Ezarian. Mendizaletasuna eta arte sorkuntzak

Begiradaren historia

Gizakiaren eta mendiaren arteko harremana izango da literaturari, zinemari eta mendiari buruzko Gasteizko II. jardunaldien ardatzaXVIII. mendean hasi zen mendi irteerak egiteko ohitura egonkortzen Europan

Inigo Astiz
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Bizirik daude mendiak. Mugitu egiten dira». Javier Alonso ez da geologiaz bakarrik ari, ordea, historiaz baizik. «Umetatik ohitzen gaituzte mendira joatera, eta badirudi gauza naturala dela, baina ez da hain naturala. Orain dela oso gutxira arte ez da gizakia joan mendira, behar soilagatik ez bada behintzat ez. Egur bila edo ganadua eramatera bai, baina orain gutxira arte inori ez zitzaion otutzen mendira denbora-pasa joaterik». Hura da EHU eta Mendi Films-en artean prestaturiko Literatura, Zinema eta Mendiari buruzko II. Jardunaldien antolatzaileetako bat. Dioenez, gorabeheratsua izan da gizakiaren eta mendiaren arteko harremana. Aldatuz joan da diskurtsoa, eta arte sorkuntzetan daude horren frogak. Horiek aztertzea da Gasteizen antolatu dituzten jardunaldien asmoa. Begiradaren historia ikertzea. Atzo hasi zen zikloa, eta etzi bukatuko da.

Mendia mendi zen, hasiera batean. Gizakiaren bizimoduaz at zegoen gunea. Hala begiratu zaio mendiari mende luzez Mendebaldean. XV. eta XVI. mende inguruan hasi zen hori aldatzen, ordea, Alonsoren hitzetan, eta XVIII. mendean zientzialarien eskutik sakondu zen begirada hori. «Pizkundeko humanistak hasi ziren mendia beste modu batera begiratzen. Orduan piztu zen mendiarekiko interesa. Erlijio esperientzia batetik gertukoa zen haien hurbilpena, eta, egia esan, hori ohikoagoa da Ekialdean Mendebaldean baino. Bat-batean, baina, eten egin zen joera hori, eta XVIII. mendean indartu zen berriz».

Mendi inguruetan bizi zen jendea lehenago ere, noski, eta mendira jotzen zuten haiek ere. Ezberdin, ordea. Egur bila eta ganadua eramatera. Mendia ez zen bizitza egiteko espazioa. Mendiari buruzko diskurtsorik ere ez zuten garatu, Alonsoren hitzetan. «Ez dira saiatzen beren ekintzen arrazoiak azaltzen. Inguru horretan bizi dira, eta egiten dutena egiten dute. Kito. XVIII. mendean, ilustrazioarekin eta munduko guneen deskribapenekiko interesak bultzatuta hasi ziren mendizaletasunari buruzko azalpen testuak azaltzen. Interes zientifikoa dago funtsean haien atzean, baina aisialdiko erabilera bat ere egiten hasi ziren orduan».

Mugimendu higienista izenekoak ere lagundu zuen hiria mendira hurbiltzen. «Hiriak garai hartan oso gune zikinak ziren, eta mendia zen haren kontraste gisa aipatzen zen gunea. Gune garbitzat jotzen zuten, higienikotzat, eta erabilpen hori aldarrikatzen zieten mendiko irteerei higienistek». Ez zen hurbilketa eragin zuen eskola bakarra, ordea. XIX. mendean indarra hartuz joan zen erromantizismoak ere izan zuen eraginik. Naturarekiko idealizazioa bultzatu zuten haiek. Beren barne sentimenduak azaltzeko gunetzat aukeratu zuten artistek natura, eta paisaiekiko zaletasunak ere gora egin zuen haien begiradari esker.

Kirola eta zientzia

Barne eta kanpo ezagutzarako bide zen mendia, Alonsok esaten duenez. Ingalaterran burgesen artean ohitura bilakatu zen Grand Tour (Bidaia handia) izeneko bidaia jartzen du adibidetzat. «Oso modan egon zen. Bizitzan behin bidaia handi bat egin behar zutela uste zuten burges haiek. Grezia, Italia eta beste hainbat leku ezagutu behar zituztela. Alpeak ere bai. Hala, mendi haiek pisu garrantzitsua hartu zuten burges haientzat. Kirol ekintza modukotzat hartzen zuten igoera hori, gainera, eta hori ere berria zen britainiarren artean. Gerora Virginia Woolf idazlearen aita izango zen Leslie Stephen idazleak izenburu hori eman zion Alpeetara egindako bidaiei buruz idatzi zuen liburuari: Europako jolas zelaia».

Eztabaida piztu zuen, ordea, mendietara jotzeko joera kirol gisa hartzeak. Zientzialariak ez zeuden ados. «John Tyndall zientzialariak, adibidez, haserrez hartu zuen Stephenen liburuaren izenburua eta haren azalpena. Interes zientifikoak zeuden Tyndall igoeren atzean, eta ez zegoen ekintza horiek kirol gisa hartzearen alde. Ez zituen mendi irteerak kirol jarduera gisa ulertzen».

Liburuz liburu joan zen, beraz, Alonsoren ustez, mendiari buruzko irudia aldatzen. «Dokumentalak ere garai hartan hasi zirela esan daiteke. Eskuz egindako marrazkiekin egiten ziren lehenak. Grabatuekin. Eta zinema hasi eta berehala ekin zioten Alpeetako igoerei buruzko filmak filmatzeari. XX. mende hasieran». Mendizaletasunari buruzko antzerkia ere egin zuten Ingalaterran XIX. mendean, 50eko hamarkadan. Albert Smith medikua izan zen gidoilari eta antzezlea. «Montblancera egindako igoera kontatzen zuen Smithek bere obran, eta arrakasta handia izan zuen Londresen. Zortzi urtez izan zen taula gainean, eta egunero joaten zen jendea hura ikustera. Urte gehiagoz ere eman izango zuketeen, ziur aski, baina autorea hil, eta kendu egin zuten».

Izena eta izana

«Egun mendiaz ditugun ideiak aldatu egin dira urteak joan ahala. XVIII. mendean, XIX. mendean, XX. mendean eta baita XXI. mendean ere». Espainiako mendi kirolen federazioa jartzen du azkenaldiko aldaketak ulertzeko adibide gisa. «Sortu zenean, 1920ko hamarkadan, Espainiako Alpinismo Federazioa zuen izena. Aldatu egin zuen gero, eta Espainiako Mendizaletasun Federazioa izena hartu zuen. Orain beste izen bat du: Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioa. Mendiaz egiten dugun erabilera eta gune horretaz dugun kontzepzioa aldatzen ari dela erakusten du horrek». Izanarekin batera doala izena.

Garai batean abeltzaintzarako ziren guneak turismoarentzako foku bilakatu dira egun. «Turismoaren garapena oso ikusgarria izan da azken urteetan. Chamonix herriaren kasua izan daiteke erakusgarriena, Mont Blanc mendiaren magalean. Herri txiro eta madarikatua zen garai batean, etengabe glaziarren mehatxupean bizi zena. Orain gune turistiko bakana da. Bizimodu eskasekoak ziren herritarrak garai batean han, eta, egun, bizi maila altuko jendea da Chamonixekoa».

Sedukzioa eta izua

Inoiz baino gertuago du gizakiak mendia egun, baina, halere, lurralde «anbiguoa» dela dio Alonsok. «Beti sortzen da mendizaleak erreskatatzera joatearen egokitasunari buruzko eztabaida mendian istripu bat dagoenero. Arduragabeak izan ote diren aztertzen da, erreskatea egin behar litzatekeen... Hiriaz kanpoko gune bat da, finean, eta jendeak hori da ulertzen ez duena; zergatik joan behar den inor hiriaren babes horretatik kanpora. Inoiz ez dira erreskateari buruzko eztabaida horiek pizten edanda dagoelako auto istripu bat eragin duen pertsonaren inguruan. Hala izan da beti, ordea, eta hala izango da denbora luzean ere. Gero eta kontrolatuago dago, eta gero eta urbanizatuagoa, baina beti izango da, hala ere, beste gunea. Gizakiaren bizitzaz at dagoen esparrua».

Sedukzioaz eta izuaz mintzo da Alonso. «Oraindik ere gune ezezaguna da mendia, eta zirrara pizten du horrek. Eguneroko bizitzaz haragoko eskualde misteriotsua da mendia, eta seduzitu egiten gaitu horrek. Beldurra diogu, baina erakarri egiten gaitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.