Atea bota nahi dute

Mendiko lasterketan hasi berriak dira Onditz Iturbe, Martin Diez, Sara Alonso eta Gontzal Murgoitio gazteak. Pandemiak haien asmoak zapuztu zituen martxoan, baina emaitza bikainak lortuz bueltatu dira.

Unai Ugartemendia.
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Euskal Herriko mendi lasterketen egutegia bete-betean astindu zuen koronabirusak. Otsailean jokatutako lasterketetatik harago, ia asteburuero jokatzen ziren lasterketen kopurua ezerezean gelditu zen martxoaren erdialdetik aurrera. Irailean, egoera arintzearekin batera, lasterketa batzuekin aurrera egiteko hautua egin zuten elkarte batzuek. Lasterketa horietatik atera dira etorkizuneko korrikalari berriak. Gazteak indartsu azaldu dira orain arte jokatutako lasterketa apurretan, eta gelditzeko etorri direla dirudi.

1.ONDITZ ITURBE Mendi Korrikalaria

«Ni ere harrituta gelditu nintzen Sorginen Lasterketako garaipenarekin»

Euskal Herriko kros denboraldian izen ezaguna da Onditz Iturbe (Igorre, Bizkaia, 1991). Helburu nagusiak diziplina horretan izaten ditu urtero. Halere, 2017an Gorbeia Suzien lasterketan parte hartu ondotik, mendian lasterka jarduteko harra sartu zitzaion. «Geroztik, mendian korrika ibiltzeko saioekin kateatuta gelditu nintzen, eta urteroko helburuen artean sartu nuen mendiko lasterketa pare batean irtetea», azaldu du Iturbek. Kroseko denboraldiari muzin egin gabe, 2019an berriro ere Zeanuriko proban parte hartzea erabaki zuen. Entrenamendu espezifiko batzuk osatu ondoren, sasoiko jarri zen ekitaldirako. Irteeran, faboritoen artean ez zegoen arren, bosgarren sailkatu zen. Yngvild Kaspersen norvegiarra gailendu zen lasterketan. «Gogotsu eta indartsu amaitu nuen lasterketa, eta bertan aurkitu nuen giroarekin erabat maiteminduta etxeratu nintzen», gogoratu du Zeanurin izandako azken aldi hartaz oroitzean. Baina mendiko lasterketak amaitu eta gero, kroseko denboraldi betean murgildu zen berriro ere. Denboraldi bikaina osatu zuen beste behin belar gainean: Bizkaiko txapelketan bosgarren sailkatu zen, eta Euskal Herriko txapelketan, bederatzigarren.

Egutegia amaitzeko proba gutxi falta zirenean, koronabirusak aurreratu egin zuen Arratia ibarreko korrikalariaren kros denboraldiaren amaiera. Baina ordurako bere maila erakutsia zuen mendi lasterketetako 2020 denboraldian. Lehenik, Oibarko (Nafarroa) maratoi erdian, eta ondoren Ibarruriko (Bizkaia) mendi lasterketan. Bietan, nagusitasun osoz irabazi zuen. Berriro ere Gorbeia Suzien lasterketan zuen jarria esperantza guztia, baina egungo egoeragatik, bertan behera gelditu zen Europako Txapelketako lasterketa behar zuenak. «Helburuak aldatzea» tokatu zitzaion. Denboraldiko emaitzarik onena irailaren 19an lortu zuen, Sorginen Lasterketan (Atxondo, Bizkaia). Goia jo zuen bertan. Lasterketak faborito argia zuen garaipena lortzeko: Oihana Azkorbebeitia. Azken urteetan munduko lasterkaririk onenetakoa izan da Abadiñokoa (Bizkaia), eta lehen kilometroetan alde egin zien aurkari guztiei. Baina gutxinaka, Iturbe postuak irabaziz joan zen, eta helmugara lehen postuan iritsi zen. «Garaipenak ezustean harrapatu ninduen», aitortu du hari buruz hitz egitean. Baina ondo ezagutzen dutenentzat, azken urteetan egindako lan handiaren ondorioa besterik ez zen izan Anboto azpian lortutako garaipen handia.

2.MARTIN DIEZ VIRTO

«Zegama-Aizkorrin denbora on bat egitea zen 2020rako asmoa»

Ordiziako maratoi erdian lortutako garaipena askorentzat ezustekoa izan bazen ere, mendi lasterketen zale direnentzat ez zen sorpresa izan Martin Diezek (Segura, Gipuzkoa, 1995) bertan lortutako lehen postua. 2018an Tolosako Hiru Tontorretan lortu zuen lehen sailkapen handia: laugarren sailkatu zen. Baina geroztik ez zuen lehen postuetan amaitzeko aukerarik izan. Ez, behintzat, 2019an jokatutako lasterketetan. «Aurtengo, aldiz, ilusioz gainezka nengoen. Neguan, berriro ere entrenamenduetan murgildu nintzen, azken urteetan bezala. Zegama-Aizkorri maratoian lan on bat egiteko asmoa nuen», azaldu du 2020ko asmoez galdetzean. Lehenago, urte hasierako bi lasterketetan parte hartu zuen. Lehenengoan, Garingo mendi lasterketan (Beasain, Gipuzkoa), laugarren amaitu zuen; eta, bigarrengoan, Urretxun (Gipuzkoa) jokatutako UZ Trailen, zazpigarren sailkatu zen. «Denboraldia ondo zihoan, aurreikusita bezala. Baina martxoaren erdialdean pandemia iritsi zenean, asmo guztiak bertan behera utzi behar izan nituen», gogoratu du. Udan, berriro ere korrika hastearekin batera, lasterketa batzuk ere martxan jarri ziren arren, ez zuen lehiatzeko aukerarik izan. Denboraldia amaitutzat ematear zegoenean, pentsatu zuen urrian Txindokin barrena jokatu behar zen maratoi erdian izena ematea.

Ez zuen aparteko entrenamendurik egin, baina sasoiko zegoen. Azkenaldian jokatzen diren lasterketa gehienen antzera, taldeka irten ziren Larraizko aparkalekutik. Diezek hirugarren taldean atera behar izan zuen, lasterketa irabazteko faboritorik ez zegoen taldean. Lehen aldia zuen horrelako irteera batean: «Erreferentziarik gabe joan behar izan nuen, baina lasterketa hasi bezain pronto abiada bizian atera nintzen, aurretik bi minutuko tartean atera ziren bi taldeei denbora kentzeko asmoz». Esan eta egin. Gutxinaka, aurreko taldeko gehienak gainditu zituen, tartean, mendian korrika bikain moldatzen diren korrikalari asko. Helmugara iritsi bezain pronto konturatu zen denbora bikaina egin zuela, baina ez zuen irabaz zezakeenik pentsatzen. Antolakuntzakoak denbora guztiak batu zituztenean, Diez izendatu zuten lasterketaren garaile. Atzetik, Iñaki Olano eta Hodei Lujanbio izan zituen podiumean, hilabete batzuk lehenago, Urretxun, lehen eta bigarren postuan sartu zirenak. «Orain sasoia mantentzeko asmoa daukat, eta neguan, oraindik ere kili-kolo dagoen kros denboraldian egin nahi dut saiakera». Mendirako, berriz, datorren urterako erronka jarri dio berriz ere bere buruari: Zegama-Aizkorrin arantza ateratzea.

3. SARA ALONSO Mendi korrikalaria

«Canfrancen Maite Maioraren aurretik amaitzea handia izan zen niretzat»

Pandemia garaian zirrara piztu duten korrikalarietako bat da zalantzarik gabe Sara Alonso gaztea (Donostia, 1999). Azken urteetan atletismoan, eta bereziki 3.000 metroko oztopoetako lasterketetan buru-belarri ibili ondoren, mendian korrika hasteko jauzia egin zuen urte hasieran. Horretarako, lehen pausoa mendian federatzea izan zen. Bazekien kirol berriari ekiteko gabeziak zituela: «Errendimenduaren aldetik, eta erresistentzia handitze aldera, gero eta kilometro gehiago egitea izan zen nire lehen betebeharra». Helburuak ere finkatu zituen: mendiko lasterketetako Espainiako bi txapelketak jokatzea zen xedea. Batetik, Espainiako Mendi Federazioak antolatzen zuena, eta, bestetik, Atletismoko Federazioak jokoan jarriko zuena. Horretan ari zen buru-belarri COVID-19a iritsi zen arte. «Bi txapelketak bertan behera gelditu ziren, baina lehiatzeko gogoa eta kemena ez nituen galdu».

