Extrem. Ingelesezko deiturak jartzeko ohitura aspaldikoa da kirolean ere. Hor dira, esaterako, Irati Extrem, Camille Extrem… eta, orain, Euskadi Extrem, Euskal Herrian egiten den mendiko bizikleta proba gogorrenetakoa, gogorrena ez bada. Muga-mugakoa, muturrekoa, esan nahi du extrem horrek, eta jakina da euskaldunok zer jaidura diogun inon diren probarik gogorrenetan lehiatzeari. Kasu honetan, ordea, extrem horrek badu beste adiera bat ere: Euskadi mutur batetik bestera zeharkatzen du probak. Lehen aldian, Lekeitiotik Gasteizera eta Gasteiztik Guardiara. Iaz, Biasteritik Oñatira lehenbizi, eta Oñatitik Lekeitiora igandean. Eta aurten, Bastidatik Urduñara lehen egunean, eta Urduñatik Bilbora bigarrenean. Euskal Herriko mendi, zidor eta parajeak ezagutzeko aitzakia ederra.
«Gure asmoa da partaideek mendiko bizikletaz disfrutatzea, gure geografiaz ohartzea eta gozatzea. Kirol proba gehienetan denborak, sailkapenak eta lehia ari dira nagusitzen. Guk ez dugu horrelakorik nahi. Lagunarteko giroa bultzatu nahi dugu: norbaitek zulatua edo matxura izan duela, hari laguntzeko geratzea, zeharkaldia lagunekin egitea…», nabarmendu du Mikel Allica antolatzaileetako batek. Gasteizko Extrem Txirrindulari Elkarteko kideek antolatzen dute proba. Hirugarrena izan da aurten, eta hiru urte eskasetan mugarri bihurtu da mendiko bizikleta maite dutenen artean.
Edozein kirol probatan izan ohi den giro berezia arnas zitekeen bezperatik Bastidan: furgonetak eta autokarabanak nonahi, aspaldiko lagun zaharrak «bizi al haiz!» elkar agurtzen, urduritasunak, gogoak eta kezkak irabiatutako begirada hori aurpegietan… Gehienek tentazioa errenditu eta hurrengo baterako utzi zuten upategietarako bisita. Larunbatean, goizean goiz, klak, klak, klak, txirrindularien zapata hotsa kalean eta klake doinu horren erritmora kirioak dantzan. Freskura: udak egina zuen berea. Bizar gutxi txirrindularien zangoetan; tatuajeak ugariago. Euskara ere barra-barra txirrindularien ahoetan; ez hainbeste antolatzaileen komunikazioetan. Pedalak eta gurpilak jiraka 08:30ean puntuan hasi ziren. Guztira, 540 ginen izena emanda, 13 emakume eta 527 gizonezko, baina, azkenean, 507 abiatu ginen Bastidatik. Lautik hiru Euskal Herrikoak, eta lautik bat Euskal Herritik kanpokoa.
Gauean langar fina eta zaparradaren bat edo beste izan zen Bastidan, baina egarri zen, egarri zenez Arabako Errioxa: erori ahala xurgatu bide zuen ura lurrak, ibilbidearen lehen erdia lehor izan baikenuen. Bastida atzean utzi orduko luzatu zuen burua tropelak. Hasieratik bertatik han-hemen txirrindulariak bazterrean, lehen zulatuak eta matxurak zirela medio. Galsoro soilduak eta paisaia arreak zeru grisaren azpian, eta iparrera, laino beltzagoen mehatxua. Berantevillara arte gorabehera ugari, baina aldapa handirik ez. Han zen lehen anoa postua: barratxoak, laranja eta bananak, gaileta batzuk eta edatekoa.
Labore soroen artean pista zabalari jarraitzen zion bideak Lacervillara arte. Eta han, zidorrak ziraunaren moduan ekiten zion malda pikoari, ezpel artean. Oinak lurrera hainbat metroz. Gaina harrapatu orduko, GR-1 zidor historikoaren urratsei jarriki, artadiaren itzalean jaitsiera zoragarria Estavillora arte. Bidelagun izan genuen GR-1 bidezidorra hainbat kilometrotan, Arabako herrixka eta zoko bakarti bezain ederrak erakusten. Armiñon atzean utzi eta berriro ere bide zabalak soroen artean. Salcedo, Leziñana, Caicedo-Yuso… Arabako landa inguruneko geografia josten jarraitu zuen ibilbideak zidor historikoaren abaroan. Arreo-Caicedo-Yusoko aintzira naturalak iragarri zigun iristear ginela marmolezko hirira, Gesaltza Añanara.
Gatzaren hiriburuan genuen anoa postua. Baita lagunen babesa ere, animoa elikatzeko. Kilometroari kilometro, aukeran askotxo errepidez, ohartzerako iritsi ginen Valderejoko BTT zentrora, Angostoko kanpinera. Txaloka hartu gintuzten bertako langile eta bisitariek. Hauspoa kontrako haizeari aurre egiteko. Karkamuko azken anoa postuan, 83. kilometroan, indarrak osatu, Mildred izebari eskerrak, eta Ginea atzean utzita heldu genion Arkamu mendilerroko igoerari. Zazpi kilometro gogor, indarrak agortuxe, GR-282 artzaintzaren bidezidorrean gora. Berriketarako gogorik ez: bide bazterreko behiak bezala mihia aterata eta isil jendea. Hotz egiten zuen 1.120 metrotan, zazpi gradu besterik ez, baina hartu genuen berotu ederra. Zailena eginda, zirrara sortzen zuen gain hartara igotako txalapartarien ttakunak.
Nerbioi ibaiaren ur-jauzia amiltzen den labarren ikuspegiak arindu zuen azken kilometroetako letania eta lokaztia. Ordura arte garbi antzean ibili ondoren, ibilbidearen hondar aldera narrastu genituen bizikletak eta gainerakoak. Urduñan izan zen esprinterako indarra gorde zuenik, Ducados zigarretaren saria pipatzeko presaz edo.
Ederra lehen etapa. Bastidatik abiatutako 507 txirrindularietatik 403 iritsi ginen Urduñara.
Lokatza, euria eta behe lainoa
«Edozein zidorrek dau luparia» (lokatz tokia). Hala dio Bizkai aldeko esaera batek, baina besterik da, ordea, zidor osoa lokazti izatea. Horixe gertatu zitzaigun bigarren egunean. Ohartarazi ziguten bezperan: 63 kilometro izanagatik ere, gogorra zela bigarren etapa. Ibilbide malkartsuari baldintza makurrak gehitu zitzaizkion, ordea: lokatza, euria eta behe lainoa. Extrem delakoak ohore egin nahi izan zion izenari. Muturrekoak behar ziren muturreko izateko. Eta hartu genituen franko.
Barrerilla mendatean gora, euria xehe-xehe, zarra-zarra. Eta errepidea utzi orduko bidea erreka, dena putzu eta lokatz. Ezin bizikleta zuzen eraman. Ordea, lupetzak badu alde ona ere: bigunago dago zorua eroriz gero. Eskertu zuten nire hezurrek Lezamarako jaitsieran. Han genuen eguneko lehen anoa postua. Ikustekoak ziren jendearen aurpegiak: lohiaren artetik begiak baino ez ziren ageri. Lokatza ona bada azalarentzako bost urteko gaztetua hartu genuen igandean. Pinudien artean Kuskumendi, Aspaltza, Eskorta mendien gandorra jo genuen lehenbizi, eta handik Laudiora berriro ere lokatzezko txirrista batean amildu ginen, xirristi-mirristi. Hura bai kikili salda txirrindulariena Laudioko anoa postuan.
Ganekogorta gailurreraino 800 metroko desnibela genuen aurretik. Eta gailurretik hurbil samar oinezko zati tente bat. Zutik egoteko ere lanak, eta bizikletari bultza egin behar. Behiak, ardiak eta zaldiak ere ikaratu ziren txirrindulari fauna haren madarikazioak entzunda. Gailurrean ez dakit moro, zuri, beltz, marroi edo zer ginen, baina basapizti benetakoen itxura genuen behe laino artean. Lastima ikuspegiaz ezin gozatu izana, Ganekogortako talaiak panoramika ederra eskaintzen du eta. Goian GPSa genuenon babesean elkartzen gintuzten taldetxoak, laino artean ibilbidea gal ez genezan. Arriskutsu zegoen jaitsiera. Zilupurdika ugari atera zituen jendeak; larririk ez zen ezer gertatu, hala ere. Gero, Pagasarritik behera abailan jaitsi ginen Bilbo handira. Urduñako plaza nagusitik abiatutako 428 txirrindularietatik 367 heldu ginen hiriburura. Ez genuen hirirako piura handirik, baina Areatzako helmugan, begi zuriak ez ezik gogobetezko irribarre zuriak ere nabarmendu ziren aurpegi lokaztuen artetik.
Mendia. Mendi bizikleta
Bastidatik Bilbora, mendiko bizikletaz
Euskadi Extrem mendiko bizikletako zeharkaldia osatu zuten joan den asteburuan 500 txirrindularik: 174 kilometro bi egunean, Bastidatik Urduñara lehen etapan eta Urduñatik Bilbora bigarrenean. Hona hemen hango gorabeheren kontakizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu