Euskal Herrian egiten den mendiko eskiko proba nagusia da Bandres-Karolo Oroimenezkoa, eta larunbat honetan egingo dute, otsailak 15, Belaguako mendietan. Benetako mendiko eskia, euskal Pirinioetan. Dagoeneko bete dira parte hartzeko leku guztiak, eta 200 eskiatzaile ariko dira lehian probaren XII. aldian.
Aurreko urteen aldean, berrikuntza nagusi bat izango da aurten: bi egunekoa izan beharrean, egun bakarrekoa izango da proba. Beraz, lerroko lasterketa bakarrik egingo da, eta kronoigoerarik ez. Antxon Bandres eta Carlos Imirizaldu Karolo-ren oroimenezko lasterketa izateaz gain, mendiko eskiko Euskal Herriko banakako txapelketa ere izango da aurtengoa, baita Euskal Herriko mendiko eskiko Kopako proba puntuagarria ere.
Aurreko asteko elurteari esker, baldintzak egokiak dira Lakhura eta Belagua inguruko mendietan. Antolatzaileek probaren aurreko bi egunetan trazatuko dituzte A eta B ibilbideak. Elurrak aukera emango balu, Belaguako aterpearen inguruetatik abiatuko da proba. A ibilbidea 15-16 km ingurukoa eta 1700-1800 metroko desnibel positibokoa izango da, eta B ibilbidea, berriz, 9-10 bat kilometrokoa eta 1000-1100 metroko desnibel positibokoa.
Dortsalak ostiral arratsaldean jaso ahal izango dira, Izabako zineman, 17:00etatik 21:00etara. 19:00etan, larunbateko probari buruzko azalpenak emango dituzte Izabako zineman bertan: ibilbidea, desnibela, ordutegiak eta bestelako xehetasun guztiak. Larunbat goizean izango da proba, eta amaitzean, hamaiketako bat izango da partaide guztientzat.
Bandres-Karolo Oroimenezkoa Etiketa Berdeko proben artean sartu da; aurreko aldiekin alderatuta, aurtengo beste berritasunetako bat da. Ingurumenarekiko, mendiarekiko eta lehiakideekiko errespetua, berdintasuna eta bestelako hainbat balio etiko defendatzen dituzten probek eratzen dute Etiketa Berdea, eta Bandres-Karolo Oroimenezkoak bat egiten du balio horiekin.
Iaz ezin izan zen probarik egin, elur faltagatik. 2023koan, berriz, Nahia Quincoces mendexarra (Bizkaia) eta Jon Ander Aranburu zumarragarra (Gipuzkoa) nagusitu ziren oroimenezkoan. Haien izenak dira probaren ikur diren egurrezko eski zaharretan idatzitako azkenak.
B-K saria Vasco de Camping elkarteari...
Larunbatean, mendiko jardunaren ondoren, festak Izabako zineman eta kalean jarraituko du arratsaldean, Bandres-Karolo Oroimenezkoa mendiko eskiko proba soil bat baino gehiago baita; Euskal Herriko mendiko eskiatzaileen topaleku eta kirol hau maite dutenen egiazko festa da.
Bandres-Karolo sariaren bidez, antolatzaileek urtero aitortza egiten diote mendiko eskiaren alde lan handia egin duen eskiatzaile edo elkarteren bati. Aurten, Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak jasoko du Bandres-Karolo saria, Andoni Areizaga handiaren eskutik hasi eta geroko urte luzeetan Altitoy proba entzutetsua antolatzen eginiko lan handiagatik.
Zineman bertan, Belen Eguskiza eta Poto Gorrotxategi mendiko eskiatzaile aitzindariek Alpeetako zeharkaldia eskietan proiekzioa emango dute.
Ikus-entzunezkoaren ondoren, bertso-poteoa izango da, Aitor Sarriegi eta Imanol Uria bertsolariekin. Kirolaren ondotik, beraz, lagunartea eta festa giroa nagusituko dira Izabako kale eta tabernetan.
Bandres eta Karolo
Antxon Bandres Euskal Mendizale Federazioaren presidente izandakoa eta Carlos Imirizaldu Karolo, biak ere mendiaren maitale eta mendiko eskiaren bultzatzaile sutsuak izan ziren Euskal Herrian. 2011n hil zen Bandres, etxe ondoko istripu batean, eta 2012an egin zen lehen proba haren omenez, Aretteko kronoigoera. 2013an, Karolo izan zen omenaldiarekin jarraitu eta lasterketari indarra eta bultzada eman ziotenetako bat. 2013ko uztailean, ordea, Karolo bera mendiko istripu batean zendu zen. Orduz geroztik Bandres-Karolo izena hartu du omenaldi-lasterketa-festa honek eta urtero otsail inguruan egiten dute Izaba eta Belagua inguruko mendietan.