Eñaut Izagirre. Geografoa

«Arazoren bat badago, geuk atera beharko ditugu babak eltzetik»

Incognita Patagonia da, Utopia Patagonia izan zitekeen: hiru gazte eta ikerketa eta abentura uztartuko dituen espedizio bat, Txileko Patagonian, National Geographicek eta Azpeitiko Udalak babestuta. Martxoan abiatuko dira.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Tolosa
2016ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Mendia izan zuen bizitoki. Geografia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta, gaztea bada ere, eskarmentua pilatu du Izagirrek (Elgoibar, 1990), bai Euskal Herrian, eta bai Txilen. Esploratzaile amorratua izateaz gain, ordu asko pasatu ditu kirola egiten; eskiatzen, besteak beste. Mendiko gidari izateko ikasketak ere hasi zituen. Duela gutxi National Geographic erakundeak emandako diru laguntzari esker, Incognita Patagonia proiektua hasiko du, Ibai Rico eta Evan Miles lagunekin, Txileko Patagoniako Hoste uhartean.

Nor da Eñaut Izagirre?

Gurasoekin eta aitona-amonekin mendian hezitako gazte bat naiz. Harreman handia izan nuen Pirinioekin, eta gerora geografia ikasketak egitera joan nintzen Gasteizera, EHUra. Geografia ikasketen barruan, geografia fisikoa aukeratu nuen, mendiarekin zerikusi handia zuelako. Gero, Txilera joan nintzen glaziarrak ikertzen dituen master bati esker. Beti egon izan naiz mendiari lotua. Mendiko kiroletan ez naiz inoiz teknika handiko mutila izan, eskalatzen, esaterako, baina beti egin izan dut kirol asko. Mendiko eskia lehenik, gero korrika ere bai…

Zergatik ikasi zenuen geografia?

Oraindik ez dakit. Zerrenda batean jarri nituen egin nahi nituen ikasketak: biologia, geografia eta mendiari lotutako ekintzekin zerikusia zuten beste hainbat. Geografia beti izan dut gogoko. Aitarekin beti ibiltzen nintzen solasean, bera herrialdea esaten eta ni hiriburua asmatzen. Gero ikasketetan ez da horrela izaten, baina… Horrela hasi nintzen prozesuak ikasten, erliebeak nola sortzen diren, zergatik ditugun Anboton eta Txindokin kareharriak... Erliebeak ulertzen hasi nintzen. Gerora, izotza eta glaziarrak gustuko ditudanez, glaziarren eragina aztertzen hasi nintzen, bai munduan, bai Euskal Herrian, eta haien prozesua ulertzen.

Ikasketak amaitu ondoren, 2013an, Punta Arenasera (Patagonia, Txile) joan zinen, Magallanes unibertsitatera. Zer egin zenuen han?

Glaziologiako master bat egiteko asmoa nuen, baina Europan gehienek oso ingeles maila handia eskatzen zuten, eta nik zerbait bai, baina ez nuen oso maila handirik. Orduan azaldu zen beste aukera hau. Gaztelaniaz egiteko aukera ematen zidan, eta, gainera, Antartika eta Azpiantartika deitzen dioten inguru hori lantzeko aukera izango nuen; Patagonia eta Tierra de Fuegoko uharteak. Beti amestu dut inguru horiekin, eta segituan eman nuen pausoa. Abentura berri bat zen; gainera, bakarrik… Diru laguntza batekin joan nintzen, bertako unibertsitateak lagunduta, eta, oraindik proiektua zabalik dagoen arren, amaitzeko asmotan naiz.

Han zeundela, Cordarwin espedizioan parte hartu zenuen. Nolatan?

Nire lehen espedizioa izan zen, eta asko markatu ninduen. Oso espedizio berezia izan zen. Gino Casassa zen espedizioaren arlo zientifikoaren burua, baina azken orduan ezin izan zuen joan, eta ni bere ikaslea nintzenez—pentsatzen dut berarentzat ikasle onena, kar-kar—, niri eskaini zidan aukera. Ez nuen pentsatu ere egin. Oso diziplina ezberdinetako jendea joan ginen: eskalatzaileak, kayakean ibili zen esplorazio talde bat eta, arlo zientifikoan, berriz, Magallanes unibertsitateko talde bat. 10-15 egun igaro genituen, belaontzi batean, Magallanes itsasartea igarotzen… Itzuleran, ontzia motorrik gabe gelditu zen, eta hiru egun behar izan genituen zortzi orduan egiten den bueltako bidea egiteko. Une larri batzuk izan genituen.

Geroztik, beste espediziorik egin duzu?

Beste proiektu batzuetan ere parte hartu dut: Torres del Painen (Txile) eta iazko otsailean eta martxoan ingelesekin Hermit uhartean. Azken hori proiektu handi bat da. Bertan, mendebaldeko haizeen garrantzia neurtzen ari dira, eta ni ikerketa kolaborazio bat egiten ari naiz. Lau aste igaro genituen irla batean, Hornosko lurmutur inguruan. Azken espedizioa joan den apirilean egin dut: Marinelli glaziarrean [Darwineko mendikatean] egon nintzen, nire tesia egiteko. Kayakean beharrezko dena sartu, eta barneratu ginen. Lan handia egin dugu.

Martxoan hasiko duzue Incognita Patagonia proiektua, Ibai Ricorekin eta Evan Milesekin. Nola ezagutu duzue elkar?

Ibai Rico 2010ean ezagutu nuen; unibertsitatera iritsi berria zen doktoretza egitera. Bera ere geografoa da. Masterra Erresuma Batuan egin arren, proiektua Patagonian egin zuen. Gerora, kartel bat jarri zuen Pirinioetan bere proiektua egiteko laguntza eske, eta laguntzeko prest nengoela esan nion. Geroztik oso harreman handia dugu. 2013an, Evanek eta Ibaik elkar ezagutu zuten, Norvegiako uharte batzuetan glaziologiako kurtso batean. Gero, Nepalera joan ziren biak, eskalatzera. Miles Punta Arenasera joan zen, eta han ezagutu genuen elkar. Oso tipo jatorra iruditu zitzaidan. Gaur egun, Cambridgeko unibertsitatean dabil doktoretza egiten, eta han igaro ditut hilabete pare bat. Asko hitz egin dugu proiektua ondo lotzeko.

Zein lan egingo duzue bertan?

Oso erreferentzia gutxi ditugu: satelite bidezko irudi batzuk eta 1880ko espedizio bateko argazki eta mapa zahar batzuk. Oso leku hezea aurkitzea espero dugu, oso aldaketa handiak izango ditugu eremu oso txikian. Zailtasun handiko tokia izango da. Gainera, izotz eremu ikaragarri handi bat dago han, kilometro koadro askokoa. Glaziarren egoera ikusiko dugu, eta klima aldaketak eragin ditzakeen aldaketak. Logistikarekin izan ditzakegu arazorik handienak; oso urrun dagoenez, arazoren bat izanez gero, geuk atera beharko baititugu babak eltzetik. Gainerakoan, armadarekin edo helikopteroz beharko luke, eta hango baldintzak ez dira onenak izaten. Esplorazioa eta abentura uztartuko ditugu.

Zein mendi eskalatuko dituzue?

Oraindik ez dakigu ziur. Satelite bidez ikusi ditugu zazpi edo zortzi gailur, baina izenik ere ez dute. Ondo etorriko zaigu neurketak egiteko eta kartografia hobetzeko. Gauza bat dugu argi hirurok: lana ondo egin behar dugula, agian berriro ez baikara itzuliko.

Patagonia uste bezain eremu birjina da, ala zibilizazioaren esplotazioa iritsia da?

Patagonia bi zatitan banatuko nuke nik: Patagonia kontinentala eta itsasoko Patagonia. Patagonia Argentinarekin lotzen dugu: Chalten, Torres del Paine —Txilen daude, Argentinako mugan—, Cerro Torre, Fitz Roy... Horiek oso ezagunak dira. Aldiz, oso ezezagunak dira mendebaldeko Tierra de Fuego edo Txileko uharte hezeetan dagoen beste Patagonia hori. Gaur egun, espedizio gehienak toki horietan ari dira barneratzen. Han lan egitea askoz ere zailagoa da, baina jendeak eremu berriak ezagutu nahi ditu. Altxor asko dago oraindik munduan.

Han asko nabari al dira klima aldaketaren ondorioak?

