Falta izango direnen artean, Javi Dominguez, Jon Aizpuru eta Unai Dorronsoro dira aipagarrienak. Azken urteetan podiumean izan diren hiru korrikalari garrantzitsuenek ez irteteko hautua egin dute aurten, askotariko arrazoiak tarteko. Hori kontuan hartuta, irabazle berria izango da Ehunmilietan. Parte hartuko dutenen artean, iaz hirugarren postuan sailkatu zen Oscar Perez de Nanclaresena da izenik azpimarragarriena. Baina ez da bakarra izango lehia irabazteko borrokan. Izan ere, irteeran izango dira Igon Manzisidor, Raul Garcia, David Rodriguez eta Alexandre Urbina, besteak beste. Ezusterik ezean, horien artean egongo da podiumean sartu ahal izateko borroka.
Emakumezkoetan, Uxue Fraile faboritoaren baimenarekin,baliteke ustekabeko lehia egotea. Donostiarra estreinakoz arituko da Ehunmilietan. Baina haren kirol ibilbidea kontuan hartuta, lasterketa irabazteko faborito nagusia da. Hala ere, eta gizonezkoekin gertatzen den bezalatsu, ezustekoa emateko prest daude atzerritik etorritako Cindy Fontaine belgikarra eta Ana Bernardo portugaldarra, besteak beste. Frailez gain, beste bi euskal korrikalari ere izango dira podiumera igotzeko borrokan; Irene Guembe, iaz bigarren izandakoa, eta Amaia Larreategi. Larreategik herrian korrituko du.
Ikusi gehiago:Inkesta
Lasterketa nagusiaz gain, beste bi proba ere jokatuko dira. Ehunmiliei irteera eman eta bost ordura, 23:00etan, Goierriko Bi Handiak lasterketa abiatuko da. Haren datuak ere ez dira nolanahikoak; 88 kilometro eta 6.000 metroko desnibel positiboa. 500 korrikalari baino gehiago lehiatuko dira hartan. Gizonezkoetan, irabazteko hautagaien artean izen aipagarri bat dago: Joseba Eskuderonena. Iaz hirugarren sailkatu zen. Emakumezkoetan, nahiz eta maila handia espero den, Oihana Azkorbebeitia korrikalari beteranoarena izango da adi zaindu beharreko dortsala. Abadiñokoak (Bizkaia) sasoiko dagoela erakutsi du azken hilabeteetan, eta ultra distantziari tamaina bikain hartu dio azken bi urteetan. Sara Peña, Larraitz Aragon eta Uxoa Irigoien ere ezustea ematen saiatuko dira.
Ehunmiliak festako azken lasterketa, berriz, igandean korrituko da, 12:00etan hasita: Marimurumendi maratoia (42 kilometro, +2.400 metro). Hartan ere, lehia bizia espero da. Irteeran izango direnen artean daude Unai Dorronsoro, Elena Calvillo, Martin Mac-Gragh, Andrea Garai, Iñaki Insausti, Maria Sanchez, Iñigo Uribe-Etxebarria eta Ainara Urrutia.