Mendia. Pirinioak. Jesus Aiestaran eta Julio Villar. Mendizaleak

«Apurtzaileak izan ginen»

Vignemale mendiko Gaube korridorea eskalatu zutela 50 urte bete dira. Euskal Herrian mendizaletasuna ulertzeko modua irauli zuen belaunaldiko kideak izan ziren. Garai hura gaurkotu dute Villarrek eta Aiestaranek.

Jesus Aiestaran eta Julio Villar, Donostiako Nautikoan ateratako argazkian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Lambretta motor zahar batean iritsi ziren Cauteretsera Jesus Aiestaran Suso eta Juan Laredo, 1962ko maiatza azkenetan zela. Julio Villar eta Alfonso Alonso egun batzuk lehenago trenean abiatu ziren Donostiatik. Cauteretsen elkartzekotan geratu ziren lau lagunak. Asmo handiak zituzten esku artean. Pirinioetako izotz bide preziatuena eskalatu nahi zuten: Gaubeko korridorea.

Garai hartako Pirinioetako biderik mitikoenetako bat zen Gaube. Frantziako mendizale talde batek 1889ko abuztuan eskalatu zuen. Lehenengo igoera hura lorpen harrigarria izan zen, eskalaezina zirudiena eskalatu zitekeela erakutsi zutelako Henri Brullek, Jean Bazillacek, Roger de Montsek, Celestin Passetek eta Francois Bernat-Sallesek. Euskal mendizaletasuna halako jarduerak egitetik urrun zegoen oraindik. 75 urte geroago eskalatu zuten Villarrek eta Aiestaranek Gaube, 1962ko ekainean. Juan Ignacio Lorentek eta Angel Vallejo Rosenek urte hartako abuztuan igo zuten. Frantziako mendizaleak Himalaiara begira jarriak zeuden ordurako; euskal mendizaleentzat Pirinioak eta Alpeak ziren Himalaia.

Duela mende erdikoak gaurkotzeko elkartu dira Villar (Donostia, 1941) eta Aiestaran (Donostia, 1936). Elkar besarkatu dute, eta Aiestaranek ekarritako argazki-liburu zaharrari begira jarri dira. «Ameslari batzuk ginen», bota du Villarrek, Europako Mendietako Veronica txabolan ateratako argazki zaharra seinalatuz. 1963ko urrian ateratako irudian Laredo, Rosen eta Villar bera ageri dira. Mendia ulertzeko modua irauli zuen belaunaldiko kideak izan ziren guztiak. Ameslariak, erromantikoak.

Pirinioak, Alpeetarako eskola

Pont d'Espagnetik abiatu eta Gaube ibarrean sartu-irtena egin duena ez du hotz uzten Vignemale mendigunearen ikusmirak: 900 metroko ipar horma tente eta dotorea Pirinioetako irudirik ezagunenetako bat da. Ipar horma horretako zirrikitu eta hormetan idatzi dira Pirinioetako pasarte nagusietako batzuk.

Gaubeko korridoreak Vignemaleko Pique Longue gailur nagusia eta Piton Carre banatzen ditu. Egun ere itzal handiko bidea da, baina 1962an lorpen garrantzitsua zen hura eskalatzea. «Gure aurretik izan ziren eskalatzaileak Euskal Herrian, baina ordura arteko mendizaletasunarekin hautsi nahian hainbat talde hasi ginen 50eko eta 60ko urteetan. Gasteizen Angel Rosen eta konpainia zeuden; Bilbon, Jose Mari Regil, Angel Landa, Pedro Udaondo eta haien kuadrilla; gu geu Donostian, eta Iruñean, feliutarrak eta Vidaurreta. Beste ezaugarri batzuetako mendizaletasuna behar genuen, eta haize berria ekarri genuen», oroitu du Aiestaranek.

Alpeak dira alpinismoaren sehaska, eta alpinisten iturri emankorretik edan zuen belaunaldi hark. «Walter Bonattik eta Lionel Terrayk egindako eskaladen berri bagenuen, eta guk geuk bide hori hartu nahi genuen. Neurri batean, aitzindariak izan ginen Euskal Herrian; ordura arte hemen egiten zenarekin hautsi genuelako. Mendira joateak osagai erromantiko eta poetikoak zituen, egun erabat galdu diren osagaiak. Bizitzeko jarrera bat zela iruditzen zitzaigun», gogoratu du Villarrek.

Kontua ez zen mendira igotzea. Mendira nondik eta nola igo zen garrantzitsua. «Guk ez genuen Mont Blanc bide normaletik igo nahi; Dru orratza eskalatu nahi genuen, edo Italiako isurialdetik igo. Horretarako, ordea, Pirinioetan hartu behar genuen eskarmentua, eta Alpeetara begira jarri aurretik egin beharreko urratsa zen Gaube eskalatzea». Pirinioa zuten mendi eskola, eta Gaubera joan aurretik eskalatu zituzten Balaitouseko Deabruaren ertza, Perdido mendiaren iparra edo Astazouetako Swan korridorea. «Baina Gaubek beste osagai batzuk zituen, beste tentsio une batzuk: Pirinioetako izotz bidea zen», dio Aiestaranek.

Gauberen atzetik iritsi ziren Cilindroko ipar-ekialdea edo Midi d'Ossau mendiko Jean Sante bidea. Eta, noski, Alpeetara joateko aukera. Urte biziak izan zituzten. «Jose Mari Regilekin Dru eskalatu nuenekoaz akordatzen naiz, 20 urterekin. Urriellu edo Naranjoko mendebaldea ere Regilekin eskalatu nuen, 1963ko udazkenean. Urte haietan egin nituen nire eskalada garrantzitsuenak, baina Gaubekoak badu osagai berezi bat», oroitu du Villarrek.

Ordukoak eta gaurkoak antzik ez

Egungo eta orduko mendizaletasuna alderatzeko bidea jarri dute Aiestaranek eta Villarrek. «Zerikusirik ez dute. Gaur ere badira jarduera interesgarriak egin eta horiek gertukoekin partekatzen dituzten mendizale anonimoak. Alpinismoa gauza intimoa da, norberarena; zoriontasuna ez duzu lortzen ingurukoek txalotzen zaituztelako edo egunkarietan agertzen zarelako. Gaur egun beste bide bat hartu dute askok, eta ez dira mendira gu joaten ginen arrazoiengatik joaten».

Materialaren bilakaera handia izan da. «Pentsa, kalamuzko sokarekin eta burdinazko mosketoiekin eskalatzen genuen, eta jantziak ere halamoduzkoak ziren: soldaduskan erabilitako galtza neraman nik Gauben, eta garai hartan hondartzan futbolean jokatzeko erabiltzen genituen galtzerdiak», dio Aiestaranek.

Bilakaera eta aldaketa horiek tarteko, jardueren zailtasunak ere desberdinak dira. «Egun muturreko eskaladak egiten dira. Gure garaian pentsaezinak ziren hormak eskalatzen dira, eta 8. eta 9. graduko bideak. Gure garaian 6. maila zen zailtasun gorena. Noski, garaian garaikoa...». Eta garai hartan sokaldi indartsua osatzen zuten Villarrek eta Aiestaranek: «Gure sokaldiak bazuen ezaugarri bat: konfiantza. Nik banekien Juliok egiten zuen horretan pasioa eta maitasuna jartzen zuela. Hark ere bazekien nik pasio eta konpromiso osoa nuela egiten genuenarekin. Konfiantza hori bagenuen».

Konfiantza izatea, ordea, ez da aski izaten. Erorikoak eta istripuak izan zituzten mendian. «Gogoan dut Europako Mendietako Peña Vieja eskalatzen ari ginela Juliok izan zuen 20 metroko erorikoa. Gelditzea lortu nuen, baina atzetik zetozen adiskideek ikusi zuten, eta halako beldur aurpegia geratu zitzaien», bota du Aiestaranek. «Arriskatzen ginela egia da, eta batzuetan ez genuen zuhur jokatzen, baina oraindik bizirik gaude eta zerbait ongi egingo genuela adierazten du horrek, ezta?», erantzun du Villarrek.

Villar, bizitzaren nomada

Alpeak ziren belaunaldi haren jomuga, eta Alpeetan eten zen Villarren mendi ibilia. Mont Blanceko Peuterey ertzean hanka hautsi zuen, 1966an. «Chamonixen urte haietan zegoen bizitza bohemioa gustatzen zitzaidan, eta nik ez nuen Donostiara itzuli, lanean hasi eta bizitza egonkortu nahi». Menditik itsasorako urratsa egin zuen, eta bost urteko itsas bidaian munduari bira eman zion, Mistral belaontzian: «Ez nekien ezer itsasoaz eta nabigazioaz, baina ez zitzaidan aldaketa handia iruditu. Mendian uneoro genbiltzan arazoei irtenbideak bilatu nahian, eta itsasoan ere egoera berbera zen: nola konpondu eguneroko arazoak? Mendizale arimarekin itsasoratu nintzen».

Suso Aiestaranek Villarren izaerari erreparatu dio: «Julio beti izan da apurtzailea. Gaztetan mendian izan zen, gerora itsasontzia hartu eta munduari bira eman zionean, eta gaur egun ere inor gutxik egiten duena egiten du: inor ez doan lekuetara joaten da ibiltzera». Soriako eta Gaztelako artzain bideetatik ibili da orain gutxi, eta Lleidako pirinioaurrean ere bai. Mendi gidari aritzen da oraindik ere, eta harekin doazen mendizaleek jakin badakite ezohiko gidari batekin doazela mendira. «Gaur egun edozein lekutako mapa, gida eta liburu zehatzak daude, eta etxetik irten baino lehenago ezagutzen duzu zoazen leku hori. Nik nahiago dut lekuak nire begiekin eta bizipenekin ezagutu». Hitz batean, abentura.

Munduaren bira bukatu eta mendira itzuli zen Villar. Everestera joandako Tximist espedizioan hartu zuen parte, Indiara eta Afganistanera bidaiatu zuen, eta Tarragonan masia batean jarri zen bizitzen. «Beti saiatu izan naiz berrasmatzen. Zerbait egiteko, gustatu egin behar zait aurrena, jateko eta bizitzeko dirurik emango didan kontuan hartu gabe. Inoiz ez dut hori izan erabaki bat hartzeko arrazoi; zerbait ez bazait gustatzen, ez dut egin, nahiz eta etekin ekonomikoa eman ziezadakeen. Gutxirekin konformatzen jakin behar da, baina ez edozerekin», egin du gogoeta Villarrek. Ez zuten urte luzez jarraitu elkarrekin. Villar munduan barrena zebilen bitartean, Aiestaran Alemaniara joan zen bizitzera, zortzi urtez.

Baina iragana ez ezik, oraina ere badute. «Eskalada interesgarriak egindakoak gara, baina ezin gara iraganetik bizi. Nik orain egiten dudana mendizaletasun apala da, bidaia bat. Urtean ehun bat egunez ibiltzen naiz mendian; nomada bat naiz. Aterpetxeak eta nekazaritza etxeak saihesten ditut eta izarren azpian lo egiten jarraitzen dut: kalean, ermitaren batean, harri baten azpian. Erosotik ez du ezer, baina satisfaziotik, asko. Erosotasunaren gizartea saldu digute, baina pixka bat atzera begira jarriko bagina, munduak ez luke kalterik izango. Ikustea besterik ez dago, nora goazen...», hausnartu du Villarrek.

Mende erditik gora da Pirinioetara lehenengoz joan zirela. Lilurari eusten diotela ageriko uzten du Villarrek: «Joaten naizen bakoitzean zerbait berria topatzen dut. Pirinioa erreferentzia bat izan da, eta oraindik ere bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.