Arrastoari jarraitu nahi diote

Eskaladaren sokak segida dauka Euskal Herrian. Hainbat gazte ari dira nabarmentzen paretan, eta etorkizun oparoa izateko abagunea dute. Martxoko lehen asteburuan Gavan izan ziren, Espainiako Federazioak antolatutako proba batzuetan.

Martzel Vicario rokodromoan entrenatzen. EKAITZ ANDA.
Unai Ugartemendia.
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herrian azken urteetan izan diren eskalatzaile onenen artean daude Mikel Linazisoro, Itziar Zabala, Eneko Carretero, Irati Zabala eta Bittor eta Andoni Esparta anaiak, esaterako. Baina euskal eskaladak etorkizun oparoa du, eta haien atzetik datozenek ere emaitza bikainak lotu izan dituzte azken urteetan beheko mailetan. Haietako asko martxoaren lehen asteburuan Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak Parisko 2024ko Olinpiar Jokoei begira antolatutako probetan egon ziren Gavan (Herrialde Katalanak). Askok Parisko Jokoak dituzte begiz joak.

MARTZEL VICARIO (Arrasate, Gipuzkoa, 2003)
«Begiz joak ditut Bilboko txapelketak»

Oraindik ere oso gaztea den arren, euskal selekzioko eskalatzaileen artean beteranoetakoa da Martzel Vicario. Josean Mulas eskalatzaile eta entrenatzaileak Aretxabaletan zuzentzen duen eskolan hasi zen oso txikitatik eskalatzen, eta dagoeneko zazpi urte daramatza euskal selekzioan. Espainiako selekzioan ere aritutakoa den arren, ez zuten Gavarako deialdian sartu, eta bera izan zen hutsune handienetako bat. «Ez zidan inork deitu hara joateko».

Azken urteetan bezala, aurtengo denboraldiaz ere gozatzeko asmoa dauka. Kirol helburuez gain, argi dauka zer eskatzen dion 2022ari. «Prozesuaz disfrutatzea nahiko nuke, baina egurra emateko asmoz aterako naiz. Beste aurkariak estutzea ere gustatuko litzaidake». Horretarako, bi helburu jarri dizkio bere buruari; Espainiako Zailtasun Kopako probak, eta Bilbon, urriaren 27tik azaroaren 1era jokatuko diren Espainiako txapelketak. Azken txapelketa hori begiz jota dauka Vicariok. «Han egongo naizen esperantza daukat».

Garaipen eta postu bikainak lortutakoa da Vicario azken urteetan, esaterako, hirugarren sailkatu zen 2019ko Espainiako Txapelketan zailtasuneko modalitatean, 18 urtez azpikoetan. Lorpen handia izan zen hori.

Baina ez du horretan gelditu nahi. Iaz, senior mailan Euskal Herriko Abiadura Txapelketa irabazi zuen, bere ibilbideari jarraipena eman nahi dio aurtengo denboraldian ere, eta esfortzu handia egingo du horretarako. «Beti bezala, eskaladaz gozatzen eta ahal dudan guztia ematen saiatuko naiz aurten ere».

HAIZEA OSES (Arrasate, Gipuzkoa, 2004)
«Europako txapelketan lan on bat egin nahi dut»

Eskaladan izan den azken urteetako aurkikuntza handienetako bat da Haizea Oses. 2017an Zaragozan (Espainia) Espainiako Kopan estreinakoz aritu zenetik, hobekuntza etengabea izan du. 2021eko denboraldian 18 urtez azpiko Zailtasuneko Espainiako Kopa irabazi zuen, eta Espainiako Federazioaren deia jaso zuen Gavan egoteko: «2024an Parisko Olinpiar Jokoetan erabiliko den formatuan trebatzeko egin zen simulazio antzeko bat izan zen. Niretzat oso esperientzia aberasgarria eta polita izan zen. Asko ikasi nuen, eta oso gogotsu itzuli naiz proba horretatik». Zailtasunean gustura aritu arren, blokeko modalitatean oraindik ere ahulgune asko ikusi zituen. Halere, bien baturak azken probara eraman zuen, eta bera izan zen euskal herritar bakarra emakumezkoen finalean. Baina Oses ez da lortutako emaitzekin azkar konformatzen den horietakoa, eta aurtengo ere helburuak finkatu ditu. «Zailtasunean hobetzea eta blokean poliki-poliki nire ahulgune guztiak indartzea».

Baina helburuek pixka batean itxaron beharko dute. Hatz bateko polean lesio bat izan du, eta oraindik ez daki zenbat denbora beharko duen osatzeko. Ordurako, berriz, egutegia beteta dauka; Espainiako Blokeko eta Zailtasuneko Kopetan, Espainiako txapelketetan eta Euskal Herriko txapelketetan hartuko du parte. Europako proba batera ere joango da Espainiako selekzioarekin. «Espainia mailan podiumean egotea gustatuko litzaidake, eta Europako Txapelketan lan on bat egitea ere helburuen artean daukat. Dena den, nire helburu nagusia presiorik gabe eskalatzea da, eta nire onena ematea. Horrela oso gustuko dudan kirol honetaz gozatzeko».

IRATI GUENETXEA (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 2005)
«Abiaduran eta blokean zentratu nahi dut gehienbat»

2020an euskal selekzioan sartu zenetik, ibilbide oparoa darama Irati Guenetxeak. 16 urtez azpikoetan ibili zen lehenik, eta iazkoa izan izan zuen estreinakoa 18 urtez azpikoetan. «Emozio eta sentimendu desberdinez betetako asteburua izan zen Gavakoa. Ez zitzaidan oso ondo atera txapelketa, baina esperientzia berri bat izan da neure burua goi mailako eskalatzaileekin batera ikustea. Egia esan, nahiko indartsu sentitu nintzen. Harritu egin nintzen zailtasunean hobeto ikusi nuelako neure burua, nahiz eta blokean gehiago entrenatuta nengoen».

Aurtengo denboraldirakoargi dauzka zein izango diren erronka nagusiak. «Nire asmoa abiaduran eta blokean zentratzea da, zailtasuna guztiz alde batera utzi gabe». Haren maila erakusteko, Espainiako Kopako probak eta txapelketak baliatu nahi ditu gehienbat, eta hiru modalitateetako txapelketa guztiak jokatu nahi ditu. Erronkak gustuko ditu, eta aurtengohelburuak ere argi dauzka, eta honela azaldu ditu: «Blokeaneta gehienbat abiadurako txapelketetan jarri nahi dut arreta guztia. Horiek ondo ateratzea espero dut. Horrekin batera, txapelketetan gustura sentitzea izango zen nire helburuetako bat.Emaitzei erreparatuz, Espainiako Txapelketaren batean podiumera igotzea lortzen badut, gogobeteta geratuko nintzateke».

IUNE LAHIDALGA (Zizurkil, Gipuzkoa, 2004)
«Maila gorenekoekin lehiatzea ere gustatuko litzaidake»

14 urterekin hasi zen lehiatzen Iune Lahidalga eskaladan. Hasieran, Euskal Herri mailako lehiaketa herrikoietan parte hartzen zuen, 16 urtez azpiko mailan, baina azkar egin zuen jauzia. 2019an euskal selekziora batu zen, eta iaz 18 urtez azpikoekin lehiatu zen. Gavan igarotako asteburuari azpimarra hau egin dio. «Oso esperientzia aberasgarria izan zen. Bideak prestatu zituztenek oso lan ona egin zuten, bai blokean, baita zailtasunean ere».

Bazekien goi maila aurkituko zuela, eta alde horretatik inolako presiorik gabe eskalatu zuen. «Ahal nuen guztia eman nuen. Beti bezala, urduritasun puntu batekin ibili nintzen, gehienbat zailtasunean, modalitate horretan ez baitago bigarren aukerarik, baina dena eman nuen». Uste baino hobeto moldatu zela aitortu du.

Txapelketa ofizialak jokatzeko oraindik ere ekainera arte itxaron beharko du. Ekainean, bi asteburuz jarraian lehiatuko da, lehenik zailtasunean eta ondoren blokean. Udan atseden hartu ondoren, irailean eta urrian jokatuko ditu beste lau proba aipatutako bi modalitateetan, urriaren amaieran Espainiako Txapelketak jokatu aurretik. «20 urtez azpiko mailan lehiatzea tokatzen zait, eta maila horretako finaletan sartzea izango litzateke nire nahietako bat. 16 urte betetzen ditugun egunetik, maila gorenean lehiatzeko aukera ere izaten dugu, eta maila horretan lehiatzea ere gustatuko litzaidake».

JOANES ESPARTA (Bilbo, 2005)
«Aurtengo erronketako bat: blokean hobetzea»

Bittor eta Andonianaiak dituerreferente Joanes Espartak. Etorkizuneko eskalatzaile handi baten itxura hartzen ari da. Gustura dago Gavan egin zuen lanarekin: «Uste dut beharrezkoak direla horrelako saioak egitea, txapelketa handietan izaten den urduritasuna saihesteko. Horrez gain, profesionaltasun handia egon da. Une oro, lehiaketa batean nengoen sentsazioa izan nuen». Aho zapore onarekin itzuli zen etxera. Senior mailan lehiatzeak dituen zailtasunez gain, bertan aurkitutako horma izan du hizpide. «Rokodromoen ezberdintasunagatik, alde handia nabaritu nuen, zailtasunean batez ere. Zailtasuna ondo prestatzeko, etxetik hurbilen dudan rokodromoa Iruñean dago. Bilboko Piu Gazen, erresistentzia landu dezaket, baina ez dauka zerikusirik bide bat egiteko orduan. Gainera, jende indartsuarekin lehiatu nintzen».

Gaztea den arren, ondo ezagutzen du zein ahulgune dituen, eta horiek hobetzeak sortzen dio buruhausterik handiena. «Blokeko txapelketetan hobetzea espero dut. Ez nago ohituta modalitate horretan lehiatzen. Asko hobetu behar dut». Helburuak eta erronkak ez ditu ahaztu. «Lehenengo helburua Zailtasuneko Espainiako Kopan postu on bat lortzea da. Uste dut erraztasuna dudala modalitate horretan. Aurreko sasoian ez nintzen oso pozik geratu emaitzekin, eta hori hobetzea gustatuko litzaidake, batez ere blokeko txapelketetan. Maila gorenean, final batera iristearekin konformatzen naiz».

AINHIZE BELAR (Atxondo, Bizkaia, 2006)
«Espainiako Txapelketako probaren bat irabazi nahi dut»

Laugarren urtea izango du euskal selekzioan, eta 16 urtez azpikoetan hainbat txapelketa irabazi ondoren, jauzia egingo du 18 urtez azpikoetara. Belar ere Gavan izan zen. «Txapelketetako jendea berriz ikusteak ilusio handia egin dit, eta berriro txapelketa bateko urduritasuna sentitzea ondo dator». Oraindik gauza asko ditu hobetzeko. «Esperientzia falta zait blokeetan. Hala ere, hobekuntza handia egin dut aurreko urteekin alderatuz, eta, azken finean, horrekin geratzen naiz».

Gavan elkartutako eskalatzaileen artean gazteenetakoa izan zen. Ez zituen esperotako emaitzak lortu. «Hala ere, bi modalitateetan sentitu naiz gustura. Oraingoan, zailtasunean ikusi dut hobekuntzarik handiena».

Euskal selekzioarekin ez ezik, Espainiakoarekin ere lehiatzen da. Erronkaz betea du urtea: «Espainiako Txapelketaren bat irabazi nahiko nuke 18 urtez azpiko mailan. Blokeko kopan maila gorenean parte hartuz gero, finalera pasatzea ere nahiko nuke. Europako Txapelketetan ere emaitza txukunak lortzea da nire asmoa». Baina dena ez da txapelketa izango. «Arrokan, 8c zailtasuneko beste bide bat kateatu nahiko nuke gutxienez, eta bistara zenbait 8a atera nahiko nituzke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.