Alonsok ez zion egindako apustuari muzin egin nahi inondik inora. Lehiatzeko aukera sortu bezain laster, egutegiko lehen erronka nagusiari ekin zion. Irailaren erdialdean izan zen, Canfranceko (Aragoi, Espainia) lasterketan. «Nire tamainako lasterketa topatu nuen», gogoratu du Alonsok. Probak 16 kilometroko luzera zuen, eta +1.600 metroko desnibela. Irabazteko asmotan joan ziren faborito gehienentzat, ezezaguna zen oso Alonso. Lasterketaren amaieran Servant Nadege frantziarra bakarrik izan zuen aurretik. Atzetik, beste guztiak, eta denen gainetik bi espezialista handi: Maite Maiora mendaroarra eta Gisela Carrion kataluniarra. Baina ez zen han amaitu Alonsoren denboraldia. Urriaren 18an, Zornotzan (Bizkaia) jokatu zen Aramotz mendi lasterketan izena emanda zeukan. Ordurako, antolatzaileen oharretan azaltzen zen dagoeneko haren izena, eta ez zuen hutsik egin. Nagusitasunez gailendu zen. Haren garaipenen oihartzuna dagoeneko iritsi da hainbat arropa markaren bulegoetara. Salomon etxeak jantziko du hurrengo hilabeteetan.

Zituen asmoez ere mintzatu da; «Urriaren 18an Sorianeta azaroaren 14an Lanzaroten jokatzekoak ziren Atletismoko EspainiakoTrail Txapelketa eta Munduko Txapelketa nituen begiz joak. Egoera berriarekin, denak bertan behera gelditu dira». Mendi lasterketan aritzen diren adituen arabera, Elorrioko gaztearen etorkizuna ziurtatuta dago datozen urteetan. Berak bide horri jarraitu nahi dio, eta horretan segitzen du lanean eguneroko entrenamenduetan.


4. GONTZAL MURGOITIO Mendi korrikalaria

«Europako eta Munduko Txapelketarekin egiten nuen amets»


Hainbat urtetan futbolean ibili ondoren, 17 urterekin ekin zion Gontzal Murgoitiok mendi lasterketei (Elorrio, Bizkaia, 2001). Hala ere, baloiari ostikoka jardun zen azken urteetan, lasterketa batzuetan parte hartzeari ez zion muzin egin. «Futbolean ibilitako azken urtean, mendiko lasterketa pare batean parte hartu ondoren, diziplina horretan gehiago saiatzeko hautua egin nuen», kontatu du Murgoitiok, hastapenez gogoratzean. Bertan lortutako emaitzek hauspotu egin zuten, eta mendi lasterketetan ahalegin serioago bat egitea erabaki zuen. 2018ko maiatzean, futbola albo batera utzi eta egun gutxira, Zegama-Aizkorriko junior lasterketan parte hartzeko hautua egin zuen. Irten eta hamabigarren postuan helmugaratu zen.

Baina ez zen han amaitu haren ibilbidea. «Neguan, igoera bertikalen bat eta kroseko denboraldia osatu nituen lehenbizi, berriro ere, 20 urtez azpiko Atletismoko Espainiako Txapelketa jokatu aurretik», ekarri du gogora. Bertan ere nagusi izan zen. Handik gutxira, berriro ere Zegama aldean izango zuen erronka.

Jada urtebete zaharragoa zen, eta lasterketetan bildutako jakintza lagun, bertan ere irabazteko gai izan zen. Bistakoa zen ondo ari zela, eta mendi lasterketen zale diren askoren ahotan haren izena zebilen. «Urte erabakigarria zen aurtengoa, Junior mailan arituko nintzen azken urtea izaki. Orain arte gazteen aurka aritu naiz, eta nire indarrak onenekin neurtzeko garaia geroz eta gertuago sumatzen nuen», berretsi du Elorrioko mendi korrikalariak. Baina lasterketak hasi eta gutxira, COVID-19ak eragindako pandemiak airean utzi zituen haren asmoak. Hala ere, ez zuen etsi.

Entrenatzen jarraitu zuen, agertzeko zegoen aukeraren zain. Eta eguna iritsi zen. Irailaren 19an izan zen lasterketa, Atxondon (Bizkaia), Sorginen Lasterketan. Ia 18 kilometroko luzera zuen proban, gai izan zen, besteak beste, euskal selekzioko kide diren Xabier Zarranz, Beñat Katarain eta Asier Larruzea menderatzeko. Ez zuen irabazi bakarrik egin, erakustaldia eman zuen durangaldeko herrixkan.

Denak zur eta lur utzi zituen. Lortutako emaitza ez zuen inondik inora espero. Emaitzei jarraipena emateko asmoz, Zornotzan (Bizkaia) ipini zuen hurrengo mugarria, handik hilabete batera. Erlojuaren aurka jokatu zen proba hura, eta esperientzia faltak ez zion asko lagundu. Erreferentziarik gabe, ez zen indarrak ondo neurtzeko gai izan. Amaieran, laugarren izan zen. Aritz Egeak irabazi zuen lasterketa hura.



 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.