Igone Campos. Mendiko eskiatzailea

«Arantza txiki bat gelditu zait»

U. UGARTEMENDIA.
Unai Ugartemendia.
Arinsal
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Estreinako parte hartzea izan du Igone Camposek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1991) munduko txapelketetan. Ikasgai handia izan da.

Nolako esperientzia izan da?

Oso esperientzia sakona izan da. Lehen helburua asko ikastea zen. Oraindik ez dakit egunen batean aukerarik izango dudan Munduko Kopan edo Europako txapelketaren batean aritzeko, baina haietarako burua kontrolatzen eta nerbioei aurre egiten ikasi nahi nuen. Ikasgai handia izan da.

Nerbioak aipatu dituzu. Lehen eguneko esprintetan kalte egin zizuten.

Kristorena izan zen! Dena aurka izan nuen: nerbioak eta burua. Oso-oso urduri jarri nintzen lasterketaren aurretik. Banakako diziplina bat da esprintena, eta dena zalantzan jartzen nuen: zein erritmo eraman, aldaketak... Esperientzia falta izugarria nabaritu nuen. Espainian, lehen fasea pasatzeko ez da arazorik izaten, baina hau oso ezberdina izan da.

Munduko txapelketa hauek guztiz bestelakoak dira?

Bai. Hemen ezin duzu akats txiki bat ere egin. Lehen hutsegitean kalean zaude. Jendea izugarri ondo prestatuta dago.

Beste proba, igoera bertikala, beste kontu bat izan zen.

Bai, askoz ere lasaiago nengoen aurretik. Nire diziplina gustukoena da, eta askoz ere esperientzia gehiago daukat. Ibilbidea ere ezagutzen nuen, eta beste gorputzaldi batekin irten nintzen. Lehen hamabostetan sailkatzea zen asmoa, eta bete nuen helburua.

Asebete al zaitu emaitzak?

Jende askok zoriondu nau, baina ez nago guztiz pozik. Lasterketa amaitzean pozik nengoen emaitzarekin, baina bi egun izan ditut hausnartzeko, eta orain konturatu naiz ez nauela asko bete. Hamargarren postua zazpi segundora izan nuen, bai, baina iruditzen zait denboraldiaren beste zatiren batean, Sierra Nevadan (Andaluzia, Espainia) jokatu zen Espainiako Kopan esaterako, indartsuago nengoela. Gehiagorako gogoarekin gelditu naiz.

Datorren urtean Europako txapelketak izango dira...

Etorkizunean lehian jarraitzeko asmoa daukat, baina aurtengo denboraldia amaitutzat eman dut. Suhiltzaileetarako oposizioetan ari naiz buru-belarri, eta probak amaitzean korrikako denboraldiarekin hasiko naiz.

Zer ikasi duzu txapelketotan?

Kirol honetan jarraitu, hazi, ikasi, hobetu, eta espezializatu egin nahi dudala. Hurrengo bi urteetan gogor lan egin nahi dut; nire gaitasunen mugak zein diren ikusi nahi dut. Nire burua bertikalen diziplinan ikusten dut, eta oraindik gehiago eman dezakedala iruditzen zait. Esprintetan ere asko hobetu dezakedala iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.