Aritz Ibañez. Vertiente Norte elkarteko kidea

«Askotan, bisitan joaten denak ez du bereziki zaintzen parke naturala»

Larunbatean, Izki parke naturaletik ibilaldia egiteko aukera izango da Vertiente Norte taldearen eskutik. Hango hegaztiak eta ugaztunak aztertuko dituzte, 09:00tan hasi eta 13:00ak arte.

BERRIA.
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Arabako Mendialdean dago Izki parke naturala, eta han ibilaldiak antolatu dituzte Vertiente Norte taldekoek. Talde horretako kidea da Aritz Ibañez (Gasteiz, 1977).

Nolako ibilbidea izango da?

Korrestik irtengo da, eta bi zati ditu. Hegaztiak ikusten hasiko gara: arranoak, putreak eta beste batzuk. Korresko ur-jauzietan zein hegazti bizi diren aztertuko dugu. Bigarren atalean, basoan sartuko gara, eta ugaztunen arrastoak bilatuko ditugu. Arrastoak zein ugaztunenak diren, nondik zetorren eta nora zihoan identifikatzen saiatuko gara, baso hauetan zein hegazti eta ugaztun bizi diren jakiteko. Askok mendia gustuko dugu, baina ez dugu bertan bizi diren animalietan harreta jartzen, ezta haien bizitzeko moduan ere.

Lehen aldia da honelako ibilaldia antolatzen duzuena?

Ez; saiatu izan gara beste zenbaitetan egiten, baina gutxiengo parte hartzaile kopuru bat behar dugu, hamabost pertsonakoa, eta aurrekoetan ezin izan dugu egin.

Zer egin behar da joateko?

Bi modu daude: telefonoz, 600-51 18 21 zenbakira deituz, edo posta elektronikoz, [email protected] helbidean. Horrekin nahikoa da. Ondoren, ekintza aurrera aterako dela ziurtatzen dugunean, erantzuna emango genieke baietza emanez. Ostegun honetan esango genieke baietz edo ezetz.

Edonor joan daiteke?

Bai, ez dira ez txango luzeak, ez teknikoak eta ezta zailak ere. Gustura egiteko modukoak dira. Umeekin ere egin daitezke, eta 12 urtera arte doan dute, gainera. Irteera 09:00ak inguruan izango da, eta itzulera, 13:00ak inguruan.

Zer suposatzen du parke naturala izateak?

Alde onak eta txarrak ditu, beste edozer gauzak bezala. Alde onak gehiago ditu, izendapen horren babespean guztia moldatzen da. Edozein ekintza egiteko araudi berezia jarraitu behar da, eta beti ingurua babesteko ideiarekin. Turistak eta mendizaleak ere erakartzen dituzte. Alde txarren barruan, hemengo jendeei sortzen zaizkien mugak dira. Inguru hauetan bizi direnek eragozpenak dituzte aurretik egiten zituzten gauzak egiteko, eta baimen bereziak behar dituzte orain. Baina, hala ere, abantailak gehiago dira.

Natura errespetatzen eta zaintzen al da?

Askotan, bisitan joaten denak ez du bereziki zaintzen. Parke naturala izatean, instituzioak profil guztietako jendea erakartzera behartuta daudela dirudi. Ahalik eta jende gehien hurbiltzeko zenbait leku moldatzen dituzte, mendian ibiltzea erosoago izan dadin, barbakoak adibidez. Inguruan ibiltzen dira, hamar minutu alde batera eta beste hamar bestera, eta jada egin dute eguneko txangoa. Jende horrek ez du naturarenganako errespeturik eta maitasunik. Inguruaz disfrutatzen dute, baina beren barruan ez dute sentitzen txukun mantentzekoeta arriskurik ez sortzeko ardurarik. Beraz, profil guztietako jendeari ari dira ateak irekitzen, baina agian oker dabiltza. Guk Mendialdetik taldea sortu dugu —ostiralean aurkeztuko da—. Helburuetako bat du turista jakin bat erakartzea, ingurumenaz gozatu eta hura zaintzen duena, eraikuntza eta estruktura egitura handirik gabe. Beste helburu bat ingurua erasotzen duten ekintzen aurka joatea da, harrobiak adibidez, lurralde honetan industrializazioarekin arrisku handia baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.