Bai, noski. Esaterako, tesian, Marinelli glaziarra neurtzen ari naiz. Txilen atzeratze prozesu handiena jasan duena da. 1960ko hamarkadatik gaur egunera arte, 15 kilometroko atzerakada izan du. Egia da ez direla Pirinioetan ditugun glaziarrak. Han itsasoa sartzen da, eta horrek azkartu egiten du atzerakada. Antartikan, antzeko prozesu batzuk gertatzen ari dira. Nik, hala ere, nahiago dut klima aldakorra deitu, klima aldaketa baino.

Nolatan duzu glaziarrekiko horrelako erakarmena?

Baliteke umetatik Pirinioetan asko ibili naizelako izatea. Mendi asko igo ditut, baita glaziar horiek igaro ere. Etxetik gertu ere, Aralarren glaziar bat izan zela ezagutu dut. Esatea oso zaila den arren, nahiko argi ikusten da bertan glaziar bat izan genuela. Orain dela urte asko izan zen, lau edo bost kilometroko miniglaziar bat izango zen.

Zein da zure bizimodua?

Gabonak arte, Cambridgen egon naiz. Martxoan berriro banoanez, bertan gelditu naiz. Espedizioren ostean, tesia aurkeztuko dut; orain ari naiz amaitzen. Eta gero, bada ez dakit, agian doktoretza bat… Pentsatzen dut bide berriak jorratu beharko ditudala.

Gaur egun, abentura espedizioak baztertuta daudela iruditzen al zaizu?

Baztertuta baino gehiago, mediatikoki ez dira errazak. Badakigu zerk saltzen duen, denek jakin nahi dutena zera da: ea nor izango den Nanga Parbat neguan igotzen lehena, inork ez duelako igo. Zortzimilakoen gaiak jada ez du asko saltzen, eta pozten naiz. Jendeak jarduera berriak nahi ditu, adibidez, Iñurrategi, Zabaltzak eta Vallejok egiten dituztenen antzekoak. Niretzat inspirazio iturri dira. Baliteke jendeak pentsatzea dena ezagutzen dugula, eta ez da egia.

Zer esan nahi du National Geographic erakunde ospetsuak zure proiektua aukeratzeak?

Oraindik ez dut barneratu ondo. Abuztuan, esan zidatenean, kristorena izan zen. Denborarekin lasaitu egin zen gaia, baina, Mendifilmen izan duen oihartzuna ikusita, zerbait handia dela konturatu naiz. Dirua baino gehiago —azkenean, aurrekontuaren %25 besterik ez da—, erakunde moduan duen izenak ematen duen babesa eskertzen dut gehiago. Edozein lekutara joan eta National Geographicen laguntza dugula esaten dugunean, beste begi batzuekin begiratzen digute.

Zein izango da espedizioaren aurrekontua?

Hasierako aurrekontutik igoera izan du, baimenekin traba batzuk izan ditugulako. Gure asmoa 11.000 euro inguruan ibiltzea zen, baina, azkenean, 14.500 inguru izango dira. Kayaka erabiltzeko itsasontzi baten babesa behar genuen, eta aurrekontua asko garestituko zuen. Azkenean, bertako lagun batzuekin moldatu gara, eta moduz atera zaigu. Benetan eskertzekoa da National Geographicek eta Azpeitiko Udalak emandako diru laguntza. Aurrekontuaren %70 jada osatu dugu. Gainerakoa falta da. Zerbaitetan lagundu nahi duenak gurekin harremanetan jarri besterik ez du.

Zergatik uste duzu aukeratu dutela zuen proiektua?

Beren balioekin oso lotua dagoelako. Gauza asko lotzen dituen proiektua da: toki ezezagun bat, geografia egingo dugu, kartografia, mendi berrien azterketa... Lan handiena etxera itzultzean izango dugu, grabatutako guztia aurkeztu eta istorio bat sortu beharko dugulako.

Zer da zuretzat Patagonia?

Buff ! Asko markatu nauen eremu bat da. Kulturalki ikaragarria da, ikusi besterik ez dago inoizko esploratzaile onenak, behin ezagutu zutenean, denak hara joaten hasi zirela. Mendizale askok, Himalaya ere albo batera utzi zuten. Tokia zoragarria da. Itsas mailatikmendi elurtuak hain gertu ikustea oso basatia da, fauna ere oso basatia da… Baliabideak izanez gero, ezagutu beharreko lekua da. Eta, gainera, leku turistikoetatik aldenduz gero, are hobeto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.