Maite Maiora. Mendi korrikalaria

«Azken hilabeteetan begiz jota eduki dut ISFko Munduko Txapelketa»

ISF zirkuituko Munduko Txapelketa irabazi berri du Maiorak, eta adierazi du «oso pozik» dagoela lortutako emaitzarekin. Lasterketa gustura amaitu zuela dio, «indartsu».

MAITE MAIORA.
Unai Ugartemendia.
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Barrueran (Lleida, Herrialde Katalanak) jokatu ziren 2021eko mendi lasterketetako ISFko (International Skyrunning Federation) Munduko Txapelketak, joan den asteburuan. Hiru diziplina izan ziren jokoan: igoera bertikala, maratoi distantzia eta ultra distantzia. Han izan ziren euskaldunen artean, Oihana Kortazarrek zilarrezko bi domina lortu zituen bertikalean eta maratoi distantzian, baina izen nagusia Maite Maiorarena (Mendaro, Gipuzkoa, 1980) izan zen. 2016an maratoi distantzian eta leku berean lortutako urrezko dominari jarraipena eman zion larunbatean, ultra distantziako lasterketan urrea lortu ondoren. Geroztik, ahotik irribarrea ezin kendurik dabil gipuzkoarra.

Dagoeneko bost egun igaro dira lasterketa egunetik. Nola gogoratzen duzu txapelketa?

Oso pozik nago emaitzarekin! Ez dut egun askorik izan atseden hartzeko, baina ezin dut ahaztu lortutakoa. Gogo handiarekin nengoen Barruerarako, eta lasterketa honetarako bereziki.

Gogo berezia omen zenuen lasterketa honetarako.

Bai. Aurtengo nire asmoen artean, Ultra Trail World Tourreko lasterketa batzuk lehiatzea zen bat, ondoren Chamonixko Ultra Trailean denboraldia ia amaitzeko. Pentsatuta nituen lasterketa denak bertan behera gelditu ondoren, egutegia aldatzea tokatu zitzaidan. Azken urteetan ez bezala, Espainiako Kopako lasterketa pare bat eta Espainiako txapelketa jokatu nituen. Ikusten nuen Espainiako Mendi Federazioa txapelketak antolatzen ari zela, eta banuen esperantza honetarako ere. Ikusi nuenean aurrera zihoazela, ondo prestatzea erabaki nuen. Hasieran maratoia jokatu behar nuen, baina niretzako egokiagoa zen ultra distantzia. Asmatu dudala esan dezaket! Oso gustura amaitu nuen, baina esateko moduan nago lasterketa jokatuko nuela erabaki nuenetik begiz jota neukala.

Ibilbidea ondo ezagutzeak asko lagundu al zizun?

Bai, bai, zalantzarik gabe! Azken hilabete hau, bereziki, lasterketa honi begira egon naiz. Mundiala korritu nahi banuen, orain dela bi aste egin genuen egonaldian egon beharra neukan, eta halaxe egin nuen. Lau egunez lasterketa ezagutzen egon nintzen taldekoekin, bi egun ezberdinetan, eta harriak ere ezagutzen nituen ia-ia! Oso ibilbide gogorra zen! Jaitsiera askok beldurra ere ematen zuten, eta gailurreria zatiek, orotara, 20 kilometro inguru osatzen omen zituzten. Pentsa...

Nola antolatu zenuen lasterketa?

Izenen artean gehien arduratzen ninduena Gemma Arenas espainiarrarena zen. Halere, horrelako txapelketetan ezin zara inorretaz fidatu. Beti izaten da sorpresaren bat, eta hemen ere gerta zitekeen. Irteera eman eta segituan, Arenas jarri zen lehen postuetan. Korrikako gunea zen hura, eta konturatzerako minututik gorako aldea ateratzen zidan. Lehen igoeran, halere, jada harrapatzea lortu nuen. Igoerak oso gogorrak ziren, eta eremu horietan joan nintzen aldea ateratzen. Lasterketaren erdialdean edo, jada sei minutu ateratzen nizkion. Handik aurrera, banekien ezin nuela lorik hartu, eta une oro kontrolatuz joan behar nuela. Burua hotz izan nuen, eta gorputzak ere izugarri lagundu zidan. Oso indartsu ikusten nuen neure burua, eta nire eremuetan denbora ateratzen joan nintzen. Amaieran, ia hogei minutuko tartea atera nion. Izugarria izan zen helmuga! Azken hilabetean egin ditudan entrenamendu gogorrek merezi izan dute.

Noiz ikusi zenuen lasterketa irabaziko zenuela?

Azken kilometroetara arte ez nintzen lasai joan. Egia da atzera begiratzen nuen aldiro ez nuela inor ikusten, baina hanka onak nituen, eta korrika egiteko gogoa neukan. Oso gustura amaitu nuen, indartsu.

Bost urte beranduago leku berean zinen berriro ere txapeldun. Orduan maratoi distantzian izan zen; orain, berriz, ultra distantzian. Zer esan nahi du horrek?

Gauza berezia da, bai! Orain dela bost urte esan izan balidate, erotzat hartuko nuke! Baina, zortez, gauza politak kontatzeko moduan nago berriro. Oso berezia izan da aurtengoa. Orain dela hiru urte Eskozian ere izan nintzen munduko txapelketan, baina orduan askoz ere gose gutxiago neukan.

Aurtengo denboraldirako zenituen helburuen artean al zegoen munduko txapelketa hau?

Jokatu behar nituen lasterketak bertan behera gelditzen ari ziren heinean, gauzak aldatu behar izan nituen. Espainiako hautatzaileei esan nien maila ematen banuen nirekin konta zezaketela, eta horrela izan da. Behin hautua eginda, luze gabeko helburua izan zen. Gainera, hilabeteak aurrera joan ahala, distantziak igoz joan behar nuen 2021eko UTMBri begira. Dena ezin hobeto atera da.

Chamonixko Ultra Traila (170 kilometro eta +10.000 metro) aipatu duzu. Hura izango al da aurten ere urteko helbururik garrantzitsuena?

Bai, zalantzarik gabe! Orain dela bi urte izan nintzen lehendabizikoz UTMBn, eta badakit han zer dagoen. Hankak lurrean ditut, eta umiltasun osoz joan nahi dut hara. Nire lasterketa egitera aterako naiz berriro, eta orduan egin nuen denbora errepikatzen badut, badakit aurrean ibil nintekeela. Pentsatutako denboretan baldin banoa eta azken kilometroetan aurrean ikusten badut neure burua, dena emango dut, beti bezala.

2019ko hirugarren postua eta gero, faboritoetako bat izango zara azken garaipenerako. Zer diozu?

Ez dut neure burua faboritoen artean ikusten, eta askok ere ez! Oraindik ez daukat esperientzia handirik, baina amestea libre da. Ez dut imajinatu ere egin nahi irabaztea zer izango litzatekeen. Inoiz irabazi nezakeen lasterketarik handiena da UTMBa! Nik 2019an egin nuen denbora okerragoarekin ere irabazi izan dute urteren batean; beraz, zergatik ez amestu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.