Arima galdu zen

Hogei urte bete dira gaur Felix Iñurrategi hil zela zorigaiztoko istripu batean, Gasherbrum II mendia jaisten ari zela. Alberto anaiarekin, alpinismoa egiteko eta kontatzeko beste modu bat ekarri zuen. Izaera berezia zuen.

Felix Iñurrategi Himalaiara egindako espedizio batean. A. I.
Unai Ugartemendia.
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun

Euskal mendizaletasunaren historiaren egunik tristeenetako bat izan zen 2000. urteko uztailaren 28a. Aretxabaletako (Gipuzkoa) Felix eta Alberto Iñurrategi anaiak Gasherbrum I (Pakistan, Himalaia, 8.068 metro) eta Gasherbrum II (Pakistan, Himalaia, 8.035 metro) mendiak kateatzeko asmoarekin joanak ziren. 1990ean lehenbizikoz Pumori mendia zapaldu zutenetik (Nepal, Himalaia, 7.161 metro), urtero joanak ziren zortzimilakoak igotzera. Ordura arte, hamalau zortzimilakoetatik 11 zeuzkaten igota. Gasherbrum II mendiaren gailurrera ere iritsi ziren, baina zorigaiztoan erori, eta anaia zaharrena, Felix, hil egin zen. Bi hamarkada igaro dira ordutik.

Garai hartan, Ramon Olasagasti zen Euskaldunon Egunkaria-ko mendi ataleko arduraduna. «Erredakzioan nengoen lanean, eta, egia esan, orain ez naiz gogoratzen nork deitu zidan albistea emateko. Bagenekien goizean gailurra zapaldu zutela, eta, bi anaien espedizio guztietan gertatzen zen antzera, ohituta geunden oso eraginkorrak izatera. Istripua izan zutela deitu zigutenerako, kronika idazten hasita nengoen», gogoratu du orain dela hogei urteko egun beltz hura Olasagastik.

Urte askotan kontatu zituen bi anaien nondik norakoak. Felixen heriotza bere kazetari ibilbideko unerik gogorrenetako bat izan zela aitortu du. «Zorigaiztoko dei hark barren guztia nahastu zidan». Hil zen egunean, zuritik beltzera pasatu ziren erredakzioan oso denbora gutxian. Nola edo hala, ezbeharrari buruz idaztera behartuta zegoen. Lanari ahal zuen moduan eusten saiatu zen: «Baina, gauerdian, etxeratu bezain laster, lehertu egin nintzen», onartu du.

Andoni Egaña bertsolariak ere ez du berehalakoan ahaztuko 2000. urteko uztailaren 28a. «Arratsaldeko zazpiak inguru ziren, eta Sebastian Lizaso eta biok Izeta sagardotegian bertso saioa genuen. Etxean, bizarra egiten ari nintzen, eta emazteak esan zidan Felix Iñurrategi hil zela entzun zuela. Hura entzun bezain laster, bi begiak malkotan hasi, eta apar artean erreka baten antzekoa egin zuten».

Kike de Pablo eskarmentu handiko alpinista zen, 1994an K2 mendira (Pakistan, Himalaia, 8.611 metro) eginiko espedizioan Iñurrategi anaiak ezagutu zituenerako. De Pablok ere istripu eguna du buruan. «Izugarrizko kolpea izan zen niretzat albisteak jasotzea. Bi anaiak oso gertuko nituen».

1990ean Pumorira egindako lehen espedizio hura baino lehenago, Ramon Garate Euskal Mendi Federazioko medikuarengana jo zuten bi anaiek, beren ibilbide oparoari hasi nahian. «Oso gazteak ziren oraindik. Eskalatzaile amorratuak ziren, baina alpinismoan oraindik ez zuten esperientzia handirik», azaldu du. Ez zuten entrenamendu berezirik egin mendira joateko. Ez zegoen entrenamendu berezirik alpinistentzat, eta bi anaiak gehienbat korrika entrenatzen zirela azpimarratu du.

