Gogorra, indartsua, zuzena, zintzoa, zuhurra, askea, soila eta umila. Alberto Zerain Zeras alpinistak (Gasteiz, 1961-Nanga Parbat, Pakistan, 2017) bere ibilbide osoan eta proiektu guztietan erakutsitako ezaugarriak dira. Zerainek mendian izandako gogortasunak, indarrak, zuzentasunak, zintzotasunak, zuhurtasunak, askatasunak, soiltasunak eta umiltasunak jatorri bat dute, alpinistak barruan iltzatuta zuen ideia bat: goi mendietara bakarrik igotzeko eta gero jaisteko ere gai izan behar zuela, bere kabuz moldatzeko gai. Bere baliabideekin eta bere erabakiekin, besteen mende edo zain egon gabe, loturarik gabe. Onerako eta txarrerako.
Oso ondo moldatzen zen zortzimilakoetan, bai fisikoki, bai buru aldetik, norbere buruaren jabe izatetik burugabe izatera alde txikia baino ez dagoen lekuetan. Zerainek esana da: «Arriskua gainean daukazun mamu bat da. Batzuk ito egiten ditu; besteek hura gobernatzen dakite».
Azkeneko espedizioan, Nanga Parbaten (8.125 metro), haren gaitasun guztiak eta Mariano Galvan sokalagun argentinarrarenak ez dira nahikoa izan: Pakistango armadako helikopteroak elur-jausi bat aurkitu zuen atzo goizean Zerainen eta Galvanen lokalizazio gailuak azken seinalea eman zuen lekuan. Espedizioaren arduradunek hiltzat jo dituzte. Duela astebetetik ez zuten haien berririk. 150 metroko bat-bateko jaitsiera izan zen Racetrackerrak, lokalizazio gailuak, erregistratu zuen azken mugimendua. Elur-jausi bat izan zitekeen, motxila erortzea, biak erortzea, bietako bat... Atzo baieztatu zuten elur-jausiaren hipotesia eta hilda daudela. Albistea baieztatutakoan, familiari doluminak eman dizkiote Euskal Herriko hainbat erakundek, kirolarik eta mendizalek. «Ez dakit zortzimilakoek merezi duten», esan du Juanito Oiartzabalek, Zerain lagunaren heriotzaren berri izan eta gero.
Alberto Zerain erronkazalea zen. Ohiko bideak saihestu zalea. Ez zuen oxigeno artifizialik erabiltzen, ez xerparik. Ez zion uko egiten lanari, ordea. Bidea zabaldu ohi zuen. Estilo alpetarraren aldekoa zen, zortzimilakoetan arin eta azkar ibili zalea. Eta horrelako erronka batean desagertu da: Nanga Parbateko Mazeno ertzean. Historian, behin bakarrik igo dira Nanga Parbatera Mazeno ertzetik: Sandy Allan eta Rick Allen eskoziarrek lortu zuten, 2012ko uztailean. Doug Chabot eta Steve Swenson estatubatuarrek ere zeharkatu zuten 2004an, bainagero jaitsi egin ziren, Nanga Parbatera igo gabe.
Bide propioa
Bere ibilbidearen hasieratik izan du Zerainek gauzak modu ezberdinean egiteko grina. Horren erakusgarri dira, besteak beste, K2ko (8.611 metro) espedizioa 2008an; Nanga Parbateko Mazeno ertzean egindako bi saiakerak, bata oraingoa eta bestea 2011. urtekoa, oraindik inork lortu gabe zuenean; eta Everest (8.848 metro) Hornbein korridore tentetik bakarrik eta estilo alpetarrean igotzen saiatu zenekoa, bi hamarkadatan errepikatu ez zen bide batetik, 2010. urtean.
Zerainek ezagutzen zuen Nanga Parbat, eta ezagutzen zuen Rupal eta Diamir isurialdeak banatzen dituen Mazeno ertza. 2011. urtean saiatu zen Nanga Parbatera Mazeno ertzetik igotzen, Juan Carlos Arrieta Txingu-rekin. Orduan inork egin gabeko bidea zen. Zerainek eta Arrietak ere ez zuten lortu. Ez ziren Mazeno ertzera iritsi ere egin, eguraldi txarrak geldiarazita. Bide ohikoago batetik ere, Kinshofer bidetik, saiatu ziren Nanga Parbatera igotzen, baina handik ere ez zuten lortu. Euskal Herrira bueltan, Nanga Parbatera eta Mazeno ertzera bueltatzeko amorratzen zegoen Zerain.
Ia sei urte geroago bueltatu da, Mariano Galvan alpinista argentinarrarekin. Zerain bezain alpinista gogorra, indartsua eta erronkazalea zen Galvan, ez ohiko bideen zalea. Mendiko gida ere bazen, eta erreskate taldeetan parte hartzen zuen Argentinan. Ondo ezagutzen zuten elkar. Elkarrekin igo zuten iaz Dhaulagiri (8.167 metro), eta esperientzia haren ondoren elkarrekin antolatu zuten Manasluko (8.163 metro) espedizioa, hori ere iaz.
Biak eskarmentu eta gaitasun handiko alpinistak izanda ere, Zerainek bazekien oso erronka zaila zela Nanga Parbateko Mazeno ertzarena: zerra hortz itxurako zortzi zazpimilako dituen hamar bat kilometroko ertza. Erokeriatik gertuko erronka. Ertz horretan, ordea, garai bateko alpinismoaren espiritua zegoela uste zuen.
Zerainek pilotalekuak ezagutu zituen mendia baino lehen. Ez alferrik, Marcelo Zerain pilotariaren semea zen. Gogoan zituen anaietako batekin —zortzi anai-arreba dira— Bitoriano frontoian emandako pilotakadak. Talde kirolek ez zuten erakartzen, ezta masa kirolek ere. Judoan aritu zen, baina utzi egin zuen jolasa izateari utzi zionean eta borroka batean ukondoa hautsi zuenean. Orduan, 15 urterekin, jo zuen mendira. Garai hartan parrandak ziren mendira joateko aitzakia.
Hala ere, tontorrak ezagutu aurretik, lagunekin mendien barrunbeak ezagutu zituen, Gasteizko Manuel Iradier mendi elkarteko espeleologia taldearen bidez. Espeleologiak «liluratu» egin zuen. Mendiko simetatik eta bestelako zuloetatik, baina, bustita eta lokaztuta ateratzen zen, eta amak errieta egiten zion, semearen arropa zikina garbitzeaz nazkatuta.
Ilunpetik argitara
Etxeko panorama eta amaren ernegua ikusita, ilunpetik argitara ateratzea erabaki zuen. Lagunekin eskalatzen hasi zen: Eginon, Atxarten... Eskalatzeak jolasa izateari utzi zionean ere jarraitu zuen. Entrenatzen hasi zen.
Gaztetan, Zumaiako Bitarte baserrira eta Bidaniko (Gipuzkoa) Etxeberrira joan zen euskara ikastera. Euskara eta mendia uztartu zituen: Etxeberrikoek siesta egiten zuten bitartean Herniora joaten zen. Azkar, askotan gailurrera iritsi gabe, «siestarako tarte txikia hartzen baitzuten». Erabat identifikatuta sentitu zen Joxan Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel liburuko istorioarekin.
Mendian, Pirinioak ezagutu zituen aurrena. Gero Alpeak. Gogoan zuen Alpeetara egindako lehen bidaia, trenean, lagunekin, 30 egun pasatzera, ilusio eta ezjakintasun askorekin, diru gutxirekin eta material eskasarekin. Askatzen ziren kranpoiak, bota bigunegiak... «Nire larruzko botak oso bigunak ziren, eta azkazalek ahalik eta indar gehiena egiten zuten aurrena botaren kontra eta gero izotzaren kontra».
Alpeen ondoren deskubritu zituen Andeak. 21 urte eskasekin joan zen Perura. Lehen bidaia lagunekin egin zuen. Bigarrenean bakarrik bueltatu zen, abentura eta bide berrien bila, joaneko hegazkin txartela sakelan eta motxila bizkarrean. «Paradisua» aurkitu zuen, zoriontasuna. Harentzat, hura zen «bizitza». Bizibide bat behar zuen, ordea, Huarazen jarraitzeko. Ez zeukan dirurik, egoera politikoa nahasia zen, eta kolera epidemiek zapuztu egin zioten turismoan lan egiteko asmoa. Etxera bueltatu zen. Perun ez zituen mendiak bakarrik ezagutu, baita bere emaztea ere.
Perutik bueltan, bestelako ardurei heldu zien: lanari —garraiolaria zen aitak sortutako enpresan—, familiari —bi seme zituen—... baina mendia ahaztu gabe. Himalaia ezagutu zuen: 1993an Everest igotzeko espedizio batean parte hartzera gonbidatu zuten eta Zerainek onartu egin zuen. Everest igo zuen lehen arabarra izan zen.
Everesten ondoren etorri ziren Makalu 1995ean, Juanito Oiartzabalekin taldea osatuz, baina taldekideek baino egun bat geroago igota, bakarrik; Lhotse (8.516 metro) TVE Espainiako Telebistako Al filo de lo imposible programaren taldearekin, erdiko Lhotse kateatzeko asmoa bete gabe; GI eta GII, 2006an; K2, bakarrik, 2008an; Kangchenjunga (8.586 metro), 2009an, ez nahi zuten bezala, Yalung Kangetik bide berri bat zabalduz; Dhaulagiri eta Manaslu, iaz, Mariano Galvanekin; eta Annapurna (8.091 metro), aurtengo maiatzean, Jonatan Garcia barakaldarrarekin (Garciaren lehen zortzimilakoa zen).
Zerain ez zegoen hamalau zortzimilakoetara igotzeak itsututa. Hala ere, iaz bat egin zuen Juanito Oiartzabalekin, Oiartzabalen bizkartzain bihurtu zen, hark hamalau zortzimilakoak errepikatzeko proiektuan: 2x14x8000, Saunier Duval galdara ekoizlearen babesarekin. Biei ia zortzimilako berak falta zitzaizkien, batari hamalauak egiteko, besteari hamalauak errepikatzeko.
Hamalaukoa osatzeko helburua jarri zuen Zerainek, 2019rako-edo. Ez zuen edozein moduz igo nahi, ordea: «Gozatu egin nahi dut, niri zerbait emango didan zerbait egin. Baita konpromiso gehiago eskatzen duten igoera horiek balora daitezela ere».
Oiartzabal iaz gaixotu egin zen Dhaulagirin, eta Zerain Mariano Galvanekin igo zen, ziztu bizian. Oiartzabal sendatu bitartean, Saunier Duvalek Zerainen aldeko apustua egin zuen.
K2, mugarria
Zerain, Zerainen gaitasuna eta Zerainen mendiei ekiteko modua ezagun egin bada, K2rengatik izan da, 2008ko espedizioagatik: batetik, Arabako alpinistak egin zuenagatik eta egiteko moduagatik, bakarrik igo baitzen, bidea zabalduz eta soka finkoak jarriz, xerpekin elkarlanean; bestetik, egun hartan K2 igotzen saiatu ziren edo igo zuten hainbat mendizaleri gertatu zitzaienagatik, 11 lagun hil baitziren. Zerainek ametsa bete zuen, K2k «sorgindu» zuen. Beheko kanpalekuan izan zuen tontorretik behera usaindu zuen tragediaren berri: jendea beranduegi igotzen ari zen, «arduragabekeria» iruditzen zitzaion igotzen jarraitzea. Izotz plaka bat erori egin zen, eta soka finkoak eraman zituen. Alpinista asko ez aurrera ez atzera geratu ziren tontorretik bueltan.
Egun haietako kontakizuna 67 orritan bildu zuen. Espedizioen eguneroko jarduna, xerpekin zuen harreman estua, alpinismoaren epikaren ifrentzua eta alpinismoari buruzko gogoetakerakutsi zituen, zehaztasun eta gordintasun osoz: «Mendiak agertoki idealak ditu bizipen indartsuenez eta pozgarrienez gozatzeko, baina tragedia gerta daiteke saiakeran. Zer izango litzateke heriotza aurretik bizitza bete bat gabe? Zer izango litzateke bizitza hura bizitzeko tragediarik gabe?».
Bakarrik eta libre joan dira
Alberto Zerain gasteiztarra eta Mariano Galvan argentinarra Nanga Parbaten elur-jausi batek harrapatuta hil direla baieztatu du Pakistango erreskate taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu