Felipe Uriarte

Ate bat ireki ote genuen?

2024ko maiatzaren 13a
07:00
Entzun

Atzo, maiatzak 12, duela mende erdia, Ang Dorjee, Ngima, Pasang Tsering, Angel eta bostok 8.600 metroetara heldu ginen. Harkaitz handi baten abaroan kanpin dendatxoa altxatu genuen. Sasoian ginen, Hego Lepotik abiaturik, eguraldia lagun, bizkor heldu ginen harkaitzera, konfiantzaz lepo, pentsamendu bakarra buruan: «bihar gailurrean». Behera jo zuten gure xerpa lagunek, beheko kanpalekurantz. Edaten igaro genuen arratsaldea, nekagarria zen lanik txikiena ere. Gauak lo zakuan harrapatu gintuen. Haizearen lehendabiziko kolpeak astindu zuen kanpin dendaren oihala. Gogortzen joan zen haizea. Goizean goiz kanpora atera ginen, bata eta bestea. Haizea eta lainoa. Hasieran zutik, lau hanketan gero.

Behera jotzea erabaki genuen, bizitzara.

Korridoretik behera, tarteka elurretan eseri, eta erdi lo geratzen nintzen. Angel ikusi nuen jaikitzen. Bere irudiak lagundu zidan. Jaikitzea lortu nuen, eta behera. Lotsa sentitzen nuen: espediziokideek Angel eta bioi eman ziguten gailurrera igotzen saiatzeko lehen aukera, eta gailurrik gabe jaisten ari ginen. Altueraren eraginak, lotsak, nekeak, bizirauteko ahaleginak lauso modukoa sortzen zidan.

Bi egunetara, bigarren kanpalekuan beso zabalik hartu gintuzten lagunek. Hurrengo egunetan saiakera gehiago izan ziren, arrakastarik ez. Gauza ederrak gertatu ziren. Rikardo Gallardo lau egunez egon zen Hego Lepoan, bakardadean, gailurrera jotzeko aukera baten zain, haizea, elurra eta lainoa; toki urrun hartan taldekideengandik urrun. Ezin izan genuen ikurrina gailurreraino igo. Juan Zelaiak, enpresa gizon eta Tximist espedizioaren hauspo nagusiak, umorez hartu gintuen, eta hurrengo baterako laguntzeko prest zegoela aurreratu zigun. Ate bat ireki ote genuen hurrengo baterako?

Lagun nafarrek atea zabalik ikusi zuten, bai, eta di-da batean barrura egin zuten: oraintxe 45 urte, Gerardo Plaza, Xabier Garaioa, Iñaki Aldaia, Jordi Pons kataluniarra, eta Ang Rita xerpa, Dhaulagiriko gailurrera heldu ziren 1979ko maiatzaren 12an. Lehendabiziko euskal zortzimilakoa izan zen.

1974ko Tximist espedizioa
Felipe Uriarte, 1974ko espedizioan, 8.300 metro inguruan. ANGEL VALLEJO ROSEN / TXIMIST ESPEDIZIOA

Ahalik eta azkarren itzuli ginen Chomolungmara. 1980ko maiatzaren 14an, Tximist espedizioaren arrastoari jarraituz, eta Euskal Espedizioaren barruan, Martin Zabaletak eta Pasang Tembak Chomolungma gailurrera igo zuten ikurrina. 1981ean nafar lagunek Jannu mendi harroaren igoera ikusgarria egin zuten: espediziokide guztiak igo ziren gailur zail hartara. 1986an Mari Abregok eta Josema Casimirok K2ko igoera liluragarria burutu zuten, biek bakarrik, inolako laguntzarik gabe.

«Haiek egin baldin badute, guk ere egin dezakegu». Uste dut hori pentsatu zutela gure mendigoizale gazteek. Handik aurrera euskal mendigoizaleen uholde geldiezina gertatu zen Himalaian. Hona marka harrigarria: hiru euskal mendizalek lortu dute hamalau zortzimilakoak igotzea: Alberto Iñurrategik, Juan Oiarzabalek eta Edurne Pasabanek. Eta abar miresgarri amaiezina.

Tximist74 espedizioa tximista bat izan zen nire bizitzan. Xerpa herria ezagutu nuen. Xerpa hitzak ez du zamaketari edo garraiatzaile esan nahi. Xerpa hitzak bere jatorria, historia, izaera, kultura, eta hizkuntza propioa dituen komunitatea adierazten du. Nepaleko estatuan bizi den komunitatea. Ni ere xerpa nintzela konturatu nintzen. Herri menditsu bateko biztanle nintzen, nazio bateko semea, bere historia, izaera, kultura, hizkuntza propioa duen Estatu gabeko komunitate batekoa. Garai hartan erdi galduta nuen hizkuntza, eta erdaraz bizi nintzen. Handik aurrera bidaia eder bat hasi nuen, nire hizkuntzarantz. Gaur egun hitz egin, irakurri, idatzi, amestu —bai, gauean amestu ere bai—, euskaraz egiten dut. Etxera heldu naiz. Eta hona hemen gaurko modernitatean nire galdera: Zer da hobeago, mendigoizale ona edo mendigoizale euskalduna?

Teknika ona, prestakuntza fisiko egokia, buru argia, esperientzia, zuhurtzia: horrek guztiak egiten du mendigoizale ona. Baina mendigoizale on hori bere hizkuntza gutxituaren hiztuna baldin bada, mendigoizale hobea ez, pertsona osoagoa izango da.

Azken finean mendira joatea bidaia da, eta bidaia horietan beste herriak ezagutzen ditugu, gehienak hizkuntza gutxituren bat duten herriak. Euskal herriko mendigoizale euskalduna izatea zer zaila den jakitun, hobeto ulertuko du mendietako herrien egoera soziala eta haien izaera. Era horretan, mendira egingo duen bidaia sakonagoa izango da, osoagoa, kiroletik haragokoa. Kavafisek ondo adierazi zigun zer den bidaia:

Itakara itzultzeko bidaian abiatzen zarenean,
egizu otoitz bidea luze izan dadin,

menturez betea, ezagutzaz betea.

Bidaiak, mendiak, jakintsu egiten gaitu, esperientziaz aberats.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.