Arrabola jarri, eta bizikletan entrenamendu luzeak egiten ari da Maite Maiora mendi korrikalaria azken asteetan (Mendaro, Gipuzkoa, 1980). COVID-19aren pandemiak eragindako debekuek behartu dute horretara. «Gustura nabil, baina ezin da alderatu mendian egiten ditudan 5-6 orduko entrenamenduekin».
Udaltzaina zara Elgoibarren (Gipuzkoa); beraz, etxean geratu ezin diren langile horietako bat zara. Zer moduz ari zara?
Ni beti izan naiz kalean eta mendian egotekoa, baina egun hauetan irrikaz egoten naiz etxera bueltatzeko, kalean beti dagoelako arrisku bat. Etxean trankilago nago. Oso egoera arraroa eta gogorra da.
Elgoibarko herritarrak ondo ari dira betetzen konfinamendua?
Bai. Hasierako egunetatik hona asko aldatu da jendearen jarrera. Orain, jada, gutxi dira tranpa txikiak egiten dituztenak kalera ateratzeko. Jabetu dira ez dela txantxetako kontua, eta jendearen jarrera eredugarria izaten ari da oro har. Ateratzen direnak beharrezkoak edo premiazkoak diren gauzak egiteko irteten dira: erosketak egitera, farmaziara... Eskertzekoa da. 20:00etan egiten den eskertza, guk herritarrei egiten diegu. Autoarekin herri osoan zehar ibiltzen gara, eta musika jartzen diegu autoko bozgorailuetatik.
Eta goi mailako mendi lasterkari moduan nola ari zaizu eragiten?
Ondo ari naiz moldatzen. Esan bezala, lanagatik nire konfinamendua ez da erabateko. Gainera, ez naiz geldirik egoten den horietako bat, eta etxean beti topatzen dut egitekoren bat. Prestakuntzari dagokionez, batez ere bizikletan aritzen naiz. Arrabolean jarri, eta entrenamendu luzeak egiten ditut bizikleta gainean. Baina argi dago ezin direla alderatu. Zintarekin hasteko asmoa ere badut datorren astean. Baina argi dago ez duela zerikusirik mendian egiten ditudan 5-6 orduko entrenamenduekin. Mendiarekin kontaktua galtzen duzu, eta hori da gehien nabarituko duguna bueltatzean. Orain egiten ari garena sasoia mantentzeko lan bat da.
Zenbat denbora beharko duzu sasoiko egoteko berriz?
Ikusiko dugu honek zenbat denbora iraungo duen. Baina maiatzerako entrenatzen hasiz gero, beste hilabete eta erdi batean berriro sasoiko egongo ginateke.
Gutxienez sasoi hasieran harrapatu zaitu, ezta?
Bai. Oraintxe bertan ez dut egutegirik. Ekainera bitarte aurreikusiak nituen proba guztiak bertan behera geratu dira. Baina nik uste dut ez dela momentua horretan pentsatzeko. Ez nau horrek kezkatzen, baizik eta denen artean egoera hau gainditzea. Hori da oraintxe gizarte moduan dugun lasterketarik garrantzitsuena. Gainera, mokorrean dudan edema batetik guztiz osatzeko aprobetxatzen ari naiz. Entrenatzen jarraitu izan banu, denbora gehiago beharko nuen horretarako.
Lavaredo, Mont Blanceko Ultra Traila, Alpe D'Huezeko triatloia... egutegi polita zenuen.
Bai hala da. Madeiran berriz korritzeko gogoz nengoen, Kilimon, Lavaredo errepikatzekoa… Baina ikusirik zein egoera dagoen, ez du zentzurik horretan pentsatzea. Gainera, gero izango dira probak. UTMB abuztu amaieran da, eta espero dut ordurako hau gaindituta egotea. Alpe D'Huezekoek ere duela egun batzuk esan zuten lanean segitzen dutela.
Iaz hirugarren izan zinen Mont Blancen. Zure denboraldirik onena izan zen?
Argi dago Mont Blancen podiumean egotea oso garrantzitsua izan zela, eta nazioartean fokuan jartzen zaituela. Oso ondo ohartu nintzen lortzen ari nintzen balentriaren balioaz, eta izugarri gozatu nuen. Baina, niretzat, 2017koa izan zen onena. Zegama-Aizkorri irabazteak izugarri markatu ninduen, eta kirol arloan inoizko pozik handiena hartu nuen: giroa, zaleak, etxekoak han izatea... Gehiago bete ninduen, eta egunak behar izan nituen lortutakoaren garrantziaz jabetzeko.
Urte amaieran New Yorkeko maratoia egingo duzu. Nolatan?
Ez da korrituko dudan lehen maratoia. 2015ean Malagakoa korritu nuen. 2.49.00ko denbora egin nuen. Oso berezia izango da. Mendaroko txikitako lagunak urteak dira dirua jartzen ari garela bidaia bat egiteko, eta pentsatu genuen New Yorkera joatea. Lagunetako bati bururatu zitzaion zergatik nik ez nuen maratoia korritzen, eta hala egingo dut.
Alde handia dago mendian korri egin edo asfaltoan egin?
Desberdinak dira. Mendian askatasun sentipen hori izaten dut, Baina benetan korrikalari asfaltoan sentitzen naiz; asko gustatzen zait.
[YouTube]https://youtu.be/CfKvhXxpXjA[/YouTube]
Maite Maiora. Mendi korrikalaria
«Asko gustatzen zait asfaltoan korritzea»
Koronabirusaren krisiak ekarritako konfinamenduak denboraldi hasieran harrapatu du Maiora. Baina udaltzaina denez, kalera irten behar duten langileetako bat da. Herritarrak izaten ari diren jarrera txalotu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu