Baltistan fundazioak jaso du Mendi Filmeko WOP saria

Felix Iñurrategiren omenezko fundazioa Karakorumen egiten ari den lana aitortu dute. Igandera arte iraungo du jaialdiak

Alberto Iñurrategi eta Pedro Ibarra saria jasotzen. UNAI UGARTEMENDIA.
Unai Ugartemendia.
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Baltistan fundazioak jaso duurtero Mendi Filmek ematen duen WOP sari berezia. Larunbatean izan zen, Bilboko Euskalduna jauregian. Pedro Ibarra presidenteak Alberto Iñurrategiren laguntza izan zuen saria jasotzeko orduan. Nazioarteko lankidetzako gobernuz kanpoko erakundea da Baltistan Fundazioa, eta Pakistango Karakorum mendilerroan lan egiten du. Fundazioa 2001ean sortu zuten, Felix Iñurrategi mendizalearen omenez.

Mendi Film jaialdiko saririk esanguratsuena da WOP The Walk On Project saria. Azken urteetan mendiarekin harreman handia izan duten pertsonek jaso izan dute: esaterako, Nives Meroik eta Romano Benetek, Juanjo San Sebastianek, Peter Habelerk eta Chris Bonningtonek.

Baina larunbateko omenaldia ez zen horretan bukatu. Iñurrategi anaiei egindako omenaldi beroak hunkituta utzi zituen bertaratu ziren guztiak. Aurten hogei urte bete dira Felix IñurrategiGasherbrum IIn izandako zorigaiztoko istripuan hil zenetik. Urteurrena baliatuta, Ramon Olasagastik eta Cesar Llagunok egindako Iñurrategi anaiak, mendiari bihotz emanak komiki liburua ere aurkeztu zuten.

Komikiaren nondik norakoak kontatzen amaitu zutenean, 2002an Alberto Iñurrategik anaiaren omenez osatutako Hire Himalaia dokumentala proiektatu zuten antolatzaileek. Urteak pasatu diren arren Felix Iñurrategiren arimak bizirik jarraitzen duela argi eta garbi geratu zen egunaren amaieran.

Egitarau betea

Mendi Film jaialdiak aurrera segitzen du, eta horren seinale da gaurtik igandera bitartean oraindik ere mendiko film onenak ikusteko aukera izango dutela bertaratzen direnek. Pandemia ez da muga izan egitarau mardul bat osatzeko. Gainera, filmak Internetez ikusteko aukera ere ematen ari dira.

Ostiralean eta larunbatean, Euskal Herriko hainbat mendizale eta eskalatzaile izango dira jaialdian. Pou anaiek, esaterako, azken hilabeteetan landutako Escalada extrema en tiempos de pandemia dokumentala aurkeztuko dute, eta Gregorio Arizak, Txomin Uriartek eta Antxon Iturrizak egindako Shakaur 1976 & Everest 1980 dokumentala ere emango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.