MUNDUKO KOPA. Maria Zorroza. Mendi korrikalaria

«Asko gozatutako urtea izan da, eta asko ikasi dut»

UNAI SORARRAIN.
Unai Ugartemendia.
2016ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Lehen aldiz parte hartu du Munduko Kopan, baina lehiaketaren handitasunak ez du Maria Zorroza (Gernika, Bizkaia, 1988) kikildu. Bat gutxi ez, eta bi diziplinatan lehiatu da. Kilometro bertikaletan, gainera, hirugarrena izan da azken sailkapenean. Sei lasterketa egin ditu, eta horietako lautan lehiatu da bi modalitatetan. Euskal Herriko jarraitzaile askok iaz ezagutu zuten, Euskal Kopa irabazi zuenean. Mundu osoko jarraitzaileak ere hasi dira ezagutzen.

Munduko Kopan estreinakoz. Nola sentitu zara urte osoan?

Oro har, oso gustura sentitu naiz. Ikaragarrizko ilusioa egin zidan aukera eskaini zidatenean, eta ilusio horrekin aritu naiz lasterketa guztietan, pozik eta gogotsu.

Gogoan al duzu nolakoa izan zen lehen lasterketa?

Izugarria, inguru guztietara begiratzen nuen. Ordura arte Internet bidez ikusitako irudiak eta jendea nire ondoan zuzenean ikusten nituen; sentsazio benetan arraroa izan zen niretzat.

Hitz handiak dira Munduko Koparenak.

Hasieratik banekien Munduko Koparenak hitz handiak zirela niretzat, eta lasterketa guztietan gozatzera atera naiz, emaitzetan edo helburu zehatzetan askorik pentsatu gabe. Asko daukat ikasteko eta hobetzeko oraindik. Hala ere, aurten kiroleko zein bizitzako arlo askotan aurrerapauso handia eman dudala uste dut.

Bi diziplina ezberdinetan lehiatu zara. Non sentitu zara gusturago, sky lasterketetan ala kilometro bertikaletan?

Bietan ibili naiz oso gustura, baina esan beharra daukat aurtengo ezuste atsegina kilometro bertikalekin hartu dudala. Orain arte ez nuen espezialitate horretan esperientziarik, Munduko Kopako bertikalak izan dira lehenengoak, eta ikaragarri gozatu ditut, asko gustatu zaizkit. Modalitate bat aukeratzekotan, kilometro bertikalekin aukeratuko nituzke.

Iaz Euskal Herriko Kopako txapeldun izan zinen arren, Munduko Kopa beste gauza bat izango da, ezta?

Iaz Euskal Kopa irabaztea lortu nuen, eta aurten Munduko Kopako bi diziplinatan lehiatzeko aukera izan dut. Alde handia dago, bai, batetik bestera. Askotan pentsatu izan dut agian Munduko Kopa ez dela niri dagokidan maila, eta pentsamendu horrekin ibili naiz denboraldiko une desberdinetan. Hala ere, inguratzen nauen jendeak asko motibatu nau, entrenamenduei zein hurrengo lasterketei gogotsu ekiteko. Zorte handia daukat, inguruan ditudanek asko laguntzen didatelako.

Gogorra egin al zaizu egutegia?

Ez dakit, denetarik esango nizuke. Une batzuetan urtea gogorra izan da, baina ilusioak eta motibazioak gauzak asko erraztu dizkit. Asko gozatutako urtea izan da; gauza asko ikasteko balio izan dit. Aberasgarria izan da zentzu askotan.

Zer izan da Munduko Kopako gauzarik astunena?

Bidaietatik etxera bueltatzea. Hurrengo egunean lanera eta egunerokotasunera egokitzea... Tarteka astuna izan da.

Zer-nolako maila ikusi duzu aurkarien artean?

Ikaragarria. Betiko izen handiezgain, ezagutzen ez nituen korrikalari bikainekin lehiatzeko aukera izan dut.

Podiumak aldatuko al du Maria Zorrozaren bizitza?

Ez, nire bizitza ez da aldatu, eta ez du zertan aldatu. Nire lana gustatzen zait, eta gustura egiten dut. Nire lanak eta inguruko jendeak berdin jarraitzen du; azken finean, hau guztia afizio bat baino ez da.

Eta, datorren urtean, Munduko Kopan errepikatzeko asmorik bai?

Aukera baldin badut, dudarik gabe errepikatuko nuke, batez ere bertikalen kopa.

Zerk harritu zaitu gehien Munduko Kopatik?

Kirolarien gertutasunak eta naturaltasunak, bertan hasitako harremanak asko baloratzen ditut. Beti daude laguntzeko edo erakusteko prest. Nire kasuan, ia esperientziarik gabe hasi nuen kopa, eta urrirako motxila bete aholku ekarri dut etxera. Ez edonork emandako aholkuak, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.