Azkorbebeitia eta Larruzea txapeldun

Oihana Azkorbebeitiak eta Julen Larruzeak irabazi dute Mendi Lasterketetako Euskal Herriko Txapelketa, Kanpezun

Unai Ugartemendia.
2017ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Mendi lasterketetan hasi berri samarra bata, zaildua bestea. Julen Larruzea eta Oihana Azkorbebeitia. Mendi Lasterketetako Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuten biek igandean, Kanpezun (Araba). 25,5 kilometroko lasterketa izan zen, 1.800 metroko desnibel positiboarekin. Biak zeuden faboritoen artean, azkenaldian lasterketak irabazi baitituzte. 300 korrikalarik parte hartu zuten lasterketan.

Gizonezkoetan, Julen Larruzea larrabetzuarra nagusi izan zen hasieratik. Bosgarren kilometroan, jada aldea ateratzen zion taldeari, eta, handik aurrera, handitu egin zuen aldea. Helmugan, hura izan zen lehena, Iker Oliveri bigarren eta Hassan Ait Xau hirugarren.

Emakumezkoetan, ezustekorik ez. Lasterketaren hasieran Maria Zorroza jarri zen aurrean, baina Oihana Azkorbebeitia abadiñarra lasterketaren burua jarri zenean, ez zuen inork aurreratu. Maria Zorroza euskal selekzioko lasterkaria izan zen bigarren, eta Maite Etxezarreta hirugarren.

Garcia eta Trigueros

Asteburuan jokatu da Basque Ultra Trail Serieseko bigarren lasterketa, Gasteiz eta Iruñea artekoa (130 kilometro, +6.300 metro). Emakumeetan, lehen lasterketako podiuma bera izan zen: Silvia Trigueros garaile, Nerea Martinez bigarren eta Agurtzane Argiarro hirugarren; gizonetan, berriz, Carlos Garciak irabazi zuen, Imanol Aleson izan zen bigarren eta Oscar Perez de Nanclares hirugarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.