Tokio 2020. ESKALADA. Patxi Usobiaga. Adam Ondraren entrenatzailea

«Baliteke ezusteko handiak izatea»

Unai Ugartemendia.
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Adam Ondra eskalatzaile txekiarrak lantalde handia du inguruan. Talde horretan dago Patxi Usobiaga (Eibar, Gipuzkoa, 1980). Oso ondo ezagutzen du Ondra.

Zer-nolako sasoian dago Adam Ondra?

Maiatz amaieran Salt Lake Cityn (AEB) jokatutako Munduko Kopako finalean, besoan luxazio txiki bat izan zuen lehen blokea amaitzera zihoanean. Irabazi zuen arren, hurrengo probetan atseden hartzea erabaki zuen. Lesio hartatik nahiko osatuta dago, eta azkenaldian oso sasoiko dago. Orain ikusi ko dugu erabat osatuta dagoen.

Apustu handia egin du.

Bai, azken bi urteak Tokiora begira egin ditu. Lehenik, sailkatu egin behar izan zuen, eta, hori lortuta, teknikoki mantentzea tokatu zaio. Azken urteetan, horman ikusi izan dugu gehiago, eta abiaduran, esaterako, asko entrenatu behar izan du.

Abiaduran izango al ditu zailtasunik handienak?

Bai. Tokion ariko diren hogei eskalatzaileen artean, berak du denborarik txarrena abiaduran. Munduko errekorra bost segundo eta hogei ehunen da, eta Adamek zazpi segundo eta 46 ehunen du markarik onena. Alde hori oso handia da maila honetan.

Blokean eta zailtasunean, ordea,faborito nagusietako bat da. Zuk ere hala uste al duzu?

Oso maila ona du bi diziplina horietan. Halere, Jokoetan, hiru diziplinetan ibili behar duzu aurrean. Abiaduran saiatu da gehien, baina diziplina horretan egindako entrenamenduek mesede handia egin diote zailtasunerako eta blokerako ere.

Askok diote mesede egin diola Olinpiar Jokoak atzeratu izanak. Berdin pentsatzen al duzu?

Nik ere berdin pentsatzen dut. Urtebete gehiago izan du buru-belarri entrenatzeko, eta, gaur-gaurkoz, esan dezaket inoizko sasoirik onenean dagoela. Oso zentratuta ikusi dut bere marka onenak egiteko. Atzerapenak mesede egin dio. Blokea, esaterako, asko aldatu da azken urteetan, eta horrek teknika aldatzera eraman du Ondra. Oso gogorra izan da aldaketa hori harentzat, baina gauza berriak egiteko duen motibazioak asko laguntzen dio. Eguneratzea tokatu zaio arlo askotan, baina motibatuta dago beti erronka berrietarako. Zenbat eta zailtasun gehiago izan, orduan eta motibatuago dago.

Zer helburu du?

Lehena, finalean sartzea. Sei eskalatzaile lehiatuko dira azken finalean, eta lehia estua izango da hartan egoteko. Dominak oso garesti egongo dira.

Faboritoen zerrenda guztietan azaltzen da haren izena. Baliteke hori haren aurka joatea?

Zerrenda horiek ez dute ezertarako balio lehiatzen hasi aurretik. Hogei izango dira lehian, eta denek ere lan gogorra egin beharko dute finalerako sailkatzeko. Finala beste kontu bat izango da. Munduko Kopako azken probetara asko ez dira joan ere egin, denak Tokiora begira zeudelako, gehienbat. Beraz, ez da erraza esatea zein dagoen sasoirik onenean. Hala ere, espero ez ziren emaitzak izan dira azken proba hauetan ere. Baliteke ezusteko handiak izatea azken emaitzan. Finalera sartuko diren gehienak, ziur, oso onak direla bai blokean, baita zailtasunean ere. Abiadurak erabakiko du ziurrenik nork irabaziko duen urrea. Zein den faboritoa? Tomoa Narasaki japoniarra izan daiteke diziplina guztietan osoena, baina hark ere akats txikiren bat eginez gero, zail izango ditu dominak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.