Lortu dugu, lortu dugu!». Hercules badiara iritsi dira Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza. Borobildu dute itsasotik itsasora eta hego polotik pasata Antartika zeharkatzeko erronka. Errusiarren Novolazarevskaia basetik irten eta 55 egunera heldu ziren atzo Hercules badiako helmugara, aurreikusi zuten baino hamabost egun lehenago. Pozik baina nekatuta, arrastoa utzi baitie 3.400 kilometroko zeharkaldiak. Aurrez beste zortzi lagunek gurutzatu dute itsasotik itsasora eta autonomia osoan Antartika; Iñurrategi, Zabalza eta Vallejoren izenak gehitu zaizkio orain zerrendari.
Iritsi mendizaleen gisan iritsi ziren Herculesera: kranpoiak jantzita. Himalayako bertikaltasunarekin antzekotasunik ez du Antartikako basamortu izoztuak, baina ez zuten beste modurik izan. Zorua lur-eremu traketsa izan dute zeharkaldiak iraun duen ia bi hilabeteetan eta atzokoa ez zen salbuespena izan: izotzean gora eta behera ibiltzea egokitu zitzaien. Antartikan 14:00 zirela heldu ziren Hercules badiara, Euskal Herrian 15:00 zirela. Hegazkin txiki batek eramango ditu Union Glaciarrera —hori da Antartikako sarbideetako bat—, eta han beste hegaldi bat hartuko dute Punta Arenasera (Txile). Euskal Herrirako bidaia samurragoa izango dute handik aurrera.
Antartikan muturrekoak dira baldintzak eta azken egunak ere erraztasunik ez zien eman hiru espediziokideei. Hercules badiara iristeko 69 kilometro falta zituzten. Ongi bidean, bost orduko saioa aurreikusi zuten. Eguraldi iragarpenek aldeko haizea iragarri zieten gainera. Baina mendian gertatzen den bezala, Antartikan ere loteria izaten da eguraldia, eta ez zuten jardunaldi gozoa izan. «Goizaldeko bostetan atera gara azkar egingo genuelakoan falta zitzaigun bidea, baina goizean haizeak behera egin du, eta geratu egin behar izan dugu. Azken kilometroak oinez egin ditugu», zehaztu zuten espediziokideek.
Gogorra, lehen egunetik
Ia bi hilabeteko abentura izan dute Transantartika 2011 Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak, eta Hercules badiara iritsi eta atzera begira jarrita, hitz bat nabarmendu zuten: gogortasuna. «Lehen egunetik azkena bitartean baldintza txarretan aurkitu dugu elurra. Hego polora iritsi ginen egunean gozatu genuen gehien; gainerakoan kometak ez dira uste genuen bezain lagungarriak izan», esan zuen Vallejok.
Eskiak jantzita edo oinez, eta 100 kilo pasatxoko leratik tiraka, abenduaren 29an iritsi ziren hego polora. Haizea lagun, ziztu batean atzo Hercules badiara. Bidean orban bakarra: Maud Erreginaren Lurraldean eskalatu ez izana.
Antartika zeharkatu dute
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza iritsi dira Hercules badiara, eta bukatu dute Antartika gurutzatzeko erronka; 3.400 kilometro osatu dituzte, 55 egunean eta autonomia osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu