Ehun urte bete ziren asteazkenean Roald Amundsen buru zuen espedizioa hego polora iritsi zela. XX. mendeko abenturarik sonatuenetakoa izan zen hura, lurralde ezezagunen esplorazioan mugarri nagusietakoa. Norvegiaren eta Erresuma Batuaren arteko lehia izan zen Amundsenek eta Robert Scottek hego polora nor lehenago iritsi izan zuten lasterketa. 1911ko abenduaren 14an iritsi zen Amundsen; hilabete pasatxora Scott, 1912ko urtarrilaren 17an. Lasterketa Norvegiak irabazi zuen, eta hego polora iritsiagatik, erabatekoa izan zen porrota Scottentzat; bigarrenak iritsi eta itzulerako bidean hil egin ziren espediziokide guztiak.
Mendeurrenaren harira aspaldiko urteetako espedizio kopururik handiena joan da aurten Antartikara, 30 guztira. Hego polora bidean dira Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo ere. Hilabete da leratik tiraka Novolazarevskaia basetik irten zirela, eta, distantziari erreparatuz gero, bide erdian dira: abiapuntu izan zuten Novolazarevskaiatik 1.150 kilometrora daude eta hego polotik 1.140 kilometro ingurura. Basamortu zuriaren erdian, inorena ez den izotz eremuan.
Lehiarik ez dute Transantartika 2011 espedizioko kideek, baina badute aurkari bat: haizerik eza. Antartikara abiatu aurretik etxeko epelean aurreikusi zutena ez da betetzen ari, eta haize faltak nahi baino azkarrago aurrera egitea eragotzi die. Haizearen esperoan jarraitzen dute, eta Antartikatik Vallejok bidali duen azken mezua da horren adierazgarri: «Gaur, harritzekoa, haize gutxi izan dugu. Goiz osoan 12 kilometro osatu ditugu, eta arratsaldean ia beste 40. Tira, ezer baino gehiago bada, baina irrikan gaude haize baldintza egokiak noiz iritsiko».
Argiak eta ilunak
Lau asteko ibilia lehenengo hausnarketa eta gogoeta batzuk egiteko baliatu dute Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak. Argiak eta ilunak ikusi dizkiote zeharkaldiari. Ilunak eguraldi traketsa tarteko Maud Erreginaren Lurraldean zutitzen diren orratzetan eskalatzeari uko egin ziotelako. Haizerik ezari, gainera, ibilia mantsotu dien beste aldagai bat batu zaio: satrugi izeneko irregulartasunak. Izotzezko basamortuaren ordeka hausten dute satrugiek, eta horiek gainditzea ikaragarri kostatzen ari zaie espediziokideei.
Argirik ere ikusi dute, ordea. «Iritsi garen lekura iritsita, zeharkaldia bukatzeko helburua lor dezakegula sentitzen hasi gara estreinakoz», idatzi du Vallejok. Antartikako plateau edo lautadara iritsi dira, 3.400 metroko garaierara, eta jaisten ari dira orain. Altuera galdu ahala, tenperatura ere goxatu zaie: 45 gradu zero azpitik izan ondoren, orain 27 dute. Poloa mila kilometro pasatxora dute, eta handik Weddel itsasoko kostaldera beste 1.200 kilometro.
Mendia
Basamortu zuriaren erdian
Haizeak noiz lagunduko zain daude Zabalza, Vallejo eta Iñurrategi; hego polora heltzeko bide erdian dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu