Barne bidaia, mendietan

Laurehun korrikalari baino gehiago abiatu ziren ostiral arratsaldean Beasaindik, Ehunmiliak mendiko ultratraila egiteko asmoz. Luzerak, gorabeherak eta iraupenak asko zailtzen dute bukatzea.

Korrikalariak eta boluntarioak, Larraitzen. IÑAKI GURRUTXAGA / GOIERRIKO HITZA.
jakes goikoetxea
Beasain
2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Arku puzgarri bera da irteera eta helmuga. Norabide batean irteera, bestean helmuga. Helmuga gurutzatzeari ematen zaio garrantzia, baina, Ehunmilien kasuan: meritu gehiago du irteera gurutzatzeak, helmuga gurutzatzeak baino. Irtetea bera da garaipena. Horrek esan nahi baitu, alde batetik, uste duzula halako erronka bati aurre egiteko prest zaudela; bestetik, osorik iritsi zarela, hain prestakuntza luzean min hartzea edo amore ematea erraza bada ere.

Ehunmiliak. 168 kilometro Beasaindik Beasainera (Gipuzkoa).11.000 metroko gorabehera positiboa. Laburbilduz, lau mendi maratoi elkarren segidan. Berez, lasterketa bat da. Lasterketa, garaipena edo podiuma nahi dutenentzat. Iraupen proba gainerako guztientzat. Bukatzea helburu.

Irteeran, urduritasunik ez. Lehen Ehunmiliak da, baina ez du zentzurik urduritzeak. Txalaparta, bertsoak, aurreskua eta Vangelisen Conquest of Paradise-ren doinu epikoak. Epikaz apaintzen dira ultra lasterketak, baina miseria gehiago izan ohi dute, epika baino.

Korrikalariak oso azkar abiatzen dira mendi lasterketa guztietan, baita ehun miliakoetan ere. Ziztu bizian aurreratzen ari zaizkizu, ikusleen animoak akuilu. Lehen kilometroetan ondoan duzu Uxue Fraile. Seinale txarra. Fraileren eskarmentua eta kalitatea duen ultra korrikalari bat ondoan baduzu, azkarregi zoaz.

Usurbera igotzen hasi da guztia bere lekuan jartzen. Taktika sinplea da: Tolosara (80. kilometrora) ahalik eta freskoen iristea. Esatea erraza, egitea oso zaila. Giharrak zaindu behar dira: bikiak igoeretan, izterrak jaitsieretan.

Urdaila, kexu

Giharrak bezain garrantzitsua da, ordea, urdaila. Bero egiten du, bero hezea. Muino eta tontorretako haize freskoak ezin du izerdirik lehortu. Urdailak azkar samar esan du ez duela nahi, ez datilik, ez barrita energetikorik. Plan aldaketa: edari isotonikoaz eta gatz pilulez gain, platanoa, meloia eta kola edariak. Dieta hori errepikatu duzu anoa postu guztietan. Guztietan ez: Madarixara bidean eskertu duzu eskaini dizuten etxeko flana.

Gaua. Kopeteko argia lurrera begira eta korrikalari sakabanatuak. Ilunabar laranja. Seinale fosforeszenteak, ez galtzeko. Isiltasuna.

Pentsatzeko garaia da. Horixe baita zuretzat mendian korrika egitea. Ingurumenaren eta ahalegin fisikoaren nahasketa horrek gogobetetzen zaitu. Ispiluaren aurrean jarri. Bizitzan datorrenari aurre egiten lagundu. Mendian korrika egitea da zure psikologoa. Bizitza orekatzen eta desorekatzen dizun afizioa. Mendi lasterketak eginda ere, uko egiten diozu mendiko korrika saioei entrenamendu deitzea. Entrenamendu hutsa izango balira, akabo.

Anoa postu eta anoa postu arteko pentsamenduetan kontraesanak ere agertzen dira: kontsumismoaren gurpil zoroak harrapatu zaituela, urtean soldata bat inguru joaten dela oinetakoetan, hauts isotonikoetan, izen emateetan, fisioterapeutaren saioetan...; ez ote den mendia kontsumo produktu edo antzeko zerbait bihurtzen ari, ia atrezzo hutsa bertan korrika egiteko; korrikalari batzuk ez ote diren esperientzien kontsumitzaile konpultsibo bihurtzen ari; parte hartzaile gehienak gizonak direla, eta gizon horietako askok mendian korrika egiteko haien emazte eta neska lagunak arduratzen direla etxeko lanez eta etxekoen arduraz. Zu korrika ari zaren bitartean, emazteak semea Donostiara eramango du, udalekuetarako joateko.

Musika doinuek eten dituzte pentsamenduak. Dance, trance edo techno musika da. Ez dantzaleku batean edo bertako aparkalekuan, Xoxoteko (Azpeitia) aterpetxean baizik. Bertan geratzeko gogoa ematen du, baina...

Gozatu duzu Xoxoteko jaitsiera. Hankak arin eta jostalari mugitu dira ibilbide harritsuan. Nekezago Azpeitia eta Zelatun arteko igoeretan eta pista luzeetan. Baina poztu zaitu Hernio aldera iristeak. Mendi kutuna duzu. Gogora etorri zaizu umetan han galdu zinen eguna. Gaur ez duzu orduko jendetzarik eta galbiderik. Jarraitu seinaleak, Tolosaraino.

Tolosa. 80. kilometroa. Ia ibilbidearen erdia. Bi maratoi falta. Hankak, fresko. Baina nork daki. Ehun miliako proba batean arazo edo min txikiena handi bihurtzen da. Ehunmiliak ehunminak bihur daitezke.

Boluntarioen laguntza

Halako lasterketa luze batean alferrik da helmugan pentsatzea. Ez da komeni falta den guztia irudikatzea. Anoa postu batetik atera, eta hurrengora arte. Horixe da helburu garrantzitsuena. Horrela hasten da, eta horrela bukatuko da, bukatuko bada.

Jazkue gaina, Amezketa, Larraitz... eta, parez pare, Txindoki. Erritmo bat hartu, eta leporaino. Boluntarioen animoak. 1.600 boluntario. Korrikalariak baino gehiago. Laguntzeko prest, bai, baina ez soilik edaria eta janaria emateko. Entzuteko prest. Animatzeko prest. Bizitzan lehen aldiz ikusi duten korrikalari horri izenez deitzeko eta etxekoa izango balute bezala tratatzeko prest.

Pikoa da Txindokiko leporainoko bidea, baina gogorragoak dira Aralarko eta Lizarrusti eta Etzegarate arteko gorabeherak. Noiz egin korrika, noiz oinez. Korrika hasi orduko, oinez berriro.

Etzegaratera arte. Maratoi bat falta. Azkena. Behin Etzegaratetik ateraz gero, ez dagoela atzera bueltarik esan dizu eskarmentu handiko korrikalari batek. Ondo zoaz, baina imajinatzen duzu gauzak pixka bat okertuz gero buruak bertan geratzeko esango lizukeela. San Adriango tunelaren edertasunak eta magiak baretu dituzte pixka bat nekeak.

Aizkorri igo behar, Kalbario bidetik. Izena eta izana, bat. Baina hankek badute indarrik. Dagoeneko konturatu zara hanketako bi behatz lodietako azazkalak galduko dituzula. Jaitsieretan min egiten dizute, oinetakoaren muturra jo beharraren jo beharraz.

Gogorra da Aizkorri, baina Gogorrak dira Oazurtza eta Beasain arteko hogei kilometroak. Sastrakak kentzeko makinarekin garbituak. Egurra ateratzeko makinek eta lokatzak trakestuak. Baina metroz metro, kilometroz kilometro, eta animoz animo, hor dago Beasain. Hor Beasaingo kaleetako zuzengune amaigabea. Hor etxekoak zain. Hor helmuga. Kito. Ederra izan da. Luzea. Gogorra.

Poza ematen du helmuga gurutzatzeak, baina irteera gurutzatzeak du meritua. Biharamunean zu bezalaxe atera zen ezagun baten mezua jaso duzu: sei kilometroren faltan utzi zuen, 40 ordutik gora egin eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.