Ekaitz Maiz (Etxauri, Nafarroa, 1980) eta Antton Zabala (Hernani, Gipuzkoa, 1988) Ukrainatik iritsi berri dira. Apirilean, Terradetsen (Lleida, Herrialde Katalanak) Arc'teryx eskaladako hamabi orduko rallya irabazi ostean, Ukrainako Mendi eta Eskalada Federazioak Krimean (Ukraina) urtero antolatzen den munduko alpinismo txapelketara gonbidatu zituen eskalatzaileak. Zabala eta Maiz Euskal Mendi Federazioaren izenean joan ziren, eta Fiona Pujol eta Ana Bonet, Kataluniako Mendi Federazioaren izenean.
Txapelketa berezia izan da eskalatzaileentzat, eskaladaz gain alpinismoa ere landu behar izan baitute probetan. Ukrainako joko arauak ulertu eta haietara moldatzea izan da eskalatzaileen lehen lana. Krimeako penintsulako paretetan egin dituzte proba guztiak, bi ataletan zatituta: lehenik eta behin, bi eguneko «krono eskola» batean parte hartu zuten. «Pendulu batek bereizitako bi luzeko bide batean sartu gintuzten, eta nork bere aseguruak jarrita (friendak, fisureroak, iltzeak...), ahalik eta azkarren igo behar genuen horma», azaldu du Maizek. «Gu nahiko ongi moldatu ginen, eta lehen egunean lehen postuan sailkatu ginen». Azkenean, bigarren postuan bukatu zuten atala euskaldunek. Emakumezkoetan, berriz, Pujol-Bonet bikote katalana bosgarrena izan zen.
Txapelketaren bigarren atala Krimeako pareta handietan egin dute, eta lau eguneko saio bizia izan da. «Mutilek lau bide eta neskek hiru bide osatu behar genituen. Proba hori aurrekoa baino askoz sinpleagoa zen arauen aldetik, nahi genuen bezala igo gintezkeen-eta bideetatik». 300 eta 400 metro arteko bideak ziren, eta ia gehienetan bilerak baino ez zeuden hornituta. «Puntu gehien ematen zuten bideek artifizialeko luze asko zituzten; guretzat ezohikoak ziren maniobrak egin behar izan genituen proban, eta, azkenean, ez ginen horren ondo moldatu», azaldu du Maizek. Azkenean, bederatzigarren posturaino jaitsi ziren euskaldunak sailkapenean; neskak, berriz, laugarren postura igo ziren.
Ikasitakoarekin gustura
Emaitzari berari baino gehiago, ordea, ikasitakoari erreparatu diote Zabalak eta Maizek. Pozik itzuli dira Ukrainatik: «Ez genituen hasierako aurreikuspenak bete, baina oso gustura gaude egindako lanarekin eta, batez ere, errusiarren eta ukrainarren eskaladaz ikasitakoarekin. Oso eskalada ezberdina dute, librearen, artifizialaren eta dry-tooling-aren arteko nahasketa moduko bat da. Guretzat oso esperientzia aberasgarria izan da, eta datorren urtean ere, aukera izanez gero, itzultzeko irrikan gaude».
Mendia
Bederatzigarren izan dira Maiz eta Zabala Krimean
Eskalatzaile euskaldunek hamar egun egin dituzte Ukrainan, Munduko Alpinismo Txapelketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu