaiak direlako. Hurrengo egunetan jakingo da ea aldaketak izango diren edo ez.
Jada sei hilabete egin dituzu Euskal Mendi Federazioko zuzendari tekniko lanetan. Zer-nolako balantzea egiten duzu?
Gustatuko litzaidake esatea balantze positiboa egiten dudala, baina ez da horrela izan. Sartu nintzenean, ez nekien ziur zein zen zuzendari tekniko baten lana, zer egin behar nuen eta zer ez... Ordurako, informazioa bildu nuen nire funtzioak izango zirenei buruz, baina, gero, lanean hasi nintzenean, beste gauza batzuk topatu nituen. Lan kopurua handia izan da, gauza ezberdin asko landu behar direlako. Ni eskaladan aditua naiz, baina gainerako arloetan eguneroko martxan jantzi behar izan dut, mendi lasterketetan eta eskian, esaterako. Araudiak irakurri behar dira, kirolaren legea, agiri asko... Askotan lanak gain hartuta sentitu naiz. Gauzak kontroletik kanpo zeudela sentitzen nituen. Gauza berri asko batera izatearen ondorioak ezagutu ditut.
Zure gertukoek zer esan dizute?
Eskaladatik ezagutzen nindutenek asko animatu naute, eta beste askok ikaragarri lagundu didate gauza berriekin. Urteek esperientzia ematen dute, eta askotan oso animatuta eta bestetan dena albo batera uzteko gogoarekin sentitu izan naiz, beste lan askotan bezala. Askotan pentsatu izan dut, zer egiten dut nik hemen? Baina kirola bizirik dago, eta aldatuz doa, eta niri aldaketa hauek asko gustatzen zaizkit. Diziplina ezberdinetan aldaketa asko izan dira azken urte hauetan, eta hori oso albiste ona da.
Nola otu zitzaizun lan honetan hastea?
Eskaladan lehiatzeari utzi behar izan nionetik, noraezean ibili nintzen denbora batean. Ikasketa batzuk baditut eta, entrenatzaile moduan nenbilen arren, ez da ondo ordainduta dagoen lan bat. Ez dago batere baloratuta, gaur egun edozein izan daitekeelako entrenatzailea. Jendeak pentsatzen du badakiela zerbait modulu txiki bat eginda edo Interneten zerbait begiratuta. Askok ez dute entrenatzaile baten beharrik ikusten. Horrek ezegonkortasunera eraman ninduen. Aukera sortu zenean, nire ikasketekin zerikusia zuela ikusirik, aurkeztea pentsatu nuen. Esperientzia berri bat zen, eta aukeratua izatea suertatu zitzaidan. Ez nago batere damututa.
Zer-nolako egoera aurkitu zenuen federazioan?
Egoerak atsekabea eragiten zuen, espero ez nuen egoera bat zen. Oso informazio gutxi hasiera batetik: zer egin behar nuen, nora jo behar nuen... Ez nuen ondoan inor izan aholkuak emateko, eta horren falta asko nabaritu dut. Bertako langileek asko lagundu didate gauza ezberdin askotan, eta asko eskertzen dut laguntza hori.
Mendi federazioen barruan, diziplina ezberdin asko daude. Orokorrean zein egoeratan daude Euskal Herrikoak?
Orokorrean, gauzak berritu behar dira. Uste dut gehiegi erabiltzen dela boluntarioen lana, nahiz eta askotan beharrezkoa izaten den. Agian pixka bat profesionalizatzea falta da, diziplina ezberdinak asko hazten ari baitira. Eskalada, esaterako, hazten ari da, gero eta gehiago, olinpiar kirola bihurtu denetik. Zer esanik ez mendiko lasterketak... Bertan inplikatuta dagoen jendearen lana oso positiboa da, baina gidatzea eta koordinatzea falta da.
Eskaladan, esaterako, zergatik ez zen Euskal Herriko txapelketarik izan iaz?
Ni sartu nintzenean, urtea hasia zegoen, eta gauza asko jada martxan zeuden. Txapelketak data bazuen, baina zera gertatu zen: ez zegoela txapelketa on bat antolatzeko dirurik. Ez zait gauzak gaizki egitea gustatzen, eta gaizki egin baino nahiago dut ez egin.
Federazioak antolatzen duen mendi lasterketen kopak aldaketa batzuk izango omen ditu aurten. Zein izango dira aldaketak?
Iaz, txapelketaz gain, bost proba izan ziren. Konturatu gara jendeak, orokorrean, ez diola kopari asko erreparatzen. Formatua aldatzea erabaki dugu. Diziplina ezberdinen nahasketa bat egingo dugu, ultradistantzia, mendi lasterketa orokorrak eta kilometro bertikalak nahastuz. Hala ere, bakoitzak bere txapelketa izango du. Gauzak aldatzea asko kostatzen zaigu; gauza berriek beldurra ematen digute; baina gauzak eraldatu egin behar dira. Kirolari naizenetik, gauza berriak probatu zalea naiz, esna egotera behartzen gaitu.
Orain, beste aldean egotea tokatu zaizu: parte hartzaile zinen eta, neurri batean, antolatzaile zara orain. Pentsamoldea aldatu egiten al da?
Bai, asko. Lehen gauzak beste era batera ikusten nituen. Nire tamainako txapelketak nahi nituen, ez nintzen inoiz antolatzaileen lekuan jartzen. Orain konturatzen ari naiz gauzak antolatzeko garaian zer-nolako lana dagoen itzalean. Nolako gauzak egin behar diren gauzak aurrera ateratzeko, zenbat oztopo dauden bidean... Konturatu naiz zein oker nengoen lehen hainbat gauza kritikatzen nituenean. Kirolaria, berez, oso berekoia da.
Zein da zuzendari tekniko baten eguneroko lana?
Mezu asko jasotzen ditugu, eta lehenengo gauza horiek bideratzea izaten da. Bestalde, niri dagokit ea aurrekontuak ondo doazen kudeatzea ere, urtero onartzen den aurrekontua ahal den hobekien eramatea, alegia. Gero, diziplina ezberdinetako jendea ere kontrolatu behar dut, zein txapelketatara joan, talde bakoitzaren arropa, diru laguntzak lortu, memoriak osatu, hautatzaileekin bildu... Ez daukat aspertzeko denborarik.
Zein baldintza bete behar ditu zuzendari tekniko on batek?
Derrigorrezkoa da denetik pixka bat jakitea. Hona sartu nintzenean beste leku batzuetan zer egiten zuten irakurtzen hasi nintzen. Konturatu naiz denetik egin behar dudala: kirol kudeaketa on bat egin, ekonomiari buruz ere jakin, jendearekin tratu ona eduki... Arlo ezberdin asko ukitzen dira, eta askotan hori da zailena.
Zenbatetan pentsatu duzu ea non demontre sartu zaren?
Ia-ia egunero [barreak]. Hala ere, asko gustatzen zait estres puntu hori. Une oro adi egon beharrak, eguneratuta egon beharrak bizirik mantentzen nau. Eguneroko borroka izaten da gurea.
Horretaz guztiaz gain, eskalatzailea ere bazara. Azken lorpenen artean, Espainiako Kopa eta Txapelketa irabazi zenituen 2015ean. Lehiaketak utzi dituzu?
Ofizialki, oraindik ez [barreak]. Argi dudana da ez naizela berriro ibiliko munduko txapelketetan. Ez daukat, ez adinik, ez denborarik, maila horretan aritzeko. Gainera, orain, oso zaila izango litzateke eskaladatik bizitzea. Espainia mailan, oraindik ez dut ezer baztertzen. Maila ez da oso altua oraindik, eta uste dut aurrean ibiliko nintzatekeela. Egunerokoak erakutsiko dit lehiatu edo ez. Lehiatzea ez da lehentasuna izango.
Lehiaketa zalea izan al zara beti?
Ez. 15 urtera arte beldurra nien lehiaketei; lotsa ematen zidan bertan aritzeak. Gerora, berriz,gustura ibili izan naiz. Hasieratik emaitza onak lortu nituen, eta gustu hartu nien. Denborarekin konturatu nintzen nire lotsak eta beldurra albo batera uzteko tresna zela lehiaketa. Terapia moduan erabili nuen urte askotan. Urteen poderioz, asko barneratu nituen txapelketak. Exijentzia, asko gustatzen zait, zailtasunean egotea lehia egoeratan... Gainera, oso lehiakorra naiz, irabaztea asko gustatzen zait [barreak].
Urte askotan une gazi-gozoak igarotakoa zara eskaladan.
Bai, asko. Oraindik asko gogoratzen naiz une txar haietaz. Orduan gertatzen zitzaizkidan gauzek munduaren amaiera ematen zuten. Nire bizitza erabat eskaladan oinarrituta zegoen. Denborarekin galtzen ikasten da, eta orain konturatzen naiz ez nekiela galtzen. Zaila izan zen hain ona ez nintzela kudeatzea. Gauza asko irakatsi dizkit eskaladak. Goian gaudenean, jende asko hurbiltzen da; baina, gauzak okertzen direnean, ez da inor izaten ondoan.
Laguntza ere eskatu zenuen.
Bai, zaila egin zitzaidan arren. Ez da batere erraza. Ni oso harroa izan naiz, baina horrelako gauzek umilagoa izaten irakatsi didate. Pertsona gisa osoagoa naiz orain. Jasotako kolpeen ondorioz ikasi beharra ere! Beste gauzei lehentasuna ematen ikasten ari naiz oraindik.
Entrenatzaile gisa ere aritzen zara, bai umeekin eta bai eskalatzaileekin. Gustura?
Umeekin maitasun-gorrotoa dut [barreak]. Haiek duten berezkotasuna altxorra da. Ez dute inolako iragazkirik, eta asko eskertzen da. Gerora ikasiko dute munduan iragazkiak behar direla [barreak]. Inbidia handia ematen didate, eta asko gozatzen dut; baina intentsitate handia behar dute, eta horrek energia asko eskatzen dit. Eskalatzaileekin, berriz, ezberdina da. Hamabost pertsona ingururekin aritzen naiz. Telefonoz edo mezuen bidez izaten dut harremana haiekin. Ez zait gustatzen jende askorekin ibiltzea, bestela arreta gutxiago eskainiko nielako.
Lehen ere telebistan ikusi zintugun, baina orain berriro agertu zara, Gailurra saioan. Zer-nolako esperientzia izaten ari da?
Oso positiboa. Eskaintzen dizkidaten gauza guztiei baiezkoa ematen diet. Gainera, gauza berria da, mendiarekin lotura duena... Gustuko dut telebista, nahiz eta oraindik asko dudan ikasteko. Ikusi besterik ez dago lehen saiotik azkenera egindako aldaketa, ufa! Grabaketak hamabi edo hamalau ordukoak dira. Oso gogorrak dira, baina asko gozatzen ari naiz. Eguna oso nekatuta amaitzen dugu, baina, gero, emaitza ikustean, guztia ahazten duzu.
Telebistan jarraitzeko asmorik bai aurrerantzean?
Ez dut ezer baztertzen. Hala ere, eskaintzen dizkidaten gauzek erakargarriak izan behar dute.
Irati Anda. Euskal Mendizale Federazioko zuzendari teknikoa
«Behar dira boluntarioak, baina askotan gehiegi erabiltzen dira»
Hormetan eskalatzen hasi, eta entrenatzaile segitu zuen Andak. Euskal Mendi Federazioko zuzendari teknikoa da duela sei hilabetetik. Halako lanak nahikoa ez, eta ETBko 'Gailurrean' saioan parte hartzen du. Kirolean aritu zen lehen, eta kirola eta kirolariak kudeatzen ditu orain: hormetatik bulegora egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu