Gogorra, oso gogorra, uste baino gogorragoa egin zaie Groenlandiako zeharkaldia Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistei, aurrez ere sufritzen ohituta dauden arren. Baina gozatu ere neurri berean gozatu dutela diote, Transantartika 2011 espedizioaren lehen zeharkalditik itzuli berri direnean. «Gure tatxetako bat da», azaldu zuen atzo Iñurrategik, umoretsu, prentsaurrekoan, ahaleginak argaldu eta eguzkiak zein muturreko hotzak erretako aurpegian irribarrea erakusten zuela: «Sufrimendua gainditzeak ematen digu satisfazioa; zenbat eta handiagoa sufrimendua, orduan eta handiagoa satisfazioa». Eta pozik itzuli dira oso, inoiz izan duten esperientziarik zailenetakoa izan eta gero. Harro ikasi duten guztiaz.
Groenlandiako zabaldi izoztuak hegotik iparrera zeharkatu dituzte; 2.300 kilometro, 32 egunean. Bakarrik, kanpoko laguntzarik gabe. Natura izan dute lagun bakartzat, baita aurkari ere. Hain zuzen ere, ezerezaren erdian egoerarik zailenetan moldatu beharra egin zaie gogorren, eta ekarri duten aberastasun pertsonalaren iturri.
Haizeak lagundu ditu kilometroak eta kilometroak egiten, horretarako kometa erraldoiak erabiltzeko aukera eman dienean. Hotza izan dute aurkari nagusietakoa, uste baino handiagoa.
Baina bete dute helburua, «edo helburuak, hobeto esanda». Gainditu dute lehen erronka, eta ikasi egin dute. Asko ikasi ere: Zeharkaldi polarrei aurre egiten, kometen teknika menperatzen, eta «izugarrizko garrantzia duten milaka xehetasun txiki». Horietako batzuk izendatu zituen Iñurrategik, halako egoeretan sentitzen dena nork bere larruan sentitu gabe irudikatzea ezinezkoa dela ohartarazita: «elikaduraren garrantzia» eta arlo hori ondo planifikatu beharra; «pentsatzen ez genuen hotzari aurre egitea»; «oso espazio handi eta zabalean egonda ere oso espazio txikian egin behar den bizikidetza etenik gabekoa»; ordu luzeetako ibilaldien ondoren, akituta egonik ere, kanpamentua muntatu, bazkariak prestatu eta ura ere norberak lortu beharra. «Ez dut akorduan Himalayan horrela sufritu izanik».
Himalayako espedizioetako kanpamentu basera iristean zain izaten duten azpiegituraren falta sumatu dute eguneko ibilaldien amaieran: bakoitzak bere denda izateak dakarren lasaitasunaz gozatu ahal izatea, prestatu behar izanik gabe gainera; bazkaria edota te beroa prest izatea...
Oraingoan, hiru bidaideen artean egin behar izan dute hori guztia. Hamabi bat orduko ibilaldien ondoren, hiru ordu behar izaten zituzten lotarako lekua, ura eta janaria prestatzeko. «Kanpamentua prestatzen ari ginela, behin baino gehiagotan pentsatu nuen seko eroriko nintzela», aitortu zuen Zabalzak.
Bizitako «bakartze sentipena» gainditzen ere zail egin zaie; hilabetean espazio zuria besterik ez ikustea, begi bistan ez mendirik, ez zuhaitzik, ez animaliarik, ez beste ezer, ez inor izatea.
Baina gabezia horiek guztiek izugarri aberastu dituztela eta hargatik «pribilegiatu» sentitzen direla azaldu zuten. «Badakit ezinezkoa dela, baina mundu guztiak probatu behar luke eskala txikian bada ere, eguneroko bizimodua beste modu batean hartzeko», esan zuen Iñurrategik, duen «zortea» eskertuta.
Erronka berria
Egitasmoaren lehen zatia gainditu eta ikasi beharrekoak ikasita, udazkenari begira daude, dagoeneko, hiru mendigoizaleak: Antartikari begira. Gainditu berri duten proba baino askoz gogorragoa izango dela jakin arren, ilusioz beteta daude.
Luzeagoa izango da Antartikako ibilaldia. Lehenengo, bi bat mila kilometro egin nahi dituzte, hego polora azaroan iristeko, eta, ondoren, beste 1.500 poloan bertan. 70 bat egun beharko dituzte, eta are egoera muturrekoagoei egin beharko diete aurre. Gainera, espedizioari «ukitu berezia» eman nahian, Maud Erreginaren Lurra deritzon lurraldean dauden haitzezko orratz luze eta ikusgarrietakoren bat eskalatzeko asmoa ere badute.
Bakardadetik ikasi izanaren poza
Groenlandiako zeharkalditik itzuli berritan, Antartikakoari begira jarri dira Vallejo, Iñurrategi eta Zabalza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu