Aurten ere egin dute bat gizakiak eta naturak Aralarren. Neguko atsedenaldiaren ostean, mendiek eman diete ongietorria artzainei, abereei eta, tenperaturak goxatzearekin batera, mendira jo dutenei. Mende luzez aberastu dute elkar, baina, tartean, gorabeherak ere izan dituzte. Azken urteetan, gainera, mendiaren erabilpenak eta interesak dibertsifikatu dira. Horrek zenbait gatazka sortzea eragin du.
Mendigunearen Gipuzkoako zatia parke naturala da 1994. urtetik, eta 10.956 hektarea hartzen ditu. Aralarren eremua, ordea, parke naturalarena baino zabalagoa da. Nafarroako zatia ez dago parke natural gisa izendatuta, baina, Gipuzkoakoa bezalaxe, kontserbazio bereziko eremu da, eta Europako Natura 2000 sarearen parte ere bada.
Bi aldeetako larreak zein basoak inguruko herritarrek ustiatu dituzte urte luzez. Nafarroan, Aralarko Errege Saila izena hartzen du herritarren ustiapenerako eremu horrek, eta Aralarko Elkartean dauden hemeretzi udalerrik erabiltzen dute. Gipuzkoan, bestalde, Enirio-Aralar Mankomunitatea dago; 600 urte baino gehiagoko historia du, eta hamabost udalerrik administratzen dute.
Gipuzkoako zatia parke natural izendatzeko orduan zenbait helburu zehaztu zituzten. Horietan lehenengoa balio naturalen babesaren ingurukoa da. Iñaki Aizpuru botanikaria parke naturaleko zuzendari izan zen, eta, egun, Itsasondoko ordezkaria da mankomunitatean. Argi dauka Aralarrek zergatik duen horrenbesteko balio naturala: «Gizakiak zenbat eta gutxiago eragin, orduan eta aberatsagoa da ingurua. Amazonia zergatik da aberatsa? Jende gutxi bizi delako eta naturak bere funtzioa egiten duelako. Hemen, mendietan gertatzen da hori».
Udan, artzainak eta abereak izaten dira Aralarko biztanle. Zintzarri hotsak entzuten dira nonahi. Neguko hotzak heltzerako, ordea, herrietara jaisten dituzte abereak. Maiatzera arte ez dira itzultzen. Tarte horretan, mendizaleren bat edo beste topatu daiteke asteburu eguzkitsuetan. Astean zehar eta egun goibeletan, ostera, haizearen hotsak eta txori ausartenen kantuek soilik urratzen dute larreetako isiltasuna.
Landare eta animalia espezie ugariren topaleku izatez gain, sarri kontuan hartzen ez den ondasun baten jabe ere bada Aralar. Uraren garrantzia nabarmendu du Jose Antonio Irastorza mankomunitateko basozainak: «Oso garrantzitsua da, eta ez da kontuan hartzen. Udan joaten diren abere guztiei, gutxienez bost hilabetez, jana eta ura emateko, kontuan hartu zer ondasun dagoen».
Depositu erraldoia
Bertan bizi diren abereei soilik ez, herrietako biztanleentzako depositu funtzioa ere egiten du Aralarrek. Mendilerroan jaiotzen diren errekek betetzen dituzte, esaterako, Lareo eta Ibiur urtegiak. Ondasun horren garrantzia nabarmendu du Iñaki Aizpuruk: «Hemen badirudi sekula ez zaigula urik faltako, baina Doñanan [Andaluzia, Espainia] ere hori pentsatzen zuten. Etorkizunerako baliabide horiexek behar ditugu: ura, aire garbia, lurzorua…».
Aralarren, urak badu beste berezitasun bat. Mendilerroak isurialde kantauriarra eta mediterraneoa bereizten ditu. Ataunen kontatzen dutenez, Lizarrusti mendatean dagoen txabola da banaketaren lekuko. Euria egiten duenean, txabolako teilatuaren alde bateko urak Nafarroa aldera joaten omen dira, eta, hortaz, Mediterraneoan amaituko dute; teilatuaren beste aldekoak, ostera, Gipuzkoa zeharkatu eta Kantauri itsasoa izango dute helmuga.
Erreka horiek ureztatzen dituzte Aralarko basoak ere, historian hainbat gorabehera jasan duten zuhaiztiak. XVIII. eta XIX. mendeetan, esaterako, burdinolek, ontziolek zein arma fabrikek egurra behar zutela eta, udalek pagadiak ustiatu zituzten. Ondorioz, 200 urtetan, basoaren «eremu erdia» galdu zela azaldu du Iñaki Aizpuruk. Egun, landaketak egiten ari dira basoek berez duten balioa berreskuratzeko; baita abereek itzala edukitzeko edukitzeko ere.
Itzalaren beharra dagoen bezala, itzalekoa argitara ateratzeko beharra ere badago Aralarren. Mendigunea ez dela «behar adina» ezagutzen uste du Irastorza basozainak: «Bertatik bertara bizi duten abeltzainek bai, eta beste multzo batek ere bai, baina gehiengoak ez du ezagutzen». Horregatik, haurrei naturaren inguruko ezagutzak zabaltzeak sekulako garrantzia duela dio.
Irakaskuntza eta hezkuntza garatu ahal izateko, ordea, ezagutza sortu behar da lehenik. Ikerketa zientifikoak funtzio hori dauka eta, horretarako ere, leku egokia da Aralar. Euskal Herriko megalito kontzentraziorik handieneko eremua izateaz gain, Nafarroako Erresumako gotorlekuen aztarnak edota XX. mendera arte ustiaturiko meategiak ere topatu dituzte arkeologoek. Bestelako ikerketak ere egin dituzte. Esaterako, Arantza Aldezabal biologian doktoreak aztertu du zer ondorio izango lukeen artzaintza desagertzeak Aralarren.
Artzaintza eremu
Horretarako, 2005ean, alde bakoitzean 50 metro dituzten lau lursail hesitu zituen. Ia bi hamarkada igaro ostean, zenbait ezberdintasun aurkitu dituzte: abereak larratutako guneetan, lurzorua trinkoagoa eta tenperaturaz aldakorragoa den arren, landare espezieen aniztasuna handiagoa dela ondorioztatu dute. Biodibertsitatearen kontserbazioa eta abeltzaintza-sistemen jasangarritasuna uztartzea da Aldezabalen ikerketen helburuetako bat.
Izan ere, abeltzaintzak pisu handia du Aralarren. Gipuzkoako artzaintza gune garrantzitsuena da. 2022an, 65 artzain zeuden lurralde osoan. Horietatik, 40 Aralarrera joan zirela jakinarazi du Aizpuruk. Artzain horientzat ardiak Aralarrera eramatea onuragarria dela dio ENBA Euskal Nekazarien Batasuneko kudeatzaile Xabier Iraolak: «Arnasbidea eta saneamendua ematen die. Aralarko airea zein elikadura hobeak dira».
Aralar artzain eta artaldeentzat beharrezkoa den bezala, artzaintza funtsezkoa da Aralarrentzat. Horregatik, parke naturalaren helburuetan, balio naturalarekin eta ikerketa zientifikoarekin batera, artzaintzak pisu handia du.
Bihar: Artzaintza eta Aralar