Aitziber Ibarbia. Mendi korrikalaria

«Askotan tokatu zait minez ibili behar izatea»

Duela urtebete ezker oineko behatz bateko metatarsoa apurtu zuen Ibarbiak. Ordutik ,ezin izan du mendian ohi bezala korrika egin. Baina juanikoteko ebakuntza eginda, itzultzea espero du.

JON URBE / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Zizurkil
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Hedabideetatik eta sare sozialetatik aldenduta dabil azkenaldian Aitziber Ibarbia mendi korrikalaria (Zizurkil, Gipuzkoa, 1977). Iaz izandako lesio batetik ezin osaturik ibili da denbora batean, eta ebakuntzaren zain dago. Mendian korrika egitera itzuli nahi du ahalik eta azkarrena.

Denbora asko igaro da lesioa izan zenuenetik. Gaur egun nola zaude?

Iazko martxoaren 30ean egin nuen lesioa. Ezker oineko behatz bateko metatarsoa apurtu nuen, eta horrek hezurreko edema bat eragin zidan. Uztailean hasi nintzen gutxinaka-gutxinaka errepidean bost kilometro eginez, oso-oso suabe. Baina minak hor jarraitzen zuen. Behatza hobeto dagoen arren, juanikoteak ez dio lana ondo egiten uzten, eta puskatuko den beldurrez nabil. Ez dakit kirolik egin gabe egoten, eta korrika egiten dut, baina oso lagunarteko aldartean. Oso erritmo baxuetan ibiltzen gara, baina erritmo biziagoan edo mendian ibiltzera ez naiz ausartzen.

Ondo osatzeko ebakuntza egin behar dizute. Noizko espero duzu?

Juanikoteko ebakuntza egiteko erabakia hartuta daukat. Esan didate ehuneko handi batean ondo aterako dela, eta berriro ere osatuko naizela korrika egiteko. Gauza gehiegi ditut oraindik ere egiteko, baina ebakuntza egin arte ezingo dut ezer egin. Ebakuntza aurten izango den esperantzarekin segitzen dut.

Zer sumatzen duzu faltan gehien?

Mendian korrika egitea. Gaur egun umeekin joaten naiz mendira, oinez. 15-20 kilometro egiteko ez dute arazorik izaten, baina ez da gauza bera. Mendian berriz korrika egin nahi dut, bertan izaten ditudan sentsazioak beste ezerekin ezin direlako alderatu. Kilometro bertikalak egiteko arazorik ez nuke izango, baina gora-beherako lasterketak egitea ezinezkoa zait gaur egun.

Bertikalak aipatuta. Horregatik eman al duzu izena Zegamakoan?

Urtebete daramat dortsalik ipini gabe, eta lasterketaren batean parte hartzeko asmoa daukat aurten. Badakit zein den nire egungo sasoia, eta zein muga ditudan entrenatzeko. Baina ez dit lotsarik ematen dortsala janzteak. Bertikalen batean izan beharko du, eta, Zegama jokatzen bada,aukeretako bat izan daiteke. Besterik gabe eman dut izena, zozketan zorterik izango dudan esperantzarik gabe, baina tira. Txindokiko bertikala ere begiz jota neukan, baina bertan behera utzi dute.

Erraza egingo al zaizu berriro ere lasterketa batean herrikoi mailan aritzea?

Nik uste dut baietz; iruditzen zait asmatuko dudala. Kirola egiteak ematen didan gauzarik onena ez da lasterketetan lor ditzakedan postuak, baizik lortutako lagun ingurua. Azkenean, asteburu bat pasatzeko beste era bat da. Nire inguruak ez zidan horretarako aukera ematen, inork ez duelako kirola egiten. Lagunen artean bakarra naiz kirola egiten, eta beste inguru bat bilatzeko aitzakia izaten da lasterketak korritzea. Bestalde, orain askoz lasaiago bizi naiz, askoz ere tentsio gutxiagoarekin, eta kirol berriak probatzeko aprobetxatzen ari naiz, oinak uzten didan neurrian, betiere.

Herrian emakumeak kirolean hasteko egitasmoarekin jarraitzen al duzu oraindik?

Bai, bai. 2014an hasi ginen, eta geroztik hor segitzen dugu. Ostiral arratsaldeetan Asteasurako [Gipuzkoa] joan-etorria egiten dugu.

Azken hamar urteak lehiatzen pasatu ondoren, asko kostatu al zaizu txipa aldatzea?

Hasieran nahiko gogorra izan zen, kolpe handia izan zelako. Hamar urte izan dira, lasterketa asko. Baina uste baino gutxiago kostatu zait. Bi seme-alaben ama naiz, eta langile autonomoa. Orain errazago iristen naiz egin behar guztietara, eta neure buruari galdetzen diot zein behar dudan saltsa gehiagotan sartzeko. Orain konturatzen naiz zenbat denbora kentzen duen goi mailan aritzeak. Zoriontsuago ez dakit; baina, behintzat, askoz lasaiago bizi naiz.

Badirudi jada erretiratuta zaudela, baina ez da hainbeste denbora igaro azken lasterketatik.

Iaz izan zen, Castellon [Herrialde Katalanak] jokatutako Espainiako Kopako proba batean. Hasiera batean Kopa osoa egiteko asmoa neukan. Orduan jada nabaritu nituen lehen minak, eta, handik hiru astera Paraguaira joan behar nuela ikusita, lasterketa bertan behera uztea erabaki nuen. Ondoren, raid bat egitera joan nintzen, eta bigarren kilometroan apurtu egin zen hezurra.

Hainbeste orduko bidaia egin eta gero, gogorra behar du bigarren kilometroan etxera joan behar izateak, ezta?

Latza izan zen hura! Beñat Doiharzabal lagunak hots egin zidan esanez emakume bat behar zutela nazioartean jokatu behar zuten bost eguneko raid baterako, eta pentsatzeko. Behar nuen denbora hartu eta gero, baiezkoa eman nion. Oso proba gogorra zen; 140 kilometro korrika, 250 kilometro bizikletarekin, 120 kilometro piraguarekin eta bost kilometro igeri. Izugarrizko ilusioarekin joan nintzen. Paraguaira gindoazen, mundu mailan puntuagarria zen proba batera, taldeko lana zen, gainera; eta, niregatik, bigarren kilometroan etxera joan ginen. Okerrena, bertan pasatu behar izan nituen hamar egunak izan ziren! Etxera etortzean, eta proba guztiak egin ondoren, estresagatik egindako haustura bat izan zela esan zidaten. Orduan jada aurreratu zidaten osatzeko denbora oso luzea izango zela.

Estresagatik egindako haustura dela aipatu duzu. Mendiko lasterketetan maila gorenean ibilitako askoren lesioa da hori. Zergatik areagotzen da emakumeetan?

Gauza asko entzun dut lesio horren inguruak, eta dagoeneko ez dakit zergatik den ere! Askok diote gaizki zapaltzeagatik dela; beste askok, berriz, gaizki eta gutxi elikatzeagatik, D bitamina faltagatik… Nire kasuan, esango nuke gauza guztien pilaketa bat izan dela, podologoak esandakoaren arabera. Badirudi, juanikotea ere oso nabarmena dela, eta behatz lodiak ez duela behar beste lan egiten. Horregatik, ondoko behatza asko behartzen dut. Analisietan askotan esan izan didate, D bitamina oso baxu izan dudala. Hori konpontzea lortu nuen, baina hezurra berriz puskatu zen. Ez dago ezer zehatzik.

Urte askoan ibili zara mendi lasterketetako euskal selekzioan. Azken urteetan, batzuk etorri eta beste asko joan egin dira. Izan dira utzi egin dutenak ere. Zuk, ordea, hor jarraitu duzu.

Bai, hala da. 2012an joan nintzen lehenbizikoz selekziora. Urte hauetan munduko korrikalari onentsuenekin egoteko aukera izan dut; esaterako, Oihana Kortazarrekin eta Maite Maiorarekin. Hala ere, ez nituzke ahaztu nahi hainbeste urtetan nire antzera hor jarraitu duten Oihana Azkorbebeitia eta Elena Calvillo. Uste dut korrikalari sorta oso ona osatu dugula urte hauetan guztietan. Korrikalari on asko atera da azken urteetan Euskal Herrian, eta oraindik ere noizean behin ateratzen dira izarrak: esaterako, Ainhoa Sanz. Ni, behintzat, beti sentitu izan naiz oso babestua euskal selekzioan.

Izen handiak aipatu dituzu, baina bidean gelditu diren askorekin ibiltzea ere tokatu zaizu; esaterako, Uxoa Irigoienekin eta Leire Agirrezabalarekin.

Uste dut arlo horretan arazo bat dagoela. Biak ere izugarrizko ilusioarekin hasi ziren. Denek dakigu une bakoitzean pertsonalki nola gauden. Baina inguruan gertatzen diren gauza guztiak kudeatzeko ikuspuntu zabal bat behar dugu.Alegia, esaten digutenak ezin digu hainbeste eragin. Une horietan ez bazaude ondo babestuta, edo ez baduzu laguntzarik, min handia egin diezazukete. Batzuek ondo eramaten dute hori dena, baina beste askok laguntza behar dute. Uxoak eta Leirek gaitasun handiak zituzten, eta etorkizun oparoa. Baina albo batera uztea erabaki zuten. Badakit biek kirola egiten jarraitzen dutela, eta, alde horretatik, asko pozten naiz haiengatik. Mundua ez da mendi lasterketetan amaitzen.

Aipatu duzun arazo hori handiagoa al da emakumeen artean, gizonen artean baino?

Bai, eta nik ikusi dut hori. Agian izan daiteke nik tratua izan dudan korrikalari gehienak emakumeak izan direlako. Baina orokorrean, ausartuko nintzateke esatera emakumeetan ohikoagoa dela arazo hori.

Euskal selekzioarekin korritzeak beste presio bat sortzen du?

Nik baietz esango nuke. Kontuan hartu behar da selekzioan sartzeko zerbait erakutsi behar dela aurretik, eta hautatzaileek konfiantza jarri dutela zugan. Kanpotik hori dena kritikatzea oso erraza da. Jendeari iruditzen zaio selekzioan egoteagatik derrigortuta zaudela emaitza onak lortzera. Ez dut uste horrek horrela izan behar duenik, gehienbat mendi lasterketetan oso zaila delako urte batean bidea egitea. Bi edo hiru urte behar dira gutxienez taldean asentatzeko, eta hortik aurrera emaitzak etor daitezke. Dena dela, elastiko urdinarekin lehiatzeak egin beharraren gainkarga bat sortzen du. Barruan nengoen bitartean ez nuen horrela bizitzen, baina behin selekziotik at egonda, konturatu nintzen karga baten moduko zerbait zegoela. Azken bi urteetan ez nintzen erabat eroso ibili korrika, behartuta bezala sentitzen nintzen.

Askotan tokatu izan zaizu minez edo gogoz kontra aritzea?

Askotan, bai. Denboraldia ilusioz hasten nuen, baina hiru edo lau hilabeteko prestakuntza egitea besterik ez zidaten uzten oinek. Hortik aurrera, denboraldia bukatzeko lan handiarekin ibiltzen nintzen. Entrenamenduak sarritan bizikletaz egin behar izaten nituen, gero asteburuan lehiatu ahal izateko. Bestela, ezin nuen denboraldi osoa egin. 2014tik ibili naiz horrela. Hiru fisura egin ditut geroztik, eta gogorra da minez aritzea. Hasieran lasterketa asko egiten nituen denboraldi bakoitzean, baina azken bi edo hiru urteetan selekzioko konpromisoekin ere nahiko lan izaten nuen. Munduko Kopan puntuak pilatu behar badira, beste erremediorik ez dago.

Zu mendi lasterketetan egin zara ezagun, baina oso jende gutxik daki zortzimilako bat ere igo duzula: Gasherbrum II (Karakorum, Himalaia, 8035 metro). Egia al da orduan hasi zinela korrika?

Zortzimilako hura prestatzeko hasi nintzen mendian korrika, 2006an. Alberto Zerain zenak esaten zigun hura prestatzeko ondo etorriko zitzaigula, eta horrela hasi nintzen ni ere. Zerain izan zen gure gida. Berak, Gasherbrum I [8.080 metro] eta II igo zituen. Hura zen hura zezena! Guk ere lortu genuen, baina oso esperientzia gazi-gozoa izan zen. Gerturatzeko egunekin oso oroitzapen politak ditut: bertako jendea, bizimodua, haien jarduera… Baina behin oinarrizko kanpalekura iritsita, dena aldatzen da. Egun asko geldirik, askotan euria, hotza… Han ez dago ezer, glaziarra bakarrik.

Berriz bueltatuko al zinateke zortzimilako bat egitera?

Ez. Denbora askoan geldirik egotea eskatzen dute zortzimilakoek, eta nik ez dut balio geldirik egoteko. Hori baino ipurterreagoa naiz. Handik etxeratu nintzenean, argi neukan ez nintzela berriz itzuliko! Aldiz, Perun egindako egonaldietan askoz ere gehiago gozatu nuen, gehienbat aste batean mendian asko ibil zaitezkeelako, eta geldirik egon beharreko garaiak askoz gutxiago direlako. Alaba jaio zenean, ordea, pioleta eta kranpoiak alde batera utzi nituen, gaur arte. Nire begiekin ikusi dut zein arrisku dituen goi mendietako alpinismoak, eta, ama izanda, nire barruak ez zidan uzten kirol hau egiten jarraitzea. Korrika egitera pasatu nintzen nire barrua asebetetzeko. Halere, ez dut baztertzen inondik inora berriro ere trekking bat egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.