1991n egin zuten estreinako espedizioa zortzimilako batera. Makalu aukeratu zuten horretarako (Nepal, Himalaia, 8463 metro). Baita igo ere. 1992an Everesterako erronka prestatu zuten. Lehenbizikoz, munduko mendirik garaienera abiatuko ziren, eta ez edozein modutan. Izan ere, oxigenorik gabe igo nahi zuten. Lehen ahaleginean, gailurrean ipini zituzten oinak. Bidaia hartatik etxera itzuli zirenean, herrian jaso zuten omenaldia gogoangarria izan zen.

Ordurako, Euskal Herrian ezagun egin ziren bi anaiak. Himalaiara egiten zuten bidaia bakoitzak jendearen jakin-mina pizten zuen. Egañak ere oso gertutik bizi izan zituen espedizio haiek. «Mendira igotzeko modu erakargarria zuten bi anaiek, eta egiten zutena oso ondo esplikatzen zuten, gainera. Zerk baino gehiago, nola egiten zuten zeukan garrantzia. Guk oso gertuko genituen, eta guretzat haiek egiten zutena balentria hutsa zen».

Olasagastik ere, espedizio haietako xehetasunak gutxik bezala ezagutu zituen. «Aldiro-aldiro bizigarri bat eransten zioten asmo bakoitzari. Bidea, estiloa edo azkartasuna izan zituzten helburu nagusiak euren espedizioetan. Azken urteetan Albertok esaten du bigarren mailako alpinistak izan direla, baina egin zutenak arrastoa utzi zuen».

Zortzimilakoen arrastoan

1990eko hamarkada oso arrakastatsua izan zen bi anaientzat. Everesteko espedizioaren ondotik, K2 igo zuten (Pakistan, Himalaia, 8611 metro). De Pablo ere espedizio hartan izan zen. «Juanito Oiarzabalekin eta Juan Tomasekin K2ra egindako espedizio hartan izan genuen ezagutzeko aukera. Izugarrizko espedizioa izan zen hura. Dena ondo atera zitzaigun. Eguraldiarekin zorte handia izan genuen, eta 25 egunen buruan gailurra zapaltzeko aukera izan genuen. San Joan egunean iritsi ginen gailurrera», oroitu du. Ordurako, gauzak oso ondo antolatzen zituztela aurreratu du De Pablok, «Dena ondo neurtzen zuten; arriskuak, aukerak... Beste ikuspuntu batetik ikusten zuten mendia. Antolatzeko garaian, parekorik ez zuten. Dena antolatuta eramaten zuten Euskal Herritik; gauza txiki bakoitza neurtuta edukitzen zuten». Boskoteak Cesen bidetik egindako igoera hura, Urrezko Pioleteterako izendatua izan zen. Horregatik are kolpe handiagoa izan zen Felixen heriotza.

Arlo fisikoan izandako hobekuntza ere nabaria izan zen espedizioak aurrera zihoazen heinean. Fisikoki oso indartsuak ziren. Garatek urtean pare bat aldiz egiten zien esfortzu proba. «Albertok, agian, berezkotik gehiago zuen. Altuerara ere bikain egokitzen zen. Felixi, aldiz, gehiago kostatzen zitzaion».

Everest eta K2 mendia igo ondoren, ia urtero zortzimilako bat edo bi igo zituzten, 1993. urtean izan ezik. Ibilbide paregabea egin zuten urte askotan, eta igotako mendien zerrenda etengabe goraka zihoan. Gasherbrum II mendiaren ezbeharra gertatu zen arte. Ustekabean, hamalau zortzimilakoak osatzeko zerrendan zeuden murgilduta. Hamabigarrenean banandu zen soka. «Aparteko alpinistak ziren bi anaiak. Indarra sobran zuten, eta burua ere, bere lekuan. Entrenatzen oso metodikoak ziren, eta ordurako jada oso entrenamendu modernoak egiten zituzten. Aurreratuak ziren, eta medikuen laguntza eta prestatzaileak zituzten. Gu, berriz, mendira joaten ginen, eta ahalik eta azkarrena igotzen saiatzen ginen beste munduko entrenamendu zehatzik gabe», berretsi du De Pablok.

«Plazagizona» zen

Mendian baino ezberdinagoak ziren bizitza arruntean. Bi anaien ibilbide oparoak telebistan lanean aritzera eraman zituen azken urteetan. Horretan ere, rolak ondo zehaztuta zeuzkaten bi anaiek. «Nik bertsotan ezagutu nuen Felix. Jon Sarasuaren eta Arantzazu Loidiren laguna zen. Plazetan kointziditzen genuen. Nafarroara ikastera joan zenean, harremanetan jarraitu genuen, eta, oker ez banago, esango nuke urteren batean Nafarroako Txapelketan ere parte hartu zuela. Plazagizona zen Felix, enkantadore bat», gogorarazi du Egañak.

Bertsoetatik harago, Oinak Izarretan dokumentala prestatzen ari zirela sendotu zen Egañak Iñurrategi anaiekin zuen harremana. Bigarren dokumentala grabatzen ari zirela izan zen Felixekin azken aldiz. Atzera begira jarrita, gogoan dauka nola agurtu zuen. ETBko Iurretako egoitzako aparkalekuan izan zen, hain zuzen, G I eta G II mendietara joateko bezperan. Egañak ondo ez agurtu izanaren sentsazioa izan dut geroztik. «Diego Gartziarekin eta Lazkao Txikirekin ere sentsazio bera izan nuen. Hirurak aparkaleku batean agurtu nituen. Hiruren kontura, bertso sorta bat ere egin nuen». Felix hil eta gutxira, 2001eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean, antzeko gertakizun bati buruz abestea tokatu zitzaion.

Olasagasti ere mintzatu da Felixen izaeraz: «Albertok askotan aipatu izan duen bezala, Felixek bazekien bizitzen. Kirolaria zen, baina ez amorratu horietakoa. Edozein afaritan, jan-edanean lasai egoten diren horietakoa zen».

Eguneroko bizitzan baino gehiago, De Pablok mendian ezagutu zituen. «Felix hiztunagoa zen; Alberto, berriz, isilagoa. Gauzen ikuspuntua ezberdina zuten arren, oso baliokideak ziren biak».

 

Hutsunea utzi zuen

 

Felixen heriotzak nahigabe handia ekarri zuen euskal mendizaleen artean, baina Garatek argi utzi nahi izan du gizartean ere eragin handia izan zuela. «Mendizale bat baino gehiago zen; jendearengana iristeko erraztasun handia zeukan». Olasagastiren ustetan ere, euskal mendizaletasunak «mendizale eta pertsona ikaragarri bat galdu zuen. Arima galdu zuen».

Egaña ordurako anaiekin lanean hasita zegoen istripua izan zutenean. Hileta egin eta gutxira, berriro ere lanean hastea tokatzen zitzaion. Ez du berehalakoan ahaztuko Albertorekin elkartu zireneko lehen bilera hura. «Oso gogorra izan zen denontzat. Azken espedizioko irudiak ikustetik amaitu genuenean, bazkaltzera joan ginen Durangora. Oraindik ere begien aurrean daukat jendeak Albertori zion errespetua. Asko doluminak ematera joan zitzaizkion, baina begirada haietan zegoen errespetua esanguratsua zen».

Anaia zaharrena eta sokalaguna falta izan arren, Albertok mendian jarraitzeko hautua egin zuen. Handik urtebetera baino gutxiagora, Jon Belokirekin Gasherbrum I igo zuen, eta ondoren, Annapurna (Nepal, Himalaia, 8.091 metro). Horrekin amaitu zituen hamalau zortzimilakoak. Historia egin, eta inork ez dio kendu oraindik marka. Bera baita gaur egun hamalau zortzimilakoak osatu dituen alpinistarik gazteena. Geroztik, alpinista asko izan ditu bere espedizioetan bidelagun Albertok, baina Felixen arimak bultzaka jarraitu du hogei urte geroago.

Haren arima ez ezik, izaera ere agerian geratu da Pakistan inguruan, Felix Iñurrategi Baltistan fundazioaren bidez. 2001. urteaz geroztik dozenaka elkartasun eta lankidetza proiektu gauzatu ditu erakundeak, inguru haietako garapen sozioekonomikoa bultzatzeko eta hango emakumeak ahalduntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.