Mendi lasterketen denboraldi hasierako izarretako bat da Asier Larruzea korrikalaria (Gueñes, Bizkaia, 1990). 2018az geroztik, euskal selekzioaren elastiko urdinarekin jokatu ditu lasterketa asko Europan. Azken urteetan egin duen gorakadaren isla dira denboraldi honetako emaitzak. Espainiako Kopako azken lasterketan lortutako emaitzak, berriz, lidergoan jarri du Enkarterriko korrikalaria. Suhiltzaile izateko oposizioak prestatzen ari da, baina mendi lasterketak uztartzeko modua topatzen ari da. Gogotsu eta ilusioz dago hasi berri den denboraldirako. Orain artean lortutako emaitzekin gustura dago, eta hurrengo lasterketak ditu jomugan. Zeresana ematen ari da.
Nola daramazu denboraldi arraro hau?
Oraingoz oso gustura nago. Espainiako Kopan, Sevillan [Andaluzia, Espainia], ekin nion denboraldiari. Lehen asmoa zen euskal selekzioarekin Munduko Kopan lehiatzea. Lehen lasterketa prestatzeko, Sevillara joango nintzatekeen aipatu zidaten, eta hara joan nintzen. Bigarren postuan amaitu nuen. Handik aurrera, eta ikusirik Munduko Kopako probak udazkenera pasatu dituztela, Espainiako Kopan lehiatzen jarraitzeko hautua egin nuen.
Emaitza bikainak lortu dituzu denboraldi hasiera honetan.
Bai, hala da. Sevillakoa eta gero, Jaenera [Andaluzia, Espainia] joan nintzen, Espainiako Txapelketara. Larunbateko bertikalean, bigarren sailkatu nintzen, eta igandeko lasterketan, berriz, bosgarren. Hasieran, lasterketa bakarrik egin behar nuen, baina azken unean erabaki nuen biak egitea. Uste baino emaitza hobeak lortu nituen, nahiz eta beldur nintzen larunbateko lasterketak gainkarga bat eragingo ote zidan. Azken lasterketan, berriz, Miranda Ebron [Gaztela eta Leon, Espainia], lasterketa irabaztea lortu nuen.
Denboraldi hasiera izateko, oso indartsu ikusi zaitugu. Hori al zen asmoa?
Egia esan, ez nekien nola ibiliko nintzen. Iaz ia lehiatu gabe egon eta gero, ez nekien gorputzak nola erantzungo zidan. Pandemiagatik, asko entrenatu nuen iaz, gehienbat bizikletan eta gimnasioan. Ondoren, ekainean, kalera irteten utzi zigutenean, mendian hasi nintzen. Oso lasterketa gutxi egiteko aukera izan nuen, baina maila onean aritu nintzela esango nuke. Geldialdiak, halere, uste dut on egin didala, niri behintzat. Aurrerapauso bat eman dudan irudipena daukat. Ez dakit zer izan den; pandemiagatik izandako atsedenaldia izan daiteke arrazoia.
Geldialdi horrek errespetua ematen zizun aurtengorako?
Ez, ez neukan lehiatzeko beldurrik. Aurkakoa esango nuke: lehiatzeko benetako gogoa neukan. Bizitza osoa lehiatzen daramat, eta iazko etena, azkenerako, oso luzea egin zitzaidan. Inoiz ez nintzen egon urte oso bat lehiatu gabe. Okerren, etxetik ezin atera egon ginenean egon nintzen. Bi hilabete gogor izan ziren.
Espainiako Kopako bi lasterketa jokatu dituzu orain artean. Lortutako emaitzek lidergoan jarri zaituzte. Espero al zenuen?
Miranda Ebron lortutako garaipenagatik nago orain lidergoan. Lehen postuan zihoana ez zen bertan egotekoa, eta banekien, lasterketa on bat egiten banuen, aukerak izango nituela aurrean ibiltzeko.
Lidergoan jarrita, denboraldi honetarako zenituen asmoak aldatzen dira?
Ez zen nire asmoetan sartzen Espainiako Kopa lehiatzea. Baina denboraldi arraro honetan, lehen urte erdian jokatuko dira Espainiako Kopako lasterketa gehienak, eta bigarren urte erdian, Munduko Kopakoak. Egoera horrek bietan lehiatzeko aukera emango dit. Espainiakoan, lau lasterketa jokatuko dira, eta aurretik gelditzen zaizkit Las Palmaskoa [Kanariar Huarteak, Espainia] uztailean, eta Malagakoa [Andaluzia, Espainia] urrian. Espero ez nuen arren, Espainiako Kopa irabaztea izango da aurtengo helburuetako bat. Halere, hemendik bi astera hasiko den Munduko Kopara begira ere jarrita nago.
Sailkapeneko lehen postuan joateak presioa sortzen dizu?
Ez dut presioa asko sufritzen. Lasterketak gustuko ditudalako egiten ditut, eta beti irteten naiz ahal dudan guztia ematera. Bizitzako beste momentu askotan, bai, presioa sumatu izan dut, baina mendi lasterketetan, ez. Niretzako, mendian korrika ibiltzea denbora pasarako afizio bat da.
Orain arteko emaitzak kontuan hartuta, askok diote zure urtea izango dela aurtengoa.
Ez dakit zer esan [barrezka]. Orain artean, lehian ibili naizen urte hauetan, nire hasierarik onena izan dela esateko moduan nago. Agian, nire kirol ibilbideko sasoirik onenean nago oraintxe bertan. 2018an selekzioan sartu nintzenetik, postu onak lortu izan ditut, baina aurtengoak bezain onak, inoiz ez. Esaterako, Espainiako Kopan inoiz ez nintzen lasterketa bat irabazitakoa, eta Espainiako Txapelketan ere inoizko posturik onena zortzigarrena nuen. Aurten, berriz, bosgarren amaitzea lortu dut. Emaitzak kontuan hartuta, inoizko denboraldirik onenaren aurrean nago.
Zer litzateke zuretzat Espainiako Kopa irabaztea?
Gaur-gaurkoz, helburua bilakatu da Espainiako Kopa. Baina ez dut ezer berezirik sentituko ziurrenik; sentimentalki behintzat, ezer ez! Kirolean garaipen handia izango litzateke irabaztea, eta horretan saiatuko naiz.
Espainiako Kopa aldatuko zenuke Munduko Kopan lasterketa bat irabaztearen truke?
Bai! Azken finean, niri gustatzen zaidana zera da, munduko onenekin lehian aritzea. Munduko Kopako maila askoz ere altuagoa da Espainiakoarekin alderatuta, nahiz eta aurten maila handia dagoen. Bertan garaipen bat lortzea izugarria litzateke!
Munduko Kopa aipatu duzu. Egutegi osoan lehiatuko zara?
Ahalik eta lasterketa gehien egin nahiko nituzke. Puntuak pilatzeko ezinbestekoa da gutxienez lau lasterketa jokatzea, eta nire asmoa litzateke bost edo sei lasterketa jokatzea. Finala jokatzeko puntuak gehitzen joan behar dut, eta, ahal badut behintzat, bertan egoten saiatuko naiz. Oso zaila izango da sartzea, ez diot helburu hori jarri nahi neure buruari. Gutxinaka joan nahi dut. Lehen lasterketa jokatu ahala finkatu nahiko nituzke helburuak. Dena ematera joango naiz Munduko Kopara ere bai. Finalean sartzeko aukera badut, ondo, eta bestela, ere bai.
Nork esan behar zizun orain dela urte batzuk egoera honetan egongo zinenik.
Bai, hala da! 22 urte bete nituen arte, futbolean aritu nintzen, eta, lesioengatik, utzi behar izan nuen. Umetan, Athleticen sartzeko probak ere egin nituen, 11 urterekin. Azken urteetan, orkatilak ez nituen onenean, eta azken denboraldi aurrea amaitzean, uztea erabaki nuen. Ondoren, mendian hasi nintzen korrika. Gaur arte; hemen jarraitzen dugu.
Gogoan al duzu egin zenuen lehen lasterketa?
Nola ahaztuko dut, ba! 2012ko ekainean izan zen, Galdamesen [Bizkaia]. Ez nekien ezer mendi lasterketez! Dena ezjakintasuna zen niretzat, eta, gainera, 34 kilometroko lasterketa bat zen! Lasterketa bezperan lagun batek aipatu zidan ea hara joango ginen korrika egitera. Oso gutxi entrenatuta nengoen, baina joatea erabaki nuen. A zer sufrikarioa! Apurtuta amaitu nuen, deshidratazioak jota... Ordura arte txakurrekin joaten nintzen mendira, eta noizean behin korrika egiten nuen. Nahiz eta txikituta amaitu, esperientzia asko gustatu zitzaidan. Ondoren, asko entrenatzen hasi nintzen, baina bururik gabe. Lasterketetara oso nekatuta iristen nintzen.
Agian zure fisikoarengatik, askok Jokin Lizeagarekin alderatu izan zaituzte. Horrek zer du onetik?
Jokinekin hitz egin izan dut horretaz, hari ere aipatu izan diotelako gehienbat, eta beti barrezka amaitzen dugu. Konparazioak gorrotagarriak dira! Hura, hura da, eta ni, ni naiz. Izugarri estimatzen dut Lizeaga, eta niretzat laudorio bat da hori, baina alderaketa ez da erreala. Mundu bat dago haren eta nire artean.
Eta txarretik?
Egia da fisikoki antz handia daukagula; gerritik behera indartsuak gara biak ere, eta korrika egiteko moduan ere antzekoak gara. Baina emaitzak kontuan hartzen baditugu, ez naiz harenoinetakoen zolara ere iristen! Hari ere aipatu izan diot hori. Hark lortu dituen gauzen heren bat lortzearekin, pozik nintzateke.
Azken urteetan maratoi arteko distantzian lehiatzen ari zara, baina ultra distantzian ere aritutakoa zara.
Ultra batzuk egindakoa naiz, bai! Gezurra dirudi, baina mendi lasterketetan hasi eta bigarren urtean jada jokatu nuen lehen lasterketa luzea. 2013an izan zen, etxetik oso gertu jokatzen den Apuko Extremen [84 kilometro eta +6.800 metro]. Hiru aldiz jokatu nuen lasterketa hori hurrengo urteetan ere, baina azkenekoan, 2015ean, erretiratu egin nintzen. Lasterketa hamar kilometro luzatu zuten, eta urrian jokatu zen maiatzean beharrean. Oso eguraldi txarra izan genuen: hego haizea, hezetasuna... Hirugarren nindoan, baina hirurogeigarren kilometroan jada gaizki nindoan. Anoa gunetik txikituta atera nintzen, eta nire herrira iristeko hamar kilometro gelditzen zitzaizkidan. Helburua hori zen, herrira iristea. Ez dakit nola, baina iritsi nintzen. Hildakoa ematen nuen! Handik gutxira, Europako Mendietan jokatu nuen beste ultra bat, eta seigarren amaitu nuen. Azkenekoa, Aneto-Posets [Aragoi, Espainia] izan zen urte berean, eta erretiratu egin nintzen. Esperientzia asko behar da ultra distantzian, eta nik ez neukan askorik, egia esan.
Ultra distantziara itzultzeko asmorik ba al duzu?
Bai, baina laster ez dut neure burua berriro ere ultra distantzian ikusten. Aurten, ekainean, Madeirakoa [Portugal, 60 kilometro] egiteko gogoa neukan, baina bertan behera utzi zuten bere garaian, eta, dirudienez, ez da jokatuko. Agian urrira pasatuko zutela zioten, baina ez dut uste urrian hainbeste kilometro lehiatzeko gogo handirik izango dudanik. Ordurako denboraldia amaitu nahiko nuke.
Asier Larruzea. Mendi korrikalaria
«Aurrerapauso bat eman dudan irudipena daukat»
Espainiako Kopako bi lasterketa eginda, sailkapenean lider dago, baita Mendiko Kopara begira ere. Presiorik gabe dabil lasterka, gozatzen, eta gogotsu heldu dio denboraldi berriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu