Angel Vallejo Rosen hil da

Tximist espedizioko eta 1980ko Everesteko espedizioko kidea eta katebegi ezinbestekoa izan zen. 1960ko eta 1970 hamarkadetan eskalada handiak egin zituen Naranjon, Pirinioetan eta Alpeetan, eta 1967ko Andeetako espedizio historikoko kide ere izan zen.

 Angel Vallejo Rosen.
Angel Vallejo Rosen, Tximist espedizioan. ANGEL LERMA / TXIMIST ESPEDIZIOA
ramon olasagasti
2024ko ekainaren 11
10:00
Entzun

Historiko bat joan da, Angel Vallejo Rosen (Biarritz, 1942 – Gasteiz, 2024). 1974ko Tximist espedizioko eta 1980ko Everesteko euskal espedizioko zutabe sendoenetako bat izan zen, katebegi ezinbestekoa eta garai hartako eskalatzaile onenetakoa. Everesteko bi espedizio haietan gailurra igurtzi zuen Rosenek: 1974ko Tximist espedizioan, Felipe Uriarte eta biak ezin izan ziren igo 8.530 metrotan kokatutako kanpalekutik gora, haize bortitzaren ondorioz, eta 1980ko espedizioan ere altuera bertsuan eman zuten buelta Ricardo Gallardok eta biek. Rosenek honela idatzi zuen bere egunerokoan, 1980ko hartan: «Ricardorekin jaistea erabaki dudanean, lasaitu handia hartu dut. Jada ez dut Everest gailurra joko, badakit hauxe dela nire azken aukera urte askoan hainbeste indarrez sentitu dudan asmo honetan, baina, era berean, ziur nago hauxe dela erabaki zuzena. Bizitzara itzultzea da». Beherakoan, Hego Lepora bidean, arrakala batean erori eta eskapada handi samarra egin zuen Rosenek, baina onik atera zen. Eta handik egun batzuetara, 1980ko maiatzaren 14an, Martin Zabaletak eta Pasang Tembak gailurra jo zuten.

Pirinioetara edo Europako mendietara joatea bera berebiziko abentura zen garaikoa zen Rosen. Hala azaldu zion BERRIAri apirilaren amaieran, Tximist espedizioari buruz eginiko elkarrizketan: «Gasteiztik Pirinioetara iristeko, autobusez joaten ginen Iruñera, han fonda batean lo egin, eta hurrengo goizean beste autobus batek Sabiñanigon uzten gintuen, eta handik beste garraiobide bat bilatu behar genuen mendira iristeko. Egun eta erdi behar genuen Pirinioetara heltzeko». Baina horrek bazuen bere alde ona ere, mendietako bakardadea: «Urte batean, hamar egun egon ginen Vignemaleko mendigunean, uztailean, bakar-bakarrik. Pique Longueren iparrean egiten genuen lo, artean ez zegoen aterperik, eta ez genuen inor ikusi. Inor ez. 1963ko udazkenean, Julio Villarrek eta biok hamabostaldi bat egin genuen Europako Mendietan eskalatzen, Cabaña Veronican lo eginez, eta bi pertsona baino ez genituen ikusi», azaldu zuen.

Jose Mari Regil eta Angel Vallejo Rosen, Naranjo gailurrean, mendebaldeko aurpegiaren bigarren eskalada egin ondoren
Jose Mari Regil eta Angel Vallejo Rosen, Naranjo gailurrean, 1963ko urriaren 15ean, mendebaldeko aurpegiaren bigarren eskalada egin ondoren. JOSE MARI REGIL

1963ko egonaldi hartan, Rosenek, Julio Villarrek eta Jose Mari Regilek Urriellu Haitzeko edo Naranjo de Bulneseko mendebaldeko aurpegiaren bigarren eskalada egin zuten, Rabada eta Navarrok lehena lortu eta urtebetera, Rabada-Navarro bide beretik. Urte berean, Marboreko Dorrea eskalatu zuten Luis Mari Saenz de Olazagoitiak eta biek neguan. Hurrengo urtean, 1964an, Ordesan, Tozal de Malloko neguko lehen igoera egin zuten Rosenek, Villarrek, Juan Ignacio Lorentek eta Jose Ignacio Lafuentek. Pirinioetako eta Europako mendietako zailtasuneko eskaladan aitzindariak eta bide urratzaileak izan ziren belaunaldi hartako kideak.

Alpeetan ere handiak egin zituen Rosenek. 1966ko neguan, Grand Capucin de Taculeko ekialdeko aurpegian egin zuen saioa, Angel Landa eta Julio Villar lagun zituela. Bonnatik zabaldutako aurpegi hari buruz, «granitoan dagoen eskaladarik zailena» zela esan zuen Hermann Buhlek. Atera kontuak zer izango zen 1966an horma hura neguan eskalatzea. Denboraleak harrapatu zituen gorakoan, eta bibak egin behar izan zuten horman. Beherakoan, honela idatzi zuen Villarrek: «Ia arnasarik hartu gabe, mugitzeko tokirik gabe, borrokan ari gara, hormak kanpora bota ez gaintzan, estribuen gainean oreka ezinezkoak eginez. Mugimendu zakar samar bat, eta airetan aterako ginateke denok». Onik iritsi ziren glaziarrera, baina ilunbistan, arrakala ugarien artean erortzeko beldurrez, beste bibak bat egin behar zuten, ia -40 graduko tenperaturan, eta Villarrek izozteak izan zituen hatzetan. Capucineko ekaitzetik egun batzuetara, Rosenek eta Landak Gervasutti korridorea eskalatu zuten Mont Blanc de Taculen.

Angel Vallejo Rosen eta Julio Villar Capucine de Taculeko neguko saiakeratik bueltan
Angel Vallejo Rosen eta Julio Villar Capucine de Taculeko neguko saiakeratik bueltan. ANGEL VALLEJO ROSEN

1967an egin zuten Andeetako espedizio entzutetsua, Everesteko espedizioen ernamuina. «Hemen hasi zen dena», adierazi zigun Rosenek bere etxeko korridoreko zuri-beltzeko argazki bat erakutsiz. «Talde hauxe izan zen 1974ko Tximist espedizioaren bizkarrezurra: hemen gaude, goiko lerroan, ni neu, Juan Ignacio Lorente, Petxu [Luis Mari] Saenz de Olazagoitia, Pako Lusarreta, eta makurtuta, Rodolfo Kirch, Angel Landa eta Juan Mari Feliu», zerrendatu zituen Rosenek. Peruko Mendilerro Zurian, artean inork igo gabeko hiru bostmilako tekniko igo zituzten. Perutik bueltan, ordea, norbaitek salatu egin zituen ikurrina haizatu zutelako Andeetako tontorretan, eta berealdiko kalapita sortu zen. «Angel Landa lauzpabost egun egon zen Basauriko espetxean; besteok komisariatik Madrilera eraman gintuzten, Ordena Publikoko Auzitegira, eta handik markatuta atera ginen, baina gutxienez ez ginen Carabanchelera joan», ekarri zuen gogora Rosenek.

Tximist espedizioa iritsi bitartean ere mendian jo eta su jarraitu zuen Rosenek. 1969an, esaterako, Grandes Jorasses hormako Walkar ezproia eskalatu zuen Pedro Udaondo, Estanis Rubio, Enrique Torres eta Jose Santos sokalagun zituela.

(ID_17153608518775) Angel Vallejo Rosen
Angel Vallejo Rosen, aurtengo apirilean, 1967ko Andeetako espediziokideen argazkia erakusten. RAMON OLASAGASTI

Gero etorri ziren Everesteko bi espedizioak. Franco bizi zela artean, Everestekoak baino malkar gaiztoagoak gainditu behar izan zituzten abiatu aurrean. Ardi beltzak ziren, Andeetako espedizioaren marka zutenak. «Francoren hiru ministro kontseilutan hitz egin omen zen gure espedizioari buruz, joateko baimena eman, ez eman», oroitu zuen Rosenek.

«Egun bakar bategatik!»

Tximist espedizioan «esperientzia pixka bat falta» izan zutela zioen Rosenek. «Hego Lepotik balkoira igo ginen eguna baliatu izan bagenu gailurrerako, tontorra joko genukeen. Maiatzaren 12a egun bikaina zen, baina orduan ez zen planteatzen Hego Lepotik zuzenean gailurrera igotzea, hori gerora etorri zen. Ezjakintasuna: ez aurreko espedizioei ez guri ez zitzaigun burutik pasa ere egin Hego Lepotik abiatuta saiatzea. Maiatzaren 13an, 2:30 aldera esnatu ginen VI. Kanpalekuan (8.530 m), baina haizeak oso gogor jotzen zuen. Ezin genuen zutik egon ere. Ordu batzuk iraun genuen kanpaleku hartan, baina alferrik izan zen. Egun bakar bategatik!».

1980ko espedizioak burutu zuen Tximist espedizioaren lana. Rosen gailurreko lehen saioko kide izan zen 1980ko espedizioan ere, eta 8.550 metrora heldu zen, sei urte lehenago bezala. «Eguraldia okertzen ari zen. Ricardo Gallardorekin eta biokin ziren bi xerpei galdetu genien nola ikusten zuten gorantz jarraitzeko, baina haiek ‘ezta pentsatu ere!’ erantzun ziguten. Guk ere ez genuen garbi ikusten, eta buelta hartu genuen». Beherakoan, 15 bat metroko arrakala batean erori zen Rosen. «Ricardo laguntza bila joan zen, baina orduak pasatu ziren nire bila iritsi zirenerako. Ordu gogorrak izan ziren: uste nuen Ricardo ere beste arrakalaren batean eroria zela eta nireak egin zuela».

1974ko Tximist espedizioa
1974ko Tximist espedizioko kideak. Beheko lerroan, ezkerretik bigarrena da Rosen. ANGEL LERMA / TXIMIST ESPEDIZIOA

Martin Zabaletak gailurra jo zuenean, 1980ko maiatzaren 14an, kanpaleku nagusian zen Rosen. «Gau osoa egin genuen lo egin gabe, eltzeekin soinua ateratzen, Martin animatzen, gailurretik beherako bibakean, 8.750 metrotan, lo har ez zezan. Larri ibili ziren, baina azkenean lortu zuten jaistea».

2001ean Juan Vallejo semeak Everest gailurra jo zuen mendiaren ipar-ekialdeko ertzetik, oxigenorik gabe, eta, nolabait, ziklo bat itxi zuen. Horri buruz galdetuta, «sekulako poza eta harrotasuna» sentitu zuela adierazi zuen Rosenek, «baita inbidia sanoa ere, baina ez dakit nik inbidia sanorik badagoen», gaineratu zuen hain berea zuen umorez.

Ekainaren 21ean, Tximist espedizioaren oroimenezko ekitaldia izango da Gasteizko Europa biltzar jauregian. «Rosenek han egoteko ilusio handia zuen», adierazi du Txomin Uriartek, 1974ko espedizio hartako beste kideetako batek. Everesteko bi espedizioetako kideak omentzeko eta falta diren guztiak oroitzeko ekitaldia izango da, eta Rosen ere guzti-guztien gogoan izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.