Enara Oronoz. Neguko triatleta eta mendiko korrikalaria

«Baikorra eta erronkazalea izatea dira nire ezaugarriak»

Denbora gutxian asko egin du, eta gehiago egin dezakeela erakutsi du, bai neguko triatloietan, bai mendiko lasterketetan; Nafarroako selekzioko kideetako bat bihurtu da.

Unai Ugartemendia.
Iruñea
2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Denboraldi bete-betean dago Enara Oronoz (Otsagabia, Nafarroa, 1991) neguko triatloilari eta mendi korrikalaria. Neguko triatloietan Espainiako kopako bi proba egin ditu oraingoz, eta bietan bigarren postuan amaitzea lortu du; baita Espainiako txapelketan ere. Ilusioz, gogotsu eta gauza handiak lortzeko asmoarekin ekin dio urteari. Bi urte besterik ez darama neguko triatloietan eta mendiko lasterketetan, baina orain arte lortutako emaitza onak kontuan hartzekoak dira. Azkenaldian telebistan ere agertu da, ETB1eko Gailurra Xtreme Perdido programan.

Zein izan da kirolarekin lotuta daramazun ibilbidea?

Betidanik gustatu izan zait kirola egitea. Oso gazte nintzela, bizikletan hasi nintzen, gehienbat mendiko bizikletarekin. Gero, mendian korrika egiten. Hala ere, esan beharra daukat txikitatik mendian asko ibilitakoa naizela. 22 urte nituela, nire lehen neguko triatloia egin nuen, Anson [Aragoi, Espainia]. Ikaragarria iruditu zitzaidan, eta orduan hasi nintzen serioago hartzen. Urte horretan bakarra egin nuen; izan ere, nire helburu nagusia hiru diziplina horiek probatzea eta gozatzea zen, eta harrapatu egin ninduen.

Bizikletan ibiltzea asko gustatzen zitzaidan, korrika egitea ere bai, eta iraupen eskian ere txikitatik ibilitakoa naiz. Gehien maite ditudan hiru kirolak uztartzeko aukera ezin hobea da neguko triatloia.

Askorentzat, iraupen eskia izaten da zailena neguko triatloietan. Nolakoak izan ziren zure hastapenak iraupen eskian?

Otsagabian bizita, beti egin izan dut iraupen eskia. 6 urterekin dagoeneko eskien gainean jarri ninduten gurasoek. Haiek nahiko berandu hasi ziren arren, haien atzetik ibiltzen nintzen.

Eta bizikletan?

20 urterekin hasi nintzen, eta izugarrizko zaletasuna hartu nuen. Leku askotara joaten hasi nintzen; esaterako, Pirinioetara. Beti mendian ibiltzen nintzen. Errepideko bizikleta triatloietan hasi nintzenean hartu nuen lehenbizikoz. Sasoian jartzeko aukera ona ematen zidan.

Eta korrika?

Beti izan naiz mendizalea. Mendi askotara igo naiz, eta beti izan diotbegirunea mendiari. Noizean behin egiten nuen saio txikiren bat korrika. Hala ere, 2016ko abenduan, Otsagabian, izena eman nuen hamar kilometroko herri lasterketa batean, eta oso gustura amaitu nuen.

Zein oroitzapen duzu egun hartaz?

Sekulakoa iruditu zitzaidan mendian korrika ibiltzea. Ikaragarri gozatu nuen! Fisikoki oso ondo joan nintzela gogoratzen dut, eta jendeak zenbat animatzen zuen ere gogoan dut. Azkenean, laugarren postuan amaitu nuen. Oso lasai joan nintzen denbora guztian, gehienbat nik neure burua ez nuelako mendi lasterkari gisa ikusten. Gehiago emateko gogoz gelditu nintzen. Oso gauza ezberdinak dira lasterketa bat amaitzera joatea edo irabazteko lehian egotea.

Gerora hasi zinen mendi lasterketetan buru-belarri.

Handik gutxira, lagun batek deitu zidan, Berako [Nafarroa] lasterketan izena emateko epea zabaldu zutela eta parte hartzera animatzeko. Emaitza ona lortuko nuela esan zidan. Izena eman, eta hara joan nintzen. Oso urduri egon nintzen bezperan, normalean gehienez 8-10 kilometro egiten nituelako, baina Beran 21 egin behar nituelako eta desnibel positibo handia zelako. Abentura batera joan nintzen. Lasterketan zehar oso ondo sentitu nintzen, maldan gora batez ere. Seigarren postuan amaitzea lortu nuen. Ezin nuen sinetsi nola hain gutxi entrenatuta hain postu ona lortu nuen amaieran. Zera pentsatzen jarri nintzen: eta gehiago entrenatzen hasiko banintz?

Lehen lasterketa haien ondoren, besteren batzuetan ere ikusi zaitugu.

Esan bezala, Berako maratoi erdia osatu eta gero, Hiru mendi trail, Irati trail, Camille Xtrem eta Trail Valle de Tena ere egin nituen iaz.

Camile Xtreme lasterketaren ondoren, Nafarroako selekziorako ere deitu zizuten. Nola hartu zenuen albistea?

Hasieran arraroa egin zitzaidan horren denbora gutxian korrika ibilita selekzioak deitzea. Hala ere, nire hasiera nahiko azkarra baina progresiboa izan da, eta sekulako poza eragin zidan. Niretzat plazer handia da bertan dauden kirolari handiekin korrika egitea.

Denbora gutxi badaramazu ere, zer-nolako maila ikusi duzu Nafarroako selekzioan?

Oraindik ez ditut denak ondo ezagutzen, baina Nafarroak korrikalari oso onak ditu, eta bertan daudenen artean maila eta giroa bikainak dira. Nik uste dut, gainera, etorkizuneko korrikalari on asko datozela atzetik ere.

Hiru emakume indartsu zaudete gaur egun: Laura Sola, Irene Guembe eta zu. Haien mailan ikusten al duzu zeure burua?

Ni hasi berria besterik ez naiz. Niretzat bi kirolari handi dira, eta esperientzia handia daukatenak, gainera. Fisikoki haien mailara irits naiteke, baina lasterketa asko egin behar ditut haien eskarmentua eta ezaugarriak izateko.

Aurten, neguko triatloietan, Espainiako Kopa eta txapelketa izango al dira helburu nagusiak?

Bai, hori da nire helburu nagusietako bat. Orain arte beti bi proba besterik ez dut egin urtero, baina aurten dena ondo badoa, guztiak egiteko prest nago. Eta, jakina, nire erronka nagusia aurten Espainiako neguko triatloi txapelketa irabaztea da.

Denboraldia ondo hasi duzu, Vinuesan (Soria, Espainia) eta Anson bigarren egin eta gero. Gustura gelditu al zara emaitzarekin?

Bai, oso gustura gelditu nintzen Vinuesan egin nuenarekin. Proban asko gozatu nuen, eguraldiak ere lagundu zigun, eta emaitza bikaina izan zen.

Espainiako Kopa eta txapelketa irabazteko gai ikusten al duzu zeure burua?

Fisikoki ongi sentitzen naiz. Hiru sektoreetan gozatzen dut, eta hiruretan dena ematea gustatzen zait; horregatik uste dut aukera dudala.

Zein izango dira aurkari nagusiak?

Nire aurkari nagusiak Mari Cruz Aragon eta Alba Xandri izango dira. Eskarmentu handiko bi triatleta.

Eta mendiko lasterketetan, zein izango dira zure helburuak?

Triatloiaz haratago, baditut beste helburu finko batzuk: esaterako, La Fuga Trail lasterketa egitea, 53 kilometrokoa, edota emaitza txukuna lortzea Espainiako mendi maratoi txapelketan, Nafarroako selekzioarekin, ekainean.

Zein dira Enara Oronozen ezaugarri nagusiak?

Oso baikorra eta erronkazalea naiz.

Eta zertan ez da hain indartsua?

Lehiaketetan, maiz, ez dut konfiantza handirik ondoko pertsonengan, batez ere taldeka bada.

Lasterketa batzuk irabazi eta postu on asko egindakoa zara. Jendearen presioa sentitzen al duzu?

Zenbat eta podium gehiago lortu edo lasterketetan emaitza hobeak izan, inguruko presioa orduan eta handiagoa da. Batzuetan, saiatzen naiz eragin ez diezadan, baina egia da askotan, nork esaten dizun, izugarri eragiten dizula «gaur ez duzu podiumik egin...» komentario batek.

Asko eskatzen al diozu zeure buruari?

Exijentea naiz, baina gauzak edo helburuak argi baditut, nire erronkak gustatzen bazaizkit eta gozatzen baditut. Orduan dena ematen dut, eta asko exijitzen diot neure buruari eta gorputzari.

Lasterketa luzeagoetan ikusten al duzu zeure burua hemendik urte batzuetara?

Bai. Nire helburuetako bat, luzera begira, lasterketa luzeak egitea da. Baina argi daukat progresiboki egin nahi dudala eta distantzia motzez ere gozatu nahi dudala.

Telebistan ere agertzen zara, Gailurra Xtreme programan. Nolako esperientzia izan da?

Sekulakoa. Pertsona asko ezagutu ditut, eta sekulako erronkak izan dira. Berriz ere egingo nuke, dudarik gabe.

Zer gustatu zaizu gehien?

Han izandako bizipenak. Ez bakarrik mendian korrika egitea, baizik eta ikustea nola pertsona ezberdinek ilusio bera izan duten erronka beraren aurrean.

Zein izango da aurtengo zure egutegia?

Hasteko, neguko triatloiak. Aurrerago, mendiko lasterketen barruan, La Fuga Trail, GTPE Picos de Europa [35 kilometro], Espainiako mendi maratoien txapelketa, Xibero Trail maratoia eta aurrerago finkatuko dudan besteren bat ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.