Ekaitz Maiz. Eskalatzailea, alpinista

«Arriskua dago haitza eskalada horma bihurtzeko»

Haitzeko eskaladan hazia eta hezia da Maiz, eta, kirol eskaladaren urbanizazio bete-betean, min ematen diote eskalada hormetatik haitzetara iristen ari diren zenbait jokabidek. Balioen aldaketa dela dio.

Unai Ugartemendia.
2016ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Ia bizi osoa darama katu-oinak jantzita eta eskaladako sokari lotuta Ekaitz Maiz nafarrak (Iruñea, 1979). 11 urte zituela, Txindokiko ertza egitera eraman zuen aitak. Azken urteetan atzerrian espedizio batzuk ere egindakoa da. Espedizioek zapore gazi-gozoa utzi diote. Ondo prestatu, lan asko egin... baina esku-hutsik bueltatu behar izan du etxera, behin baino gehiagotan ia eskalatu ere egin gabe, eguraldi txarraren erruz. Kritikoa da eskaladako zenbait joera berrirekin, baina uste du eskalada osasuntsu dagoela.

Duela gutxi itzuli berri zara azken espediziotik. Nola joan da?

Duela hiru aste itzuli ginen Shipton Spirera eginiko espediziotik [Pakistan, Karakorum, 5.852 metro ], eta, egia esan, gauzak ez ziren espero bezala atera. Eguraldiak errespetatu behar gintuenean, euria eta elurra egin zuen, eta ez genuen aukerarik izan. Okerrena da lan gogorrena egin ondoren gertatu zitzaigula: lehenengo kanpalekua antolatu eta zama guztia hormaren behekaldera eraman eta gero. Eskalatzea besterik ez zitzaigun geratzen. Shipton Spireren ezkerraldean bide berri bat zabaldu nahi genuen, baina, hormaren behekaldera iritsi ginenean, glaziarraren eta hormaren egoera ikusi ondoren, berehala baztertu genuen aukera hori. Glaziarra oso hautsia eta ezegonkorra zegoen, eta harri asko erortzen ziren paretaren goialdetik. Bigarren aukera bat egin genuen: Women and Chalk bidea [1.300 metro, 8a]. Iruditu zitzaigun hormaren tokirik seguruenean zegoela, eta guk helburu genuen estiloan egina zegoen; askean, alegia.

Eskalatzeko aukerarik izan al zenuten?

Ez askorik: lehen egunean 300 metro eskalatu genituen, eta gau horretan euria egiten hasi zen. Hamar egunean ez zuen atertu, eta pareta erabat blai zegoen. Ezinezkoa zen eskalatzea. Hegaldia atzeratzea pentsatzen aritu ginen, baina, eguraldiaren iragarpena ikusita, ez genuen zalantzarik izan. Material guztia jaso, eta jaitsi egin ginen.

Azkeneko hiru espedizioak bertan behera utzi behar izan dituzu. Okerrengatik edo zorte txarragatik?

Thalay Sagarrekoa [India, Himalaia, 6.904 metro], 2015eko udan, agenda kontuengatik izan zen:behar baino baimen egun gutxiago geneuzkan hartu genuen biderako. Gailurrera igotzen saia gintezkeen hiru edo lau egun gehiagorekin, baina ez genuen akordiorik lortu indiarrekin. Otsailean, Patagonian egon nintzen, Cerro Torre [3.128 metro] igotzeko asmoz: han ere ez genuen eguraldiarekin zorte onik izan, ez zigun eskalatzen saiatzen ere utzi. Horrelako helburuetan, eskaladaz eta sasoiaz gain, beste faktore garrantzitsu asko daude jokoan. Asko ikasten da halako espedizioetan. Beti daude hobetu daitezkeen gauzak, baina egindakotik gauza gutxi aldatuko nituzke. Alde horretatik, lasai nago.

Zuri irakurria da ez zarela «eskalatzaile normala». Zer esan nahi duzu horrekin?

Ia eskalatzen hastearekin batera hasi nintzen bide berriak hornitzen eta zabaltzen, inguru berriak bilatzen. Nire bilakaera guztian bide berriak zabaldu izan ditut, boulderrak, bide alpinoak... Azken urteetan, behe-behetik, era askean, zortzi graduko bide dezente zabaldu ditut, 500 baino gehiago. Horrek bereizten nau eskalatzaile normaletatik.

Ez omen zara eskalada horman ibiltzen. Zergatik?

Txapelketetan lehiatu nintzen garaian, Patxi Usobiagaren gidaritzapean entrenatu nintzen. Txapelketen garaia bukatzen zenean, eskaladako betiko lagunekin elkartzean, zerbait galdu nuela sentitzen nuen. Haitzean eskalatzeko egun onak galdu nituen entrenamenduengatik eta txapelketengatik. Ikuspegi kontua da. Niretzat, eskalada ezin da menditik bereizi: batera doaz. Azken urteetan, eguraldi txarra eginda ere, beti joaten naiz haitzean eskalatzera. Ez dago urte guztian haitzean eskalatu ezin daitekeen egunik. Beti bilatzen dugu ateri dagoen eta lehor egoten den tokiren bat. Beraz, zergatik joan eskalada hormara?

Orduan, zergatik egiten du hainbeste jendek kirol eskalada?

Kirol eskalada egiten duen jende kopurua nabarmen hazi da azken urteetan. Kirol eskalada urbanizatu egin da. Lehen, jendea Etxaurin edo Eginon hasten zen eskalatzen; gaur egun, ordea, eskalada hormetan. Eskalada hormak oso eskura daude, eta edozein joan daiteke. Horrez gain, uste dut modako jarduera bat dela.

Zer esango zenioke eskalatzen hasi nahi duen ume bati?

Ongi pasatzeko. Duela gutxi, 5 urteko nire iloba Aimar eraman nuen eskalatzera. Eskaladak berak ez zuen asko erakarri, baina zoratu egin zen bide etzanek eragindako kulunkarekin. Itzultzeko irrikan dago!

Zer eman eta kendu dizu eskaladak?

Bizitzan, hiru urtetik bi baino gehiago daramatzat eskalatzen; beraz, eskaladak gauza asko eman dizkit: bizipenak, osasuna, erronkak, motibazioak, lagunak, lana, bidaiak... Baina gauza zehatzen gainetik, bizitza ikusteko modu bat eman dit. Lankideekin edo lagunekin hizketan, kostatu egiten zaie ulertzea eskalatzaileok eskalatzera joateko dugun beharra. Horrek denbora asko eskatzen du, eta hori da eskaladak kendu didana, beste gauzei eskaintzeko denbora. Baina ia kasu guztietan ez zait kostatu beste gauza horiei uko egitea.

Zu hasi zinenetik, zertan aldatu da eskalada?

Eskalatzaile kopurua aldatu da gehien. Eskalada maila asko igo da, gune berri asko sortu dira, eskalada horma publiko eta pribatu asko, laster Olinpiar Jokoetan ere egonen da... Bilakaerak ez du etenik!

Zeren falta nabaritzen duzu?

Duela hogei urte, gutxiago ginenez eta eskalada eremu gutxiago zeudenez, guztiok elkar ezagutzen genuen. Gaur egun, eskalada horman bakarrik eskalatzen duen jende asko dago. Galdu egin da, nolabait, eskalatzen duen jendearen arteko harreman pertsonala. Harreman pertsonal hori galdu denez, tokiekiko eta bideekiko errespetua ere galdu da neurri batean. Gaur egun, menditik hormetara joan beharrean, eskalada hormetatik haitzetara joaten da gehiengoa. Bide berrien hornitzaile izanda, min ematen dit aurretik hornituta dauden bideei aldaera bat zabaltzeak edo bi bideren arteko loturak zabaltzeak, hornitzailearen baimenik gabe edo hari iritzirik eskatu gabe. Eta zer esanik ez bide bat aldatzeak. Hori eskalada hormatik haitzera eraman diren balioen ondorio zuzena da. Toki berean, bere izaera duen bide logiko bakar bat egon beharrean, aldaerekin eta loturekin bi, hiru edo lau bide ateratzen dituzte hornitzaile batzuek. Eskalada hormetan, espazioa baliatzeko, koloreekin markatzen dira bideak, eta badago jendea haitzean antzeko gauzak egiten dituena.

Balioez ari zara.

Mendian dauden balioak ez dira hirian dauden balio berak, eta, jende gehiago dagoenez, ondorioak nabariagoak dira. Gazteek ohitura horiek normaltzat hartzea da okerrena. Luzera begira, haitz naturala eskalada horma bihurtzeko arriskua dago. Hainbeste eskalada horma, entrenatzaile eta maila dauden garai hauetan, mendiko balioen eta errespetuaren falta nabaritzen dut gehien. Ez dut esan nahi gaur egungo eskalada duela hogei urtekoa baino okerragoa denik, baina balioak aldatu egin dira.

Eskalatzaileaz gain, alpinista ere bazara. Zer nahiago duzu: espedizioa mendi tontor batera edo eskaladarako espedizio bat?

Mendi tontor batean bukatzen den eskaladako espedizio bat, inolako zalantzarik gabe. Helburu horrekin joan naiz egindako espedizioetara, eta horrek ematen dio balio erantsia.

Euskal Selekzioarekin ere ibiltzen zara. Nola daude gazteak?

Gazteak oso sasoitsu eta gogotsu daude. Oro har, maila asko igo da, eta uste dut aurki haien mailak inguruko eskalada eskoletan dauden bideen maila gaindituko duela.

Etorkizunik ba al da Euskal Herrian?

Gazteen kirol maila ikusita, ez daukat zalantzarik gorako joera argia duela. Argi ez dudana da ea Euskal Herrian izango ote dituzten lortuko duten maila horretarako bideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.