Zinemagilea eta eskalatzailea

Eliza Kubarska: «Asko gerturatu naiz Wandarengana»

Zinemagile poloniarrak Wanda Rutkiewicz alpinistari buruzko filma ondu du: ‘The last expedition’. Munduko mendizale onenetzat jo zuten, eta sakon aztertu du haren ibilbidea eta izaera zaila. Ibili da ere oraindik bizirik dagoelako ustea argitu nahian.

Eliza Kubarska zinemagile poloniarra
Eliza Kubarskak abenduan aurkeztu zuen Mendi Film jaialdian 'The last expedition'. E. MORENO ESQUIBEL / MENDI FILM
ramon olasagasti
Bilbo
2025eko martxoaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Wanda Rutkiewicz ulertzeko, haren izaera gotorraren hormak eraisteko, alpinista poloniar entzutetsuaren arimara iristeko ahalegina egin du Eliza Kubarska zinemagile poloniarrak (Lodz, Polonia, 1978) The last expedition filmean. Abenduan Bilboko Mendi Film jaialdian aurkeztu zuen pelikula Kubarskak berak, eta mendiko film onenaren saria eskuratu zuen; horri esker, urte osoan, Mendi Tour zirkuituan, hainbat herritan ikusteko aukera dute orain ikusleek. Berriki, gainera, Poloniako zinemaren sarietan, dokumental onenaren aitortza jaso du. Zinemagilea ez ezik eskalatzailea ere bada Kubarska, Karakorumgo nahiz munduko beste mendikate batzuetan hainbat lehen igoera egindakoa. Zuzendari gisa, haren What happened on Pam Island, K2 Touching the Sky eta The Wall of Shadows lanek sari ugari jaso dituzte, mendiko jaialdietan ez ezik bestelako zinemaldietan ere bai. 2023an IAMF-ren sari nagusia jaso zuen. Wanda Rutkiewiczen hegietan eta egietan sakontzeko asmoarekin elkarrizketatu du BERRIAk Kubarska.

Txikitatik jaso zuen Kubarskak Wanda Rutkiewiczen berri. «Amak sarri hitz egiten zigun hari buruz. Ama ez zen eskalatzailea, baina komunismoaren garai haietan, Wanda askatasunaren sinbolo bat zen, ametsak izan eta horiek gauzatzeko kemena zuen emakume indartsu baten eredua». Wanda Rutkiewicz inoizko alpinistarik onentzat hartu izan da: bide urratzaile eta aitzindari, zortzi zortzimilako zituen igoak 1992an Kangchenjungan desagertu zenean. Desagertu da hitza, ez baitzuten inoiz haren gorpuaren arrastorik aurkitu, eta badira hainbat eta hainbat uste dutenak Wanda bizi dela oraindik, Tibeteko edo Sikkimgo monasterioren batean. Horregatik, Kubarska ere ibili da haren bila, aurrerago azalduko duen moduan.

Eliza Kubarska 1995ean hasi zen eskalatzen, eta orduan hasi zen eskalatzaile komunitatean Wandari buruz ordura arte entzun gabeko bestelako kontuak entzuten: «Handiustea eta zakarra zela, oso berekoia zela, helburua lortzeko edozertarako prest zegoela... Beraz, bi narrazio kontrajarri zeuden: batetik heroiarena eta alpinista harrigarriarena, eta, bestetik, pertsona desatsegin eta berekoiaren soslai hori. Beraz, egia non zegoen jakin nahi izan nuen».

Haurtzaro zaila

Eta hegiz hegiko bide horri heldu zion. Poloniako telebistako hainbat artxibo bildu zituen, Alemaniako eta Austriako telebistetakoak ere bai. Poloniako irratian hainbat audio aurkitu zituen, zortzi bat ordu. Eta Wanda ezagutu zutenak elkarrizketatu zituen: garai hartako puntako alpinista poloniarrak, edo bizirik geratzen zirenak bederen, Carlos Carsolio mexikarra —Kangchejungan desagertu aurretik 8.000 metroz goitik azkena ikusi zuen alpinista—, Reinhold Messner garaikide eta adinkidea, Krzysztof Wielicki, Wandaren ahizpa, Ewa Matuszewska kazetaria eta lagun mina... «Ahizpak haren etxeko ganberako ateak ireki zizkidan, eta 30 audio kasete eta 16 milimetroko beste horrenbeste bideo zinta aurkitu nituen, aurrez inork ikusi eta entzun gabekoak. Zinta haietan, bat-batean, bi kasete berezi aurkitu nituen: Wandaren eguneroko moduko bat ziren, desagertu baino urtebete lehenago berak grabatutakoak, eta ahots urratuan ezagun du emozionalki ez zegoela bere onenean».

Jaio Lituanian jaio arren, Alemaniak suntsitutako Polonia hartan hazi zen Wanda Rutkiewicz (1943-1992). Haurra zela artean, begien aurrean hil zitzaion anaia, granada batek zapart eginda. Gurasoak gaztea zela banandu zitzaizkion, eta, ondorioz, anaien eta amaren kargu egin behar izan zuen. Hogei urte zituela aita ere modu bortitzean hil zuten lapur batzuek. Izaera gotor horren arrazoietako bat izan daiteke haren haurtzaroa. 1975ean, espedizio arrakastatsu bat zuzendu zuen Gasherbrum III mendira (7.952 m), eta 1978an Everest gailurra jo zuen, Polonian beste inork baino lehen, eta munduan ere hirugarren emakumea izan zen. 1984an osoki emakumeek osatutako espedizio batean igo zen Nanga Parbatera, hurrengo urtean K2 igotzen munduko lehen emakumea izan zen, hurrengo urteetan Sisha Pangma eta Gasherbrum biak igo zituen... Hala jarri zuen martxan Ametsen karabana proiektua, hamalau zortzimilakoak igotzen lehen emakumea izateko helburuarekin.

Wanda Rutkiewicz alpinista poloniarra
Wanda Rutkiewicz gaztetako argazki batean. WANDA RUTKIEWICZEN ARTXIBOA

«Garai hartako Polonia hartan espedizioak antolatzea zaila zen, eta are zailagoa emakume batentzat», azaldu du Kubarskak. «Emakumeontzat beti da zailagoa, baita gaur egun ere, alpinista izatea, gizartean, familian edo bizitza pribatuan ordaindu beharreko prezioa oso garestia baita. Wandak aske izan nahi izan zuen, eta horrek arazo asko sortu zizkion, gizonentzat zaila baitzen onartzea, esaterako, Everest eta K2 haiek baino lehen igo zituenik. Kazetarientzat, aldiz, Wanda erakargarria zen, lortu zituenak lortu zituelako, oso ona zelako kameren aurrean... Eta horrek bekaitz asko sortu zuen gizonen artean».

Oinarririk gabeko salaketa Annapurnan

Annapurnako espedizioa, adibidez, 1991. urtean, jendaurreko harrikatze moduko bat izan zen Rutkiewizentzat. Wanda Cho Oyu zortzimilakoan gailurra egin ondoren batu zen Annapurnako espediziora, eta, garaierara egokituta zegoenez, igo ere bakarrik igo zen. Gailurretik ez zuen irrati bidezko komunikaziorik egin kanpaleku nagusikoekin; «inoiz ez zuen egiten, ez zuen ohiturarik», argitu du Kubarskak. Beheranzkoan, nahiko goian egin zuen bibaka. Hurrengo egunean beherantz zetorrela, baina, une batez berriro gorantz egiten zuela ikusi zuten kanpaleku nagusiko kideek prismatikoekin. «Une horretan hala pentsatu zuten kanpaleku nagusikoek: ‘porrot egin du, ez da gailurrera iritsi; saiatu da igotzen, baina jaistea erabaki du berriro’. Wandak beheragotik deitu zien esanez ondo zegoela, bezperan gailurrera iritsi zela, baina ez zioten sinetsi. Eta hauxe da benetan gustatzen ez zaidana: kanpaleku nagusitik alde egin zuten gehienek, bakarrik utzi zuten. Ez zuten haren azalpenik entzun nahi izan. Taldekide bat bakarrik geratu zen Wanda jaitsi zain, Bogdan Stefko, baina gaixo zegoen. Wandak laguntza eskatu zuen, baina Stefkok, gaixorik, kanpaleku nagusi aurreraturaino bakarrik igo ahal izan zuen laguntzera».

«Emakumeontzat beti da zailagoa, baita gaur egun ere, alpinista izatea, gizartean, familian edo bizitza pribatuan ordaindu beharreko prezioa oso garestia baita»

ELIZA KUBARSKAZinemagilea eta eskalatzailea

Wanda Rutkiewicz etxera itzuli baino lehen iritsi zen albistea Poloniara, ez zela Annapurna gailurrera heldu, nahiz eta berak argi esan baietz. «Tranpatitzat hartu zuten edo zer gertatzen ari zen ez zekien zorotzat. Wandak, ordea, beti eramaten zuen argazki kamera aldean, eta Annapurna gailurreko argazki lauso bat zuen, ilunabarrekoa. Bai, lausoa zen argazkia, baina gailurretik gertu hartutakoa zela ikusteko bezain argia». Batzorde bat ere eratu zuten Polonian aztertzeko egia zioen ala ez, eta topografia aditu batek baieztatu zuen gailurrean zegoela. Alabaina, gaur egun ere, ia 30 urte geroago, Polonian askoren iritzia da ez zela gailurrera iritsi, eta Kubarskari ez zaio bidezkoa iruditzen. «Filmerako lanean, jakin nuen salaketa egin zutenek inoiz ez zutela egoera aztertu, eta gezurretan oinarritu zirela. Albistea zabaldu zutenek jabetu behar zuten eskalatzailearen zintzotasuna auzitan jartzeak haren ibilbidearen amaiera ekar zezakeela. Salaketa haren ondorioak izugarriak izan ziren Wandarentzat».

Wanda Rutkiewicz alpinista poloniarra
Wanda Rutkiewicz Himalaiako espedizio batean. WANDA RUTKIEWICZEN ARTXIBOA

Horrez gain, zabaldu ziren haren izena zikintzeko beste hainbat difamazio ere: leporatu izan zioten, adibidez, taldekideak mendian utzi izana, baina Kubarskak sakon aztertu du haren biografia, eta oso garbi du halakorik ez zela gertatu. «Kontrakoa bai, bera utzi izan zuten mendian hainbat aldiz. Espedizio baten burua bazara, izan gizon izan emakume, zenbait ezaugarri eduki behar dituzu: ikuspegi bat, jomuga argi bat, eta beste batek bestelako ideia bat badu, askotan zeureari eusten diozu. Hori gizon batek egiten badu, ondo dago, eskalatzaile on bat da, lider on bat. Baina Wandak hori bera egiten zuenean, gizonek esaten zuten berekoia zela, izaera zaila zuela. Finean, ordea, lider bat zen, haiek bezala. Aldea, emakumea izatea, eta hori ezin zuten eraman».

Horregatik, Kubarskak uste du ikuspegi sozialetik emakumeek askoz zailagoa dutela gaur egun ere. «Mendian hildako gizonezkoei buruzko artikuluetan, haren lorpenen berri ematen da, eta alarguna eta seme-alabak utzi zituela esaten da, baina pertsona harrigarria izaten jarraitzen du. Aldiz, emakume eskalatzaile bat mendian hiltzen bada, eta seme-alabak baditu, arduragabetzat jotzen dute hedabideek, eta nolabait bigarren aldiz hiltzen dute. Wanda emakume indartsua zen, prest zegoen bere helburuak lortzeko, nahiz eta prezio garestia ordaindu behar izan. Azkenean, bere bizitza pertsonalaren kostuan izan zen, horixe izan zuen preziorik garestiena».

«Une batean pentsatu nuen: zer egingo nuke aurkituko banu? Izan ere, demagun norbaitek halako ahalegina egiten duela ihes egiteko, ezkutatzeko, eta bat-batean norbaitek aurkitu egiten zaituela. Zer egingo zenuke?»

ELIZA KUBARSKAZinemagilea eta eskalatzailea

Kubarskaren irudiko, Annapurnan gertatutakoak aldatu egin zuen Wandaren jarrera eta aldartea hurrengo urteko Kangchenjungako espediziorako, eta horixe erakusten du haren ahots abailduak eguneroko gisa grabatu zituen zintetan. «Laidoztatua sentitu zen, zerbait frogatu beharko balu bezala, eta jarrera hori ez da egokia mendi bati aurre egiteko». Alde horretatik, Kubarskari zirrara berezia eragin zion Carlos Carsolio mexikarrarekin izan zuen elkarrizketak. Carsolio eta Rutkiewicz elkarrekin abiatu ziren Kangchenjungako laugarren kanpalekutik gailurrerantz. Mexikarra lehenago iritsi zen gailurrera eta beherantz zetorrela Wandarekin egin zuen topo, 8.300 metro inguruan. Poloniarrak han bertan bibaka egingo zuela jakinarazi zion, biharamunean gorantz jarraitzeko. Carsoliok filmean dio ez zuela indar nahikorik izan berarekin jaitsi zedin konbentzitzeko, eta eskubiderik ere ez zuela horretarako. «Kanpaleku nagusian, Poloniako eskalatzaile komunitatearen zati batekin zituen gatazken berri eman zion Wandak Carsoliori, eta dezepzionatua zegoela eta itzultzeko arrazoirik ez zuela sentitzen adierazi zion».

Izan ere, pelikulak aspaldiko uste baten arrastoan ere esploratzen du, Wanda desagertu, bai, baina ez zela hil, azken espedizio hura ihes moduko bat izan zela. Kubarskaren esanetan, amak beti uste izan zuen itzuliko zela noizbait, joan aurretik esan baitzion itzultzen ez bazen, lasai egon zedila Tibeteko monasterioren batean egongo zela. Era berean, turista batzuek Jerzy Kukuczka zenaren alargunari esan zioten Wandaren antz handia zuen emakume bat ikusi zutela Tibeteko monasterio batean. «Hala, ni ere haren bila abiatu nintzen. Serio hartu nuen kontu hori. Pentsatu nuen, ados, jaitsi bazen, bertako jendearen laguntza beharko zukeen. Gertatu izan da aurrez. Messnerrekin hitz egin nuen, Wandaren adinkidea baita, eta oroitu zidan berak ere bertako jendeari esker iraun zuela bizirik Nanga Parbatetik jaitsi eta gero. Everesten ere, Nepaletik igo eta Tibetetik jaitsi zen alpinista bat hiru asteren buruan aurkitu zuten. Posible da». Messnerrek berak erakutsi zion, mapa baten gainean, Wandak Sikkim aldera har zezakeen bide bat. «Aurrez ibilia nintzen Kangchenjungaren iparrean eta hegoan. Herrixketako batean Kangchenjungako espedizioko barrika gorri bat ere aurkitu nuen, Wandarena berarena, eta Messnerrek esandakoaren ondoren, ekialdera jo nuen, Sikkimera, eta jende interesgarri asko ezagutu nuen, hango monasterioetan bizi diren Mendebaldeko pertsonekin hitz egin nuen, eta istorio desberdinak kontatu zizkidaten. Baina une batean pentsatu nuen: zer egingo nuke aurkituko banu? Izan ere, demagun norbaitek halako ahalegina egiten duela ihes egiteko, ezkutatzeko, eta bat-batean norbaitek aurkitu egiten zaituela. Zer egingo zenuke?».

Wanda Rutkiewicz egiaz nor izan zen azaltzeko, haren izaeraren zergatia ulertzeko, haren azken espedizioa ihes bat izan bazen arrazoiak argitzeko ahalegina izan da Kubarskaren filma. Harengana iristeko bilaketan ibili da zentzu guztietan. «Eta uste dut asko gerturatu naizela Wandarengana, haren pentsamenduetara. Adinez ere gertuago nago orain, 49 zituen desagertu zenean eta 46 ditut nik, eta uste dut emakume naizen aldetik hobeto ulertzen dudala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.