Futbolean hasi, mendiko eskian ibili ondoren, eta oraingoz mendi lasterketetan ari da Iban Letamendi (Oñati, Gipuzkoa, 1978). Hiru kirol horietako selekzioetan aritu da, gainera. Kirolari aparta behar du horretarako, eta Iban Letamendibada. Aurreko asteburuan garaipena lortu zuen Sorian (Espainia).
Noiz hasi zinen kirola egiten?
Bizi naizen tokia ezagututa, erraza da jakiten. 18 edo 19 urte eduki arte kalera oso gutxitan joaten ginen. Etxe ondoan beti izaten genuen zertan ibili: bizikletan, futbolean, saskibaloian... Eskola kirolean hasi nintzen, eta futbola nuen gustuko. Aurrena, herriko taldean, Aloña Mendin, jokatu nuen; gero, Eibarren.
Eibarren jokatutakoa zara?
Gazte mailan haiekin batera hasi nintzen entrenatzen, eta, han nenbilela, bigarren taldean jokatzeko gonbita jaso nuen. Jagoba Arrasate izan nuen taldekide.
Euskal selekziora iritsi zinen gazte mailan.
Debutatzeko aukerarik ez nuen izan. Entrenamendu saio batzuk egin nituen, baina ez nuen jokatu.
Futbola zuk utzi zenuen, ala futbolak utzi zintuen zu?
Uf, galdera ona! Eboluzio bat izan zen. Gauza askok bat egin zuten: ez nituen ikasketak utzi nahi, eta astean lau egunetan 06:45ean etxetik irten eta 23:00etan bueltatzen nintzen. Asteburuetan partidak, kuadrillakoak ere gutxi ikusten nituen... Horrek asko nekatu ninduen. Egun batean zera galdetzen hasi nintzen neure buruari: «Futbola? Betetzen nauten mila gauza gehiago ditut eta!». Eibarren jokatzen hasi, eta futbola erabat utzi nuen azkenean. Asko kostatu zitzaidan, eta negar asko ere egin nuen.
Zer egiten hasi zinen orduan?
Bizikletan ibiltzen eta korrika hasi nintzen. Anaiak orduan eskiatu egiten zuen, eta, herrian mendi taldea bagenuenez, haiekin Pirinioetara joaten hasi nintzen. Jende asko ibiltzen ginen, tartean Andoni Areizaga, Aitor Murua, Aitor Otxoa, anaia... Asko irakatsi zidaten, eta lehiaketetan ere murgildu ninduten. Maila polita lortu nuen. Gero etorri zen euskal selekzioan aritzeko aukera, Aitor Muruaren eskutik.
Zer oroitzapen dituzu mendiko eskian ibilitako urte haietaz?
Oso-oso onak. Orduan ez nuen inolako loturarik. Lana bakarrik neukan, eta opor guztiak bidaiatzeko, mendian ibiltzeko eta lehiatzeko baliatzen nituen. Argentinan, Txilen, Pirinioetan eta Alpeetan ibili nintzen. Asteburu oro kanpoan izaten nintzen.
Aldaketa handia nabaritu al zenuen taldeko kirol batetik bakarkako kirol batera?
Abantaila asko ikusten ditut bakarkako kiroletan, ordutegiei dagokienez batez ere: zeure kasa antolatzen zara, ez duzu inoren zain egon beharrik... Gerora, bikotekidea daukadanez, gauza gehiago uztartu behar izan ditut. Gaur egun, nire egoeran, nahiago dut bakarkako kirola, taldekakoa baino. Hala ere, taldekako kirolak gauza on asko utzi dizkit: jende asko ezagutu dut, lagun asko egin ditut, eta, gainera, bakoitzaren gabeziak gutxiago nabaritzen dira [barreak].
Zergatik utzi zenuen mendiko eskia?
Argi eta garbi esan behar badut, ezin nituelako uztartu aldi berean lana, kirola eta bikotekidea. Denbora asko behar izaten da asteburuetan Pirinioetara joateko. Etxean nuena baloratzen hasita, ez zuen merezi. Gauza gehienekin berdin egin dut: hasi eta bukatu.
Gogoan al duzu mendira korrika joan zinen lehen aldia?
Bai. Futbolean jokatzen nuen garaian izan zen. Txakurrarekin askotan joaten nintzen partida bezperan. Etxetik irten, Aloñako itzulia egin, meategietara igo, berriro ere Aloñara, eta etxera. 20 edo 22 kilometro izaten ziren, eta 1.500 metroko desnibel positiboa. Eta hurrengo egunean, partidara.
Nork esan zizun mendian korrika egiteko balio zenuela?
Nire kontua izan zen. 2012ko udan bikotekidea eta biok Austriara joan ginen. Leku ikaragarria zen, mendiz inguratuta. Goizetan korrika egitera joaten nintzen mendira. Oso gustura sentitzen nintzen. Handik bueltan, Interneten begiratu, eta irailean lasterketa batzuk egin nituen. Ordurako, eski garaian, Aloñako igoera pare bat aldiz egina nuen, baina prestatu gabe. Lehen lasterketa Lezaman egin nuen.
Zer gogoratzen duzu lasterketa hartaz?
Oier Ariznabarreta, Unai Etxarri, eta Fernando Etxegarai izan zirela lehen postuetan, eta ni laugarren sartu nintzela. Asko gozatu nuen, eta zera pentsatu: «Ez zait, ba, batere gaizki joan!». Irail hartan hiru edo lau lasterketa egin nituen. Haietako batean, Atxondon, Oierrek irabazi zuen, eta ni oso gertu iritsi nintzen. Jada konturatu nintzen ondo ibil nintekeela. Hurrengo urtean ondo prestatzea eta mendira gehiago joatea pentsatu nuen. Orduan ezagutu nuen Aritz Egea. Asko lagundu zidan, eta berak gomendatu zidan lasterketa gehiagotan parte hartzea. Euskal selekzioan zegoen, eta berarekin entrenatzen hasi nintzen. Asko hobetu nuen, beti ito beharrean eramaten ninduelako [barreak]!
Ordurako lasterketa bat ere irabazia zenuen.
Bai. Hurrengo urteko lehen lasterketa izan zen, Larraulen. Tartean ziren Endika Gartzia, Abderrahin El Qayed... Hassan Ait Xau lesionatuta zegoen, eta ez zuen parte hartzeko aukerarik izan.
Zer ekarri zizun lehen garaipen hark?
Bigarren txip aldaketa bat izan zen niretzat. Urte hartan lasterketa batzuk planifikatu nituen, eta ondo atera zitzaizkidan.
Nola sortu zen euskal selekzioan aritzeko aukera?
Aritz Egearen bidez gaur egungo hautatzailea —Eneko Aliende— ezagutu nuen, eta maiatzaren 1ean Zegama-Aizkorriko ibilbidea egitera joan nintzen euskal selekzioko kideekin. Zegamarako dortsala lortzeko aukera eskaini zidaten. Ordurako postu on batzuk eginak nituen; erregularra izan nintzen. Enekok argi esan zidan Zegaman lehenengo bost euskaldunen artean sartuz gero Espainiako Kopan lehiatzeko aukera izango nuela. Azken txartela lortu nuen, Etxegarairen ondoren. Vilallerreko Espainiako txapelketara eraman ninduten: zortzigarren postua lortu nuen, eta Espainiako taldekako garaipena lortu genuen. Uda hartan Munduko Kopako lasterketa gehiagotan parte hartzeko aukera izan nuen.
Euskal selekzioaren parte zinen orduan.
Bai. Hurrengo urtean, 2014an, Munduko Koparako taldea osatua zegoen. Niri, berriz, Espainiako Kopan lehiatzea eskaini zidan. Azkar batean onartu nuen. Lehenengo bi lasterketak egin eta gero, liderra nintzen. Luis Alberto Hernando, Miguel Caballero, Alfredo Gil eta Dani Tristany zeuden tartean. Aurreko urtetik sekulako aurrerapausoa eman nuen. Jokin Lizeagak entrenatzen ninduen, eta berari esker lortu dut naizena izatea, bestela ezinezkoa izango zen.
Horrek eraman zintuen Zegama-Aizkorrin 4.04ko denbora egitera. Espero al zenuen?
Ez. Ordura arte irabazleek bakarrik egiten zuten denbora hori. Jokinek esaten zidan ondo egingo nuela, baina 4.15 inguruan ibiliko nintzela. Dena ondo atera zen. Oso indartsu amaitu nuen.
Eta, gero, lesioa…
Gauza arraroa izan zen. Zegamaren hurrengo egunean bizikletan ibili nintzen. Asteartean jai egin nuen, eta, asteazkenean, 40 minutuko korrika saioa. Ondo amaitu nuen. Hurrengo egunean, berriz, orpazurda oso hazita nabaritu nuen; ikaragarrizko mina neukan. Ordura arte ez nuen inoiz lesiorik izan. Neure burua asko estutu nuen. Espainiako Kopako probak nituen, orpazurda ez zegoen batere ondo, eta, bizitzan lehen aldiz, oso akituta sentitu nintzen. Lesioa larria zela onartu nuen arte, bizitzako bi asterik okerrenak izan ziren haiek. Bi aste haietan inguruko guztiak nazkatu nituen. Eskerrak, behintzat, lesioak bizikletan ibiltzen uzten zidan, bestela...
Bizitzako bi asterik okerrenak?
Bai, dudarik gabe. Mendiko lasterketa jolas baten antzera hasi zen, baina jada ez zen jolasa. Maila handia lortu nuen, eta egun batetik bestera goian egon ordez lurpean zaude. Oso gogorra da.
Dena amaitu zela pentsatzera ere iritsi al zinen?
Bai. Lesioa aurrera zihoan, eta ez nuen aurrerapenik ikusten. Ezin nuen korrika egin. Saiatu ere ez nintzen egiten. Argi nuen ez nuela behartuko. Txipa aldatu, eta denbora hartzea erabaki nuen. Hala ere, denbora aurrera zihoan neurrian zalantzan jarri nuen ea berriro ere itzuliko nintzen.
Zer eman dizu kirolak?
Gaur egun dudan izaera izatea, ni naizena izatea. Bakarkako kirol bat egiten dudan arren, taldea ondo egotea gustatzen zait. Futbolean ikasi nuen, eta asko baloratzen dut hori. Bestalde, lagun asko egiteko aukera eman dit, bidaiatzeko aukera, eta zerbait lortu nahi denean gauzak ahaleginduta lortzen direla pentsatzea.
Zer da euskal selekzioa Iban Letamendirentzat?
Aparteko kirolariek osatzen duten lagun talde bat.
Iban Letamendi. Mendiko korrikalaria
«Aparteko kirolarien lagun taldea da selekzioa»
Ez daramatza urte asko mendiko lasterketetan, baina kirol horren gaziak eta gozoak dastatu ditu. Azken bi urteetako lesioak atzean utzita, goi mailara itzuli nahi du. Zegama-Aizkorrin ondo aritzea eta Munduko Kopan lehiatzea ditu